IKASTOLA 205 > ikastolak > 0-18 URTE BITARTEKO ESKAINTZA 10.318 M2tan

Aranzadi Ikastola, Bergara

0-18 URTE BITARTEKO ESKAINTZA 10.318 M2tan

Bergarako Aranzadi ikastola orain dela 42 urte sortu eta berea ez zen Errege Seminarioa eraikin historikoan kokatu zen. Bere 40. urteurrenarekin batera lortu zuen eraikin horren zati handi baten lagapena, UNED Patronatuaren eskutik. Bestalde, urte berean, ondoan zegoen haurtzaindegiarekin batu zen 0-18 urte bitarteko eskaintza ahalbidetuz. Bi solairu osoak bota eta berri-berri eta modernoak eraiki ditu, eta beste bi moldatu. Aurpegia ere garbitu diote ikastolari, fatxada guztiak eta sarrerak ere berritu dituzte. Hori bai alde ederra! 

Haur Hezkuntza berria inauguratu du.
Zer obra egin den
Aranzadi Ikastolak Seminarioan eskuratu duen eraikin zati horrek 6.211 metro karratu ditu eta haurtzaindegi berria egiteko eta beste eraikin batean zituen DBHko ikasleak bertaratzeko, 4107 metro karratu  berritu ditu. Azken finean, bi solairu osoak bota eta berri-berri eta modernoak egin ditu, eta beste bi moldatu egin ditu.

Beheko bi solairutan Gureak erakundearen  tailer zaharra, gabinete psikopedagogiko bat, alargunen egoitza, odol emaileen lokala, udal museoa … kokatu izan dira. Beraz, barrutik dena bota behar izan dute eta hutsetik hasita eraiki. Erakin zaharra denez, egurrezko sabaia, harrizko pareta lodi eta sendoak azaldu dira, eraikinaren historia eta sendotasuna azpimarratuz.

Nolako abantailak dituen
Obra honek aukera eman dio 2-18 urte bitarteko eskaintzatik 0-18ko eskaintza egitera pasatzeko, herrian Aranzadi Ikastola bakarra izanik horrelako eskaintza zabala egiten duena.
Bestalde, elkarlanean urteak egin ondoren, alboan izan duten haurtzaindegiarekin batu dira, eta honek ekarri du 0-3 zikloa ikastolaren estilora, metodologiara eta filosofiara ekartzea. Ondorioz, bertako ume kopurua handitzen hasi da berehala.
Aurpegia ere garbitu diote ikastolari, fatxada guztiak eta sarrerak ere berritu dituzte.

Nor eta zer kokatuko den Non
Horrela, aurtengo Aste Santuz geroztik, ikastola osoa batuta dago,  ikasle guztiak eraikin berean daude, 30 urte bereizita egon ondoren.
Beheko solairuan txikitxoak kokatu dituzte: 0-2koak alde batean; eta 3 eta 4koak eraikinaren beste hegalean.
2. solairuan, berriz, 5 urtekoak eta LH 1. Zikloa hegal batean eta bulegoak eta areto nagusia bestean.
3. solairuan gelak moldatu behar izan dituzte: hizkuntza gela, musika gela, plastika gela, biltegia, eta horiekin batera LH 2 eta 3. Zikloa eta DBH 1. Zikloa kokatu dira. Bukatzeko, azken solairuan DBH 2. Zikloa eta Batxilergoaz gain, teknologia tailerra eta laborategia jarri dituzte.
Solairu bakoitzak bere informatika gela eta irakasle gelak ditu. Horrez gain office bat egiteko aukera izan dute eta hain preziatuak diren 6 tutoretza gelatxo gurasoekin elkartzeko.
Haur Hezkuntza guztia berezia da, espazio irekiak ditu, ate eta paretarik gabeak, estruktura eta espazioen banaketa berezia dute … honetarako pentsatuta egin baitira:
Lehenik, adin desberdinen arteko interakzioa bermatzeko.
Bigarrenik, familia eta ikastolaren arteko komunikazioa etenik gabea izateko (gurasoen txokoa sortu dugu eta, nahi dutenean, datoz haurrarekin egotera)
Hirugarrenik, haurraren erritmo biologikoak errespetatzeko (egurrezko estrukturak, imaginariuma…)
Laugarrenik, haurraren autonomia garatzeko (egurrezko estrukturak, espazio irekiak …)
Honen guztiaren helburua haurraren garapen fisiko, motore, emozional, sozial eta  psikologiko egokia izan dezan eta, hezitzaileen lana erraztuz, arazoen antzemate bizkorra lortu eta dauden irtenbideak bideratu ahal izateko.
Aipatu nahiko genuke 0-6 proiektu berri honetan gurasoek izan duten papera, urte oso bat lanean eman baitute estruktura horiek egiten, arratsaldero batzuk, aste bukaero beste batzuk. Beraien lanik gabe ezinezkoa litzaioke ikastolari proiektu eder aurrera eramatea!

ikastola 205
2013 Urria
205