IKASTOLA 203 > ikastolak > KANTA TRADIZIONALAK IKASTEN

Herri Ametsa Ikastola. Donostia

KANTA TRADIZIONALAK IKASTEN

Astero hogei minutu hartzen dituzte Donostiako Herri Ametsa Ikastolako LHko ikasleek kantu tradizionalak ikasteko. Kanta Lagunak izena jarri diote egitasmoari. Helburuak euskal curriculumarekin daude lotuta, eta zenbait ekitalditan, ikasturte bukaerako jaialdian esate baterako, ikasleek eta gurasoek elkarrekin kantatzen dute. “LHtik gora musikako irakaslearekin kantu tradizionala tartekatzeko asmoa dugu, ikasle guztiak kantaren batzuk kantatzeko gai izan daitezen”, esan zigun Marijo Garamendi LHko koordinatzaileak.

Oinazpia
Berrogei bat kantuko liburuxka ere atera dute.

 

LHko ikasle guztiak hartzen dituen egitasmoa jarri zuten martxan ikasturte hasieran kantu tradizionalak kantatzen ikasteko asmoarekin. Kanta Lagunak da egitasmoaren izena. “Gelatik kanpo eta zikloka biltzen ditugu ikasleak astean hogei minutuz kantua lantzeko”, esan zuen Marijo Garamendik, LHko koordinatzaileak.

Berrogei bat kantuko liburuxka ere atera dute, baina helburua ez da denak kolpetik ikastea, ikasten joatea baizik. Ikasleen artean asko omen dira, melodiak gutxi gorabehera jakin arren, kantaren hitzak ezagutzen ez dituztenak. “Kantuak taldea batu egiten du eta, bidebatez,  ikasleei zikloka sentipen hori zer den erakutsi nahi genien. Euskal curriculumarekin lotu dugu ekintza. Helburu pedagogiko andana dugu, baita euskal kulturarekin lotutakoak ere, eta hor kokatu dugu egitasmoa. Honek kalera ateratzeko aukerak ere ematen dizkigu. Hasteko, ikasturte bukaerako jaialdian parte hartzeko asmoa dugu. Ikastola osoa, elkarrekin, kanta bat kantatzeko ohitura dugu. Iaz rap bertso batzuk izan ziren eta, aurten, seguru asko, kantu zahar bat izango da”, esan zuen.

Ziklo bakoitzeko irakasleak dira saioak zuzentzen dituztenak. LHtik gora musikako irakasleak ere ari dira tarteka kantu tradizionala lantzen. “Gure helburua kantatzeko ohitura indartzea da. Gure ikas-materialetan kantua latzen da, noski, baina kantu tradizionala pixka bat baztertuta genuen sentipena genuenez, hutsune hori bete nahi izan dugu”, kontatu zuen.

ikastola 203
2013 Apirila
203