Ikastolen Elkarteko eta Ikaselkar-eko lehendakaria
KOLDO TELLITU MEJIA
"Eta hasiera besterik ez da"
"Ohore handiz eta harrotasun sanz aurkeztu dugu EKI Proiektua azken asteotan. Apirilean hezkuntza alorreko eragile eta profesionalei; eta ekain honetan erakunde, gizerte eta alderdi eta sindikatuei".
"Ohore eta harrotasuna, EKI proiektuak dakarrenagatik: euskal curriculuma bizkar-hezur duen proiektua delako. Aurreko bi hamarkadetan prestatzen, egosten eta adosten aritutakoa, hamarkada honetan gauzatu dugulako".
Hogei urtetik gora jada gure ikasleek Derrigorrezko Hezkuntza amaitzerakoan Euskal Herriaz, euskal kulturaz, eduki behar zuten ezagutza zein izango den zehazten.
XX. mendeko azken hamarkadan premia horri lehentasuna eman genion. Ez da txantxetako kontua; herri batek aurrera egin dezan oinarri sendoak behar ditu, eta horietako bat da hezkuntza curriculuma. Estrategikoa izanik, premia hari erantzuteko lanari ekin genion.
XXI. mendeko lehen hamarraldian, berriz, adituek landutako ekarpenak bildu eta haiek landuz hezkuntza komunitatean euskal curriculumaren gaineko adostasuna eraiki genuen. Ikastolek, Kristau eskolek eta Sortzen-Ikasbatuazek aurrekaririk ez zuen akordioa lortu genuen elkarlan zabalean, eta Eusko Jaurlaritzak ere bere egin zuen akordio hori 2007an, EAEko curriculum ofizialaren dekretuaren bidez.
Mende honetako bigarren hamarkadan sartuak, adostutako hori gauzagarri egin dugu EKI proiektuarekin. Hamarraldi honek izan behar du, beraz, euskal curriculuma era sistematikokian gure ikastoletan txertatzeko garaia.
Bidea hasi besterik ez dugu egin. EKI proiektuak 2013-14 ikasturtean hasiko du ibilbidea ikastoletan, DBH1ean. Hurrengo urteetan etorriko dira EKI proiektuko DBH eta LH osoko ikasmaterialak. Hori da gure konpromisoa.
Gainera, hastapenean baizik ez gaudela esateko beste arrazoi bat ere badago. Euskal curriculumaz gain EKI proiektuak jauzi kualitatibo gehiago egingo baitu hezkuntza ereduan. Alegia, hezkuntza eredu berri bat proposatzen digu EKIk, konpetentzietan oinarrituta eta integrazioaren pedagogiaren bitartez.
EKI ez baita material pedagogiko huts bat, hezkuntza eredu berri baten oinarria baizik.