IKASTOLA 205 > ikastolak > IKASLEAK ADIN HANDIKOAK GOXATZEN ELKAR TRUKEKO PROIEKTUAN

Salbatore Mitxelena Ikastola, Zarautz

IKASLEAK ADIN HANDIKOAK GOXATZEN ELKAR TRUKEKO PROIEKTUAN

Santa Ana da adin handikoen egoitza Zarautzen. Ikastolako LH-2ko haurrak urtean lautan joaten dira bisitan. Ikasle bakoitzari “aitona ala amona” bat tokatzen zaio goxatzeko, kontu kontari aritzeko. Topaketa aldez aurretik antolatzen da, sentsibilizazioa landuz, baita opariak prestatuz ere. Lortutako harremanari esker, ikasturte bukaeran, zaharren egoitzan bazkari batera gonbidatuak izan dira. Gertutasunak eta goxotasunak bidea egin du.

Santa Ana da adin handikoen egoitza Zarautzen. Bertako Maria Vilches sikologari esker gauzatu zen ikastolarekin harremana, duela hiru bat urte, umeak eta xaharrak gerturatzeko asmoarekin ikastolarekin kontaktoan jarri zenean. Urtero jarraitzekotan da proiektua, Santa Anako Jone Iriartek eta Isabel Gonzalezek esan digutenez, eta Miriam Mendoza irakasleak adierazi digunez.
LH-2ko ikasleak joan ziren lehen. Helburua zen sentsibilitatea piztea. Joan aurretik prestatu egin zituzten jakin zezaten nora zijoazten eta zer ikusiko zuten. Ume bakoitzari aiton ala amon bat izendatu zitzaion hari goxatzeko eta hitz egiteko. Galderak prestatu zituzten: “zenbat anaia-arreba zenitun?”; “zer egiten zenun txikia zinanian”, “zertara jolasten zinaten?”, eta opari bana eraman zieten. Hori bai aldea garaia bateko kanikak, txapak eta oraingo makinitak!
Hasieratik erantzuna oso baikorra izan zen. Xaharrak pozik ziren, haiek ere opariak egin nahi zizkioten “biloba berriari”eta esku-lanetako taillerrean jo ta ke aritu ziren. Gabonetan idatzitxoren bat ere jaso zuten. Sorpresa tristeren bat ere bai: aitona ala amona tartean hil baita. Bizitzaren lekzio bat.

Pasa den ikasturtea bazkari batean amaitu zuten gaztetxoak eta ez “hain” gaztetxoak. Zahar egoitzan antolatu zen “bikote” bakoitza elkarren ondoan eserita. Kantu saio batekin hasi ziren, olerkitxoa errezitatu, elkarrekin bazkaldu; eta batzutan txikiren bat  harritu ere egin zen aitonak jateko hortzak kendutakoan. Hori ere, beste lekzio bat.
Ikastola eta Santa Anaren arteko bidea egina dago. Proiektuak urtero aldaketatxoren bat izango du, baina helburua beti bera izango da: adin handikoen nahiz txikien arteko lotura egitea, ilusioa piztea, elkarrengandik gerturatzea, maitasuna eskaintzea, elkarrekin goxatzea, muxuak ematea, eskutik heltzea; eta, bide batez, helduak poztasunez betetzea eta txikiak bizitzaz ikastea.

ikastola 205
2013 Urria
205