Abusu Ikastola, Bilbo
HAUR HEZKUNTZARAKO PARADISUA, LA PEÑAN
Nork amestuko zuen 2013rako 610 ikasle izango zituenik? Ameslariek lortu dute Abusu Ikastolaren garapena. Duela 36 urte sortu zen, La Peña auzoko lokal xume batean. 1993an, Buesaren legeari aurre egin, eta ikastola izaerari eutsi zion. Oztopoz jositako urte zailak, oso zailak, bizi izan ditu, baina dagoeneko iritsi da gailurrera eta sendo dago. Ikastola komunitate indartsua du, ikasle eskaera handia, Bilbon eta auzoan ongi kokatua eta ikusia da; eta gainera, eraikin modernoa inauguratu du ikastolako txikienak babesteko. Ametsa ez da birtuala, egiazkoa baizik. Zatoz bisitan, nahi izanez gero.
Abusu Ikastola sendoa da gaur, osasunez beterikoa, ilusioa horma guztietan agerian duela, merezi du bisitan joateak. Ikastolaren historiari erreparatuz, duela 36 urte sortu zen Bilboko La Peña auzoan, langile auzoan, lokal xume batean. Ez dute zer ikusirik orduko ikastolak eta gaurkoak. Jakina, hainbat urteren buruan hamaika gertakizun bizitu baitituzte. Ordukoak eta gaurkoak gauza bitan, ordea, bat egiten dute: ilusioan. Ilusioa eta aurrera egiteko grina izan dira euren adierazle. Azken finean, ameslarien ikastola izan baita beti Abusu.
1993ko Buesaren legea iritsi zenean, ameslariek argi izan zuten Abusuk Ikastola izaerari ez ziola uko egingo eta, zailtasun ekonomiko larriak izan arren, ikastola taldean geldituko zela. Urte zailak etorri zitzaizkion gainera: dirurik ez, soldatak ordaintzekorik ez, administrazioaren eta paperen zailtasunak tartean, obra berria egin nahi eta nola egin asmatu behar. Horien gainetik, errealitatea bestea baitzen: ikastola apurka-apurka handitzen zihoan eta, urtero, leku premian ziren.
Aukera ezberdinak baloratu ondoren, auzoan, Ibaizabal ibaiaren ondoan zegoen irin fabrika zahar abandonatua aukeratu zuten ikastola berria eraikitzeko eta, 1997an, inauguratu zuten. Tartean bi Ibilaldi antolatu ere xoxak lortzeko, hain zuzen, 1994ean eta 2001ean. Hamabost urteren buruan, hain handia zirudien eraikuntza txikia gelditu zaitzaien, berriro ere eskasa, ikasle kopurua eta mailak betetzen ziren heinean.
Ametsetan jarraituz gero, obra berri baten beharra aurrikusten zen. Eta horretara murgildu ziren duela urte eta erdi. Haur Eskola eta Haur Hezkuntza eraikin berrian sartuz gero, irin lantegiko eraikina Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako geldituko zen. Eta hala suertatu da, hamaika zenbaki eta proiektu esku artean ibili ondoren. Pasa den ekainean inauguratu zen, eta irailean egin ditugu argazkiak, umeak gelan direla, ikastolaren egun arrunt batean. Bisitan ezer ez da arrunta izan, ordea. Ilusioa, 36 urteko ilusioa, oraindik bizirik baitago Bilboko sarreran, La Peña auzoan. Gogoan ditugu Aitziber Ortuondo lehendakariari eta Joseba Biguri jerenteari entzundakoak: “Bilboko ikastola erreferentea izatea dugu helburu, gure ikastola punta-puntako ikastola izatea du xede, eta bilbotarrek eta ingurukoek Abusu Ikastola aukeran izan dezatela euren seme-alaben irakaskuntzarako. Etxe honetan elkarlanean aritzen gara, proiektu bateratu baten jabe eta eragile baikara, denon artean aurrera egiteko gonbitearekin guregana hurbildu nahi duten ororentzat”.