IKASTOLA 204 > erreportajeak > EKI PROIEKTUA

"Euskal curriculuma hezurmamitzen duena"

EKI PROIEKTUA

Gizartearen aurrean aurkeztua

Euskal curriculuma hezurmamitzen duen eta, konpetentzietan oinarrituta, integrazioaren pedagogia barnebiltzen duen EKI proiektua martxan jarriko da datorren ikasturtean DBH 1n. Proiektuak hezkuntzari egiten dion ekarpen esanguratsuaz jakitun, hura gizarteratu zuten Bilbon, Ikaselkar argitaletxeak gidatuta egindako ekitaldian.

“Egitasmo aitzindaria da, berria eta berritzailea. Hau da XXI. mendeko hezkuntza berritzeko apustu euskalduna”. Hitz horiek erabiliz azaldu zuen Ikastolen Elkarteko eta Ikaselkar argitaletxeko lehendakari Koldo Tellituk EKI proiektua, berau gizarteratzeko EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan egin zen ekitaldian, iragan ekainaren 4an.

EKI proiektuaren gizarteratze ekitaldia, bai, horrela merezi zuelako, ikasmaterial berri bat baino gehiago baita, hezkuntzari egiten dion ekarpena aintzat hartuta: lehenik eta behin, euskal curriculumean era sistematizatuan oinarrituta dagoen lehena delako; eta, gainera, Europa mailatik datorren hezkuntza eredua -konpetentzietan oinarritua- integrazioren pedagogiarekin uztartuta proposatzen duelako.

Deialdiaren harira, erakunde, alderdi politiko, gizarte mailako eta hezkuntzako ordezkari ugari hurbildu ziren aurkezpenera, Ikastolen Elkarteko eta Ikaselkarreko Artezkaritzako eta Zuzendaritzako eta hainbat ikastolatako ordezkarirekin batera. Han izan ziren, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari Miren Dobaran, Udalbiltzako ordezkari Maitane Nerekan, Eusko Legebiltzarreko parlamentari Leixuri Arrizabalaga, Jone Berriozabal, Juanjo Agirrezabalaga eta Marian Beitialarrangoitia, EAJko Lorea Bilbao, Sortuko Asier Lauzirika, EAko Pili Robles Barainka, Euskaltzaindiko Xabier Kintana eta Erramun Osa, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao, Elkarreko arduradun Joxe Mari Sors, AEK-ko zuzendaritzako kide Mertxe Mujika, hezkuntza sindikatuetako hainbat kide eta euskalgintzako eta gizarteko beste zenbait ordezkari ere.

Ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitzerakoan Euskal Herriaz eta euskal kulturaz jakin behar dutenaren markoa adostu zuten iragan hamarkadan ikastolek, kristau eskolek eta Sortzen-Ikasbatuazek, eta adostutako hura ofizial egin zuen Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hezkuntza curriculum dekretuaren bitartez. Adostasun horren atzean “lan izugarria dago, eta ez da bakarrik hezkuntza eragileen artean burutu; Euskal Herri honetako eragile garrantzitsu guztien parte hartzeaz egin da”, gogorarazi zuen Tellituk.

Egindako lan horretan guztian eraikitako adostasuna markoa izanik, akordio hori gauzagarri egin behar zela nabarmendu zuen Tellituk, eta EKI proiektua horren guztiaren emaitza dela: “XX. mendean Ikastolen eta Elkar-en ekarpena euskararen eta euskal kulturaren sustapena eta garapena izan da. Biok elkarrekin osatutako Ikaselkarren bidez, berriz, ikasmaterialen alorrean euskal curriculuma garatzea da XXI. mendean egiten dugun ekarpena”.

EKI proiektua abiatu besterik ez da egin, Tellituk azaldu zuenez; datorren ikasturtean DBH 1eko ikasleen esku izango dira EKI proiektuaren material didaktikoak. Hurrengo ikasturteetan Derrigorrezko Hezkuntzako ziklo guztietako ikasleen esku egongo dira. “Hori da gure konpromiso sendoa”, azpimarratu zuen Ikaselkarreko lehendakariak.

Ikastolen Elkarteko lehendakariak eskerrak eman zizkien EKI proiektuan buru belarri lanean aritu diren eta ari diren hezkuntza profesional guztiei, koordinatzaileei, edizio arduradunei eta gainontzeko lankideei, eta, halaber, euskal curriculuma lantzen, garatzen adosten eta aurrera eramaten parte hartu duten eta ekarpenak egin dituzten erakundeei, hezkuntza eta gizarte eragileei eta adituei, “aurreko bi hamarkadatan egindako guztiaren hezur-mamitzea baita EKI proiektua”. “Orain hamar bat urte euskal curriculuma eraikitzeko erronkari heldu genion. Ikasmaterialen alorrean erantzun bateratua eman diogu erronkari. Hau da gure ekarpena; hau da euskal gizarteari eskaintzen dioguna”, nabarmendu zuen Tellituk.

Herri bakoitzak bere curriculum propioa izateak duen garrantzia eta Euskal Herrian euskal curriculuma landu eta garatzeko eman den bilakaera azaltzen duen ikus-entzunezko bat eman zen ekitaldiaren hasieran, eta Haatik dantza taldearen ‘Errimak oinetan’ ikuskizunaren pasarte batez gozatzeko aukera ere izan zuten EKI proiektuaren aurkezpen ekitaldira bertaratu zirenek. Ekitaldia ETBko kazetari ezagun Nerea Iriartek gidatu zuen, berezkoa duen trebetasunarekin.

 

KOLDO TELLITU MEJIA
IKASTOLEN ELKARTEKO ETA IKASELKAR-EKO LEHENDAKARIA
"Eta hasiera besterik ez da"

MIKEL ARRIZABALAGA
IKASELKAR-EKO EDIZIO ZUZENDARIA
"Edizio eskaintza"

XABIER GARAGORRI 
PROIEKTUAREN AHOLKULARIA
"Denon artean egin genuen egitasmoa ikasmaterialetan gauzatu behar zen, eta behar horretatik, jaio dira EKI material didaktikoak"

MIKELE ALDASORO
CURRICULUMAREN ARDURADUNA
"Eredu honek ikaslea bihurtzen du ikasketa prozesuaren eragile nagusi"

AMAIA ARTOLAZABAL, IRUNE URBINA eta KRISTINA BOAN
EUSKARA eta LITERATUTA
"Oinarrizko konpetentzia komuna dute hiru hizkuntzek, baina lorpen maila ezberdina aitortzen zaie"

NEREA GOIRI eta JESUS MARI ANSUATEGI
LENGUA CASTELLANA y LITERATURA
"Ebaluazio proposamen potentea du"

INMA MUNOA eta LETIZIA VITERI
ENGLISH
"Hizkuntza didaktikan aurreratuta genbiltzan arren, ikasmaterial hauek berrikuntzak dituzte"

MAITE GOMEZ, XABI GARCIA, RITXI ABRIL eta MARIA GALDEANO
MATEMATIKA
"Matematika gustatzen ez zaien ikasleak berreskuratu egin dituztela esan digute"

JOXEPO TERES, AMAIA GUTIERREZ eta PETRO VERA
NATURAREN ZIENTZIA
"Metodo zientifikoaren lehen hurbilketa egiten dugu"

HARRI BEOBIDE, JOXIN AZKUE eta JAIONE ISAZELAIA
GIZARTE ZIENTZIAK
"Lehen baliabide digitalak osagarriak ziren eta gaur ikasmaterialetan integratu dira"

 

EKI, LA NUEVA GRAN APORTACION DE LAS IKASTOLAS  

Las ikastolas se han caracterizado desde sus inicios por un afán innovador en el campo de la didáctica. La última gran aportación es el proyecto EKI, conjunto de materiales didácticos que plasman el trabajo realizado a lo largo de más de 15 años en el desarrollo del Currículum Vasco y que hace suyas las orientaciones del modelo de enseñanza basado en las competencias. Los materiales, redactados por profesionales de Ikastolen Elkartea, han sido editados por Ikaselkar.

La presentación de las primera unidades didácticas, relativas a Primero de ESO, tuvo lugar en Gasteiz a mediados de abril y a partir de esa fecha han venido celebrándose cursos de formación en los que han participado profesionales de enseñanza de las diferentes redes, que utilizarán los materiales durante el próximo curso.

En torno al proyecto EKI ha tenido lugar otro acto, este de carácter social, en el Paraninfo de la EHU/UPV en Bilbao, al que han asistido numerosas representaciones políticas y culturales. EKI ya ha arrancado.

EKI, LA DERNIÈRE CONTRIBUTION DES IKASTOLA  

Une caractéristique des ikatola a toujours leur aptitude à innover dans le champ didactique. La dernière contribution est le projet EKI, ensemble de matériels didactiques reflétant le travail réalisé pendant plus de 15 ans dans le cadre du développement du Curriculum Basque qui fait sienne les orientations du modèle d’enseignement basé sur les compétences. Les matériels, conçus par les professionnels de Ikastolen Elkartea ont été édités par Ikaselkar.

Une présentation des contenus didactiques de la première année du Secondaire a été faite à Gasteiz à la mi-avril. Par la suite, des sessions de formation à destination des professionnels des différentes filières d’enseignement qui utiliseront ces matériels dès l’année prochaine ont été assurées.

Une autre cérémonie à caractère social à laquelle ont participé de nombreux acteurs politiques et culturels a également eu lieu à l’amphithéâtre de EHU/UPV à Bilbao. EKI est bel et bien lancé.

 

 

 

 

ikastola 204
2013 Ekaina
204