IKASTOLA 204 > ikastolak > ALOZEKO SALA ETXEA ERABERRITUKO DU HERRI ELKARGOAK IKASTOLARENTZAT

Basabürua Ikastola, Aloze

ALOZEKO SALA ETXEA ERABERRITUKO DU HERRI ELKARGOAK IKASTOLARENTZAT

Zuberoak bi ikastola ditu, Eperra Sohütakoa Maule ondoan dagoena, eta Basabürüa Alozen, Atarratzeko kantonamenduan. Bigarren honek 34 ume ditu orain, baina 40tik gora izango ditu irailean eta kopurua gehitzen doala ikusirik, Zuberoako Herri Elkargoak Alozeko Sala izeneko eraikina eraberritzea erabaki du ikastolak erabil dezan. Maider Sarasola irakasleak kontatu zigunez, eraikin hori lehen ere ikastolak erabilia da, gaur duen egoitza berria jaso aurretik eta azken urteotan udalekuak egiteko baliatzen zuten. Sala eraikinean ikastolarentzat gelak egingo dituzte, baina herriarentzat hainbat zerbitzu ere jarriko dituzte bertan. Ondoan duen jolaslekua ere ikastolak erabiliko du aste barruan, eta herriko umeek asteburuetan.

Alozeko ikastolak irakasle bat du egun osoz lanean, Joana Arhancet, eta beste bi egun erdiz, Maider bera eta  Pette Etxabarria. Frantsesa irakasteko Oihana Larrandaburu irakaslea dute sei orduz. Ikastola handiekin alderatuta, Alozekoa oso txikia bada ere, Basabürüako lau umetatik bat bertan dabil ikasten, eta Atarratzen eskola publiko bakarra dago ume kopuru horrekin. Zubererak bizi duen beherakada geldiarazteko itxaropen bakanetakoa da ikastolaren emendatze hori.

 

ikastola 204
2013 Ekaina
204