IKASTOLA 205 > ikastolak > "DENOK BERDINAK, DENOK DESBERDINAK"

Andra Mari Ikastola, Etxarri

"DENOK BERDINAK, DENOK DESBERDINAK"

Hamar urte igaro dira lehen saiakera egin zutenetik. Dagoeneko errotu egin da aniztasuna lantzeko sortutako proiektua. “1512: Oraindik ere ezberdinak gara” izan da azken kanpaina arrakastatsua. Jarduerak etapa eta maila bakoitzari egokituak izan dira. Aste betean jorratu dute gaia, eta gainera, gabon bezperan ospatzen den eta ikasle guztiek parte hartzen duten Karraka  jaialdian ere gai bera landu da. Helburua: ikasleak gaiarekiko sentsibilizatzea. Historian aditua den guraso batek parte hartu du aurtengo kanpainan. 

Andra Mari Ikastolan sortzen ari ziren behar ezberdinei erantzuna emateko, duela hamar ikasturte hasi zen Denok Berdinak Denok Desberdinak izeneko kanpaina, 2003-2004 ikasturtean, hain zuzen ere. Ikastolaren heziketaren helburu nagusia ikasleak era integralean garatzea eta gizartean integratzea lortzea denez, saio hauek aniztasunaren trataeran aurrera pauso bat izateko asmoarekin abiatu ziren. Urte hauetan zehar helburu hori mantendu izan da Ikastolako Tutoretza Proiektu hau etapa guztietan aurrera eramanez.

Kanpaina honen ibilbidea urteetan zehar egituratuz joan da, alde batetik inprobisazioz, momentuko beharrei erantzuteko eta pixkanaka, bere lekua eta forma hartuz joan da. Egun, ikastola osoak parte hartzen du, gai batean oinarritutako programa zehatz bati jarraituz. Halaber, hasierako asmoa ikasleei zuzendutako kanpaina sortzea bazen ere, azken urteetan aberastu egin da Denok Berdinak Denok Desberdinak kanpainaren eskaintza, ikastolan bertan lantzen da eta gurasoei zabaltzen zaie.

Kanpaina honen historiari helduz, urrun gelditzen zaigun 2003-2004 ikasturtean eman zitzaion hasiera. Urte hartan landutako kanpainaren leloa Munduan Gauden Arrazak eta Etorkinak izan zen. Bertan lortu nahi zena, ikasleen artean etorkinenganako sentsibilizazioa garatzea izan zen. Horretarako, bertan genituen ikasle etorkinek azaldu ziguten euren egoera eta historia zein zen, denok uler genezan beraiek bizi izandakoa, eta ildo horretatik gure artera etorrita izandako arazo eta oztopoak azaldu zizkiguten. Jarduera guzti hauen helburua, aipatutakoaz gain, ikasle etorkinen integrazioa lortzea izan zen.

Hurrengo ikasturtean, 2004-2005 ikasturtean, aurrekoaren arrakasta ikusita, Gure gorputza eta Osasuna izeneko programa aurrera eraman zen. Gorputz guztiak ezberdinak direla konturaraztea, errespetua lantzea, ezgaitasunaren errealitateaz jabetzea eta aldi honetan ere, ezgaitasunarenganako sentsibilizazioa garatzea izan zen.

2005-2006 ikasturtean Irainaren edo insultoaren aurkako hausnarketa eta kirolen aurrean animuak era positiboan zuzentzen ikastea izan zen landutako programaren leloa. Orokorrean, kirolenganako zeuden mezu negatiboak eta bortitzak ikusita, jarrera hauei erantzuna ematea izan zen helburu aldi honetan. Beraz, kirolaganako jarreren inguruko programa landu zen. Hau da, besteak iraintzearen kontzientzia hartu eta kirolak praktikatzerakoan animuak era positiboan zuzentzen ikasi eta baliabideak eskaini ziren.

2006-2007 ikasturtean etena izan bazen ere, hurrengoan, 2007-2008 ikasturtean alegia, horren emaitza onak eman zituen kanpainarekin jarraitu zuten. Aldi hartan, hain zuzen ere, Palestina landu zen. Kasu honetan, garai hartako egoera soziopolitikoa oso zabalduta zegoenez, ikasleei herri honen inguruko informazioa (janaria, kultura, jantziak, historia, literatura, momentu hartako egoera…) eskaini zitzaien ikastolan eta horretarako euskaraz zekien palestinar bat ibili zen gelaz gela bere bizipenak kontatzen. Programa honen amaieran, aste hartan zehar landutakoa bildu eta erakusketa moduan antolatu zen ikasleek lortutako ondorioak eta ekarpenak eskura izateko.

2008-2009 ikasturtean Koheziketa: Genero Berdintasuna izeneko leloarekin urte hartako programan emakume eta gizonen arteko eskubideen berdintasuna aztertu zen. Horretarako, lanbideak, rola, etxeko rola, rolekin lotutako sentimenduak, hizkuntza… landu ziren. Aurreko urtekoaren arrakasta ikusita, ateratako ondorioekin erakusketa bat antolatu zen programan aztertutakoa erakusteko.

Hurrengo ikasturtean, Elikadura eta Ezberdintasun fisikoak izan zen landutako programa. Urte horretako berezitasuna, kanpainari hasiera emateko gurasoentzako hitzaldi bat antolatzea izan zen, elikadura eta ohitura osasungarriak lantzeko. Horrekin batera, elikagaien etiketen inguruan bigarren hitzaldi bat eman zen, aurrekoan bezala ikastolako guraso den dietista-nutrizionista batek eskainia. Ikasleei dagokienez, landutakoa gai bera izan arren, jarduerak maila bakoitzari egokituak izan baitziren, guztiak elikagaien piramidean eta ezberdintasun fisikoen onarpenean oinarrituta.
Errespetuz bizi, eta Familia mota ezberdinak izan ziren ondorengo urteetako gaiak. Eta azkenik: 1512 Oraindik ere ezberdinak gara gure kultura propioa dugulako, besteengandik ezberdinak gara; baina aldi berean, gure herria anitza bezain aberatsa da.

Urtero, aste batean zehar lantzen da gaia eta azken egunerako ikasle guztien artean osatutako esposatzea antolatzen da. Aipatutako erakusketa horretan, gela bakoitzak landutakoa, ateratako ondorioak eta ekarpenak zabaltzen dira: lemak zintzilikatzen dira, piramide erraldoia osatzen, adibide ezberdinak aztertzen eta biltzen dira, baita gelako ikerketak zabaltzen ere. Hori guztia kanpainaren helburu nagusiari jarraituz, alegia, ikasleak gaiarekiko sentsibilizatzea.

 

ikastola 205
2013 Urria
205