Bihotz Gaztea Ikastola, Santurtzi
EUSKAL JOLASAK EUSKARA SUSTATZEA DUTE HELBURU
Zazpigarren ikasturtea izango da aurtengoa. Ikasleen artean euskararen erabilera gehiago sustatzea izan zen hasierako xedea, HHko 2. zikloan bultzatu zutenean. Gaur LH4ra arte luzatu dute proiektua, ikasleek jolasak gustukoak dituztela ikusita. Jantokiko begiraleak ere inplikatu dira, eta gurasoak zer esanik ez aukera hori ikusita. Saio bereziak antolatu dituzte familiengana iristeko. Santurtzin euskara eta euskal kultura handitzen doa pausuz - pausu, herritarren bihotza piztuz eta poztuz.
“Orain dela 6 urte hasi ginen gure ikastolan ‘euskal jolasen’ proiektua lantzen. Aldez aurretik ikastolako irakasle batzuk formakuntza jaso genuen, eta honek ikasleengan ekar zezakeen onura ikusita, martxan jartzeko zalantzarik ez genuen izan. Ondorioz, Garbiñe Martija HHko irakaslea, buru belarri hasi zen lan honetan.
Hasierako helburua izan zen ikasleen artean euskararen erabilera gehiago sustatzea. Beraz, HHko 2. zikloan hasi ginen euskal jolasak lantzen. Gero, Haur Hezkuntzan ere animatu eta Iruneren laguntzarekin hasi ziren. Gaur egun euskal jolasen proiektua Haur Hezkuntzatik LH4. mailara arte luzatu dugu. Ikasleak jolasak gustuko dituztela ikusi dugu, eta hasieran irakasleen laguntza behar bazuten ere, orain beraien kabuz hasten dira euskaraz jolasten. Iaz gainera, jantokiko begiraleak ere hasi ziren bazkal ostean jolasak lantzen.
Ikasleen artean izan zuen arrakasta ikusita, beste pausu bat ematea erabaki genuen. Gurasoei, beraien seme-alabekin euskaraz jolasteko aukera eskaintzea zehaztu genuen. Eta horrela egin genuen. Hiruhilabetero behin saio bat eskaintzen genien. Saioa hauetan, oso giro atsegina lortzen zen; azken finean, guraso, seme-alaba eta saioa bideratzen zuten irakasleen artean (Garbiñe eta Mamenen eskutik) lagun arteko harremana sortzen zelako. Ekintza horrekin, gurasoengan euskara eta euskalzaletasuna bultzatzea nahi genuen.
Jadanik, bi eremutan lortu genuen arrakasta: ikasle eta gurasoen artean. Baina, gehiago egin genezakeela pentsatu genuen. Kontuan izanda eragile aktiboak garela, ikastolaren helburutako bat euskara eta euskal kultura herri mailan zabaltzea dela, Santurtzin antolatzen genituen ekitaldietan ere euskal jolasak txertatzea erabaki genuen. Horretarako gurasoen laguntza eskatu genuen, beraien parte hartzea ikastolak antolatzen zituen ekitaldietan areagotzeko. Horrela, euskara egunean eta euskal astean Santurtziko Gernika parkera joaten hasi ginen eta, ikasturte bukaerako jaian, Serantes mendira. Gainera, hiruhilabetero behin, ikasle eta irakasleak Mirabueno parkera ateratzen gara jende aurrean euskaraz jolastera.
Kurtso bukaerako klaustroan, irakaslegoak jasotzen du ikasturte horretan euskal jolasen inguruan egindako lanaren informazioa eta, ondoren, jolas pare bat lantzen dira ikastolako irakasle guztien artean, horiek ere proeiktua gertutik bizi dezaten.
Ikus dezakezutenez, Bihotz Gaztea Ikastolan HH 2.zikloan hasi zen proiektua handitzen joan da. Datozen ikasurteotan ere horretan arituko gara, gure helburua (abestiak dioen bezala) pausoz pauso ari garelako hau guztia lortzen: haurrek euskaraz jolastea, gurasoen parte hartzea eta euskeraz hitz egiteko ahalegina areagotzea; ondorioz, Santurtzin euskara eta euskal kulturaren presentzia handiagoa da. Honek guztiak lana suposatu arren, lortutako ondorioek bihotzak poztu eta piztu egiten dizkigu. Beraz, ekingo diogu gogotsu jolasari.”