Ikastola

IKASLEAK ADIN HANDIKOAK GOXATZEN ELKAR TRUKEKO PROIEKTUAN

Santa Ana da adin handikoen egoitza Zarautzen. Ikastolako LH-2ko haurrak urtean lautan joaten dira bisitan. Ikasle bakoitzari “aitona ala amona” bat tokatzen zaio goxatzeko, kontu kontari aritzeko. Topaketa aldez aurretik antolatzen da, sentsibilizazioa landuz, baita opariak prestatuz ere. Lortutako harremanari esker, ikasturte bukaeran, zaharren egoitzan bazkari batera gonbidatuak izan dira. Gertutasunak eta goxotasunak bidea egin du.

"MUNDUKO LOREAK" BIDEOKLIPA, JATORRIZKO HERRIXAK PROIEKTUA

Garabide Elkartearen bidez sortu da “Jatorrizko herrixak” proiektu bikaina. Arizmendi Ikastolako 2-6 urte bitarteko ikasle guztiek batera egin dute lan. Ikastolako komunitate osoak hartu du parte; baita beste elkarte batzuk ere, interes komunak adierazita. Bost herrialde izan dira protagonista: katalanak, galiziarrak, maia kaqchilelak, nahuatak eta euskaldunak. Matematika, hizkuntzak, marrazkiak, jolasak, kanta, bideoklipa eta bizipen biziak batu ditu “Jatorrizko herrixak” proiektuak.

BISSCHOPELIJK COLLEGE BROEKHIN ANAITUTA HAMAR URTEZ

Eskola Trukea egitasmoak hamargarren aldia beteko du 2013-2014 ikasturte honetan. Batxilergoko lehen ikasturteko ikasleak dira eskola trukean parte hartzen dutenak; ohi bezala, Roermond herriko ikasleak hona etorriko dira; eta hemengoak hara joango. Helburu nagusietariko bat ingelesean trebatzea bada ere, baditu akademikoak ez diren beste arlo garrantzitsu batzuk lantzea xede, ikasleen garapen pertsonalarekin zerikusi handia dutenak, hala nola, autonomia landu eta beste kultura bat ezagutzea. Eta proiektuaren emaitzak bikainak izan dira denbora honetan guztian.

0-18 URTE BITARTEKO ESKAINTZA 10.318 M2tan

Bergarako Aranzadi ikastola orain dela 42 urte sortu eta berea ez zen Errege Seminarioa eraikin historikoan kokatu zen. Bere 40. urteurrenarekin batera lortu zuen eraikin horren zati handi baten lagapena, UNED Patronatuaren eskutik. Bestalde, urte berean, ondoan zegoen haurtzaindegiarekin batu zen 0-18 urte bitarteko eskaintza ahalbidetuz. Bi solairu osoak bota eta berri-berri eta modernoak eraiki ditu, eta beste bi moldatu. Aurpegia ere garbitu diote ikastolari, fatxada guztiak eta sarrerak ere berritu dituzte. Hori bai alde ederra!

AHALMEN URRITASUNAK DITUZTEN HAURREN ESKOLARATZEA

Gizarte mailan atxikimendu handia du Iparraldeko ikastolen ahaleginak, ahalmen urri duten ikasleak ikastolan integratzean. Hazkunde Nazionalak AVS laguntzaileak ordaintzen dituen arren, behar adinako kopurura ez da iristen eta Hezitzaleak ez ditu ordaintzen. Horiek guztiak Seaskako Integrazio Batzordeak gidatzen eta bereganatzen ditu. 1.217 partikularrak, 56 elkartek, 69 enpresak baino gehiagok sostengatzen dute elkartea ikasturteko beharrei erantzuteko. Aurten handiagoak izango dira, izan ere 38 ikasletik 49ra igoko baita haurren kopurua.

"DBHrako BAIMENAK LORTU NAHI DITU BEASAINen"

Beasainen Hazi, Hezi eta Bizitzeko eskubidea aldarrikatzen. Irailaren 5ean IKASTOLAKIDEOK batzar jendetsuan eta herriaren aurrean aldarrikatu zuten publikoki eskubide hau. Ikasle eta ikasle ohien ahotsa entzun zen. Ikastolaren kantu berria eta DBH: 77 urratsetara dokumentala ere aurkeztu ziren.

KAZAKHASTANETIK ETORRITA

Asia erdian, Kazakhastan herrialdeak hamazazpi milioi biztanle ditu, horietatik bi milio ikasle Almaty-n. Uztailean etorri dira Ikastolen hizkuntz curriculum integratua ezagutzera. Hirugarren hizkuntzaren irakaskuntza goiztiarrarekin nola hasi, eta horrek eman dituen onura linguistikoak ezagutzera. Harrituta itzuli dira euren herrialdera, tamainan Europa bikoizten duen lurraldera. Ikastolen Elkarteak sortutako materialarekin maitemindu dira; eta, bereziki, materialaren integrazioarekin. Harremanetan jarraitu nahi dute ikastolekin, 2015erako euren curriculumean hirugarren hizkuntzaren irakaskuntza txertatu nahi baitute, Kazakh hizkuntzari kalterik egin gabe.

JAIEN AURRETIK EUSKARAZ BLAI, 1513ko BORROKA GOGOAN

Hausnarketa baten ondorioz sortu zen ideia. Nola motibatu ikasleak euskaraz egiten oporretatik bueltan? Nafarroako Erresuma gaiari helduz, Zangozan 1513ko borroka gogoratuz, eta herriko jaiak baino lehen suelto diren lau eskola-egunak antolatuz. Horiek izan ziren erantzunak. Hori baino gehiago izan da ondorioa. Ipuin bat ardatz hartuta, soka luzeak jarraitu dio: historia entzun, mintza-lagunarekin hitz egin, gazteluak eraiki, ingurua bisitatu dute. Balorazioa ezin hobea. Datorren urtean berriz.

EUSKAL JOLASAK EUSKARA SUSTATZEA DUTE HELBURU

Zazpigarren ikasturtea izango da aurtengoa. Ikasleen artean euskararen erabilera gehiago sustatzea izan zen hasierako xedea, HHko 2. zikloan bultzatu zutenean. Gaur LH4ra arte luzatu dute proiektua, ikasleek jolasak gustukoak dituztela ikusita. Jantokiko begiraleak ere inplikatu dira, eta gurasoak zer esanik ez aukera hori ikusita. Saio bereziak antolatu dituzte familiengana iristeko. Santurtzin euskara eta euskal kultura handitzen doa pausuz - pausu, herritarren bihotza piztuz eta poztuz.

HAUR HEZKUNTZARAKO PARADISUA, LA PEÑAN

Nork amestuko zuen 2013rako 610 ikasle izango zituenik? Ameslariek lortu dute Abusu Ikastolaren garapena. Duela 36 urte sortu zen, La Peña auzoko lokal xume batean. 1993an, Buesaren legeari aurre egin, eta ikastola izaerari eutsi zion. Oztopoz jositako urte zailak, oso zailak, bizi izan ditu, baina dagoeneko iritsi da gailurrera eta sendo dago. Ikastola komunitate indartsua du, ikasle eskaera handia, Bilbon eta auzoan ongi kokatua eta ikusia da; eta gainera, eraikin modernoa inauguratu du ikastolako txikienak babesteko. Ametsa ez da birtuala, egiazkoa baizik. Zatoz bisitan, nahi izanez gero.

Orriak

Subscribe to RSS - Ikastola