Zuberoak bi ikastola ditu, Eperra Sohütakoa Maule ondoan dagoena, eta Basabürüa Alozen, Atarratzeko kantonamenduan. Bigarren honek 34 ume ditu orain, baina 40tik gora izango ditu irailean eta kopurua gehitzen doala ikusirik, Zuberoako Herri Elkargoak Alozeko Sala izeneko eraikina eraberritzea erabaki du ikastolak erabil dezan. Maider Sarasola irakasleak kontatu zigunez, eraikin hori lehen ere ikastolak erabilia da, gaur duen egoitza berria jaso aurretik eta azken urteotan udalekuak egiteko baliatzen zuten. Sala eraikinean ikastolarentzat gelak egingo dituzte, baina herriarentzat hainbat zerbitzu ere jarriko dituzte bertan. Ondoan duen jolaslekua ere ikastolak erabiliko du aste barruan, eta herriko umeek asteburuetan.