IKASTOLA 205 > ikastolak > "MUNDUKO LOREAK" BIDEOKLIPA, JATORRIZKO HERRIXAK PROIEKTUA

Arizmendi Ikastola, Leintz bailara

"MUNDUKO LOREAK" BIDEOKLIPA, JATORRIZKO HERRIXAK PROIEKTUA

Garabide Elkartearen bidez sortu da “Jatorrizko herrixak” proiektu bikaina. Arizmendi Ikastolako 2-6 urte bitarteko ikasle guztiek batera egin dute lan. Ikastolako komunitate osoak hartu du parte; baita beste elkarte batzuk ere, interes komunak adierazita. Bost herrialde izan dira protagonista: katalanak, galiziarrak, maia kaqchilelak, nahuatak eta euskaldunak. Matematika, hizkuntzak, marrazkiak, jolasak, kanta, bideoklipa eta bizipen biziak batu ditu “Jatorrizko herrixak” proiektuak. 

Garabide Elkarteak elkartruke programa bultzatzen du,  eta  ‘Hizkuntza Berritzeko estrategiak’ Aditu Titulua egitera etortzen diren herri indigena ezberdinetako ordezkariei bisita gidatua eskaintzen die Arizmendi Ikastolan, ikastola eredua ezagutzeko.  Joan den ikasturtean elkarrekin garatutako ‘Jatorrizko herrixak’ proiektuak, sekulako abiadura eta dimentsioa hartu zuen, Arizmendiko adin ezberdinetako ikasleengana iritsi eta guztiak inplikatu baitziren. Eta ez bakarrik ikasleak eta irakasleak; baita gurasoak eta inguruko talde eragileak ere.
“Gure aldetik gogoz ginen lan-proiektu sendoa egiteko, adin ezberdinak batuko zituen proiektuan ari ginen pentsatzen, hasieran ongi jakin gabe noraino iritsiko ote ginen. Hasteko galdera hauek egin genituen: Zeintzuk dira Garabidetik datozen ordezkariak? Eta, guk jatorrizko zein  herri ditugu ikastolan?” Maia Kaqchikelak eta Nahuatak ziren Garabide Elkartetik zetozenak. Eta gure aldetik zera hausnartu genuen Zergatik ez hartu jatorrizko herri batzuk?, eta gurasoei informazioa eskatuz komunikazioa igorri genien. Informazio piloa batu, eta bost herrialdetara mugatzea erabaki genuen: katalanak, galiziarrak eta gu, euskaldunak, batetik; eta goian aipatutako Maia Kaqchikelak eta Nahuatak, bestetik. Herri eta hizkuntza minorizatuak lantzeko aukera paregabea genuen esku artean” kontatzen hasi zitzaigun Iñaki Gonzalez Pagaldai irakasleak.
“Ikastolan badugu adinen arteko elkar komunikazioa bultzatzeko espazio zabalak sortzeko ohitura. Hori horrela, proiektu hau,  2-6 urte bitarteko adinekoek egitea pentsatu genuen. Alegia, jatorrizko herriak eta adin ezberdinak egokitzea erabaki genuen, eta “Jatorrizko herrixak” proiektua izendatu genuen.
“Matematiketan numerazioa landu dugu, maila ezberdinetara egokituz. Adibide bat jartzearren: Bat borobiltxoa bada, bi bi borobiltxo, hiru hiru, lau lau; baina bost marratxoa da, sei marratxoa gehi borobiltxoa izango da… Horiekin batuketak eta kenketak landu ditugu, baita txikienekin zenbakiketa ere, zailtasunen baitan ariketak prestatu ditugu eta, bereziki, ikasle bakoitzaren erritmora eta egunaren araberara moldatu gara”.
“Hizkuntza, zelan landu? Galdegin genion geure buruari. Urtxintxan baditugu hiztegi jolasak. Horien adibidean  nahuatarara eta katalanera egokitu genituen, jolasaren bidez hiztegia sortu genuen, hitz horiek guztiak ulertzeko derrigorrezko baikenuen euskara. Nagusiek txikiekin landu zituzten hitzak, baita hitz mordoa ikasi ere. Horri guztiari marrazkiak gehitu genizkion, etengabeko sorkuntza piztu genuen; pasada bat, benetan”.

Proiektua egin ahala, gero eta lagun gehiago animatzen joan zen. Egindakoa aparra bezala zabaldu egin zen, eta laster zituzten 6/7 guraso musikalari eta beste bi salsero musika egin nahian. Eta musika bakarrik ez, zergatik ez bideokliparen bat ere? Zailtasun guztiak gainditzeko prest azaldu ziren: musikaren bertsioa, ahotsak, estudioa, grabazio estudioa, irudiak, guztia editatu eta horretarako xoxak biltzea ere lortu baitzuten. Garabidek lagundu zien ordainketa txiki horiek bideratzen, eta ARTEMAN kooperatibak pertsona bat liberatu zuen editatze lanetarako, eta herrialdetan jasotako kantak eta irudiak txertatzeko.
“Eta, azkenik, Garabideren bidez lortu genuen gure lanak Guatemalan ikustea eta entzutea; eta haiena gurera ekartzea. Ekintza parekoak ziren, han egindakoak hemen lantzeko eta hemengoak han ikusteko. Eta horrek ere izan ditu bere ondorioak, haurrak gauza askotaz jabetu baitira, galdera mordoa egin baitute; baita horiei erantzun ere!”

Proiektu zoragarria izan dela aitortu digute. Hausnarketa garaian hiru puntu azpimarratu dituzte, balore handikoak hirurak. Lehena, interkomunikazioa adin guztien artean lortu izana. Bigarrena, komunitatean egin izana, komunitateko pertsona ugarik parte hartu baitu. Eta hirugarrena, jatorrizko herriak eta hizkuntzak errespetatuz, txikiekiko jarrera positiboa landu, bizitu eta irakatsi izana. Eta zeinen ongi pasatu duten!
“Jatorrizko herrixak” proiektuak, “Munduko loreak” bideoklipa ikusteko sakatu beheko loturak.

ikastola 205
2013 Urria
205