IKASTOLA 205 > ikastolak > KAZAKHASTANETIK ETORRITA

Ikastolen Eleanitz proiektua ezagutzera, Ikastolen Etxera

KAZAKHASTANETIK ETORRITA

Asia erdian, Kazakhastan herrialdeak hamazazpi milioi biztanle ditu, horietatik bi milio ikasle Almaty-n. Uztailean etorri dira Ikastolen hizkuntz curriculum integratua ezagutzera. Hirugarren hizkuntzaren irakaskuntza goiztiarrarekin nola hasi, eta horrek eman dituen onura linguistikoak ezagutzera. Harrituta itzuli dira euren herrialdera, tamainan Europa bikoizten duen lurraldera. Ikastolen Elkarteak sortutako materialarekin maitemindu dira; eta, bereziki, materialaren integrazioarekin. Harremanetan jarraitu nahi dute ikastolekin, 2015erako euren curriculumean hirugarren hizkuntzaren irakaskuntza txertatu nahi baitute, Kazakh hizkuntzari kalterik egin gabe.

 

Munduan ibiltzeagatik sortu zen kasualitatea. Ikastolen Elkarteko Phil Ball-ek ezagutu zuen Kazakhasteneko hizlari bat Britaina Handiko kongresu batean. Hizlari harek hirugarren hizkuntzaren irakaskuntzaz bere beldurrak adierazi zituen: ingelesaren goiztiar irakasketak kalte egingo ote zioen kazakh hizkuntza gutxituari. Interes handia adierazi zuen, Ball-ek ikastolen esperientziaz erantzun zionean. Beldurrik ez, onura baizik lau urterekin hasteak; euskarari, eta hizkuntzen irakaskuntzari, onura. Hogeita bi urtetako esperientziak, adierazleak, doktoratu tesiek eta abarrek hala baieztatu baitute.
Hortik aurrera sortu zen harremana eta, ondorioz, Euskal Herrirako bisita. Uztailean izan da Kazakhastaneko Hezkuntza ordezkaritza taldea gurenean. Garaia, uztaila, ez da onena izan ikastolak itxita baitzeuden; bainan informazioz lepo itzuli dira Almaty-ra, eta lotura egina.

Hiru ordezkari etorri eta lau egun eman dituzte gurenean. Ikastolen Eleanitz proiektuaz jabetu dira, curriculum integratuaren kontzeptua barneratuta. Txoratuta itzuli dira  ikastolen eleanitz taldearekin (Phil Ball, Diana Lindsay, Itziar Elorza, Inma Muñoarekin); harrituta jasotako informazioarekin; jakinminez hemen sortutako materialarekin eta, bereziki, materialaren integrazioarekin. Ikastolak erreferente bihurtu dira, beste behin ere, munduan.

Hamazazpi milioi biztanle ditu Kazajstan herrialdeak. Tamainan Europa bikoizten duen lurraldea da. 1991an Errusiako Soviet batasunetik askatzen lehenetariko herrialdea izan zen. 130 etnia gutxitu bizi dira elkarrekin. Kazakh, hizkuntza gutxitua, eta errusiera dituzte hizkuntza ofizialak. 2015etik aurrera eskolan ingelera irakasteko helburua dute, eta ikastolen esperientzia gertutik jarraitzeko asmoa.

ikastola 205
2013 Urria
205