IKASTOLA 204 > elkarrizketak > GIZARTE ZIENTZIAK

Harri Beobide, Joxin Azkue, Jaione Isazelaia

GIZARTE ZIENTZIAK

"Lehen baliabide digitalak osagarriak ziren eta gaur ikasmaterialetan integratu dira"

Harri Beobide Gizarte Zientzietako ikasmaterialetan egile eta gidari izan da urte askoan, eta Eleanitz English-en barruan Gizarte Zientziak ingelesez emateko egin diren materialen egileetakoa ere izan da. Jaione Isazelaia Bergarako Aranzadiko irakaslea izan da urte askoan, eta IKTeen arloan lan egitera etorri zen Ikastolen Elkartera. Joxin Azkuek ere ibilbide luzea eta arlo askotakoa du. IKTen erabileran aitzindari izan zen.

 

"Lehen baliabide digitalak osagarriak ziren eta gaur ikasmaterialetan integratu dira"

-Dituzuen baliabide ugariak kontuan hartuta, posible litzateke Gizarte Zientzietako klase bat irudikatzea? Demagun klimaren gaira iritsi garela.

Nik, irakasle bezala, Virtusbook edukiko nuke arbel digitalean  klimen mapa proiektatuz abiatzeko. Plataforma horretan, gainera, Ekiguneko baliabide guztiak daude. Ekigunen irudiak eta mapak bakarrik daude edo digitalki egindako fitxak; ez dago testurik. Virtusen, aldiz, testuak, fitxak, bideoak, irudiak... dena bertan duzu. Muturrera eramanda, posible litzateke paperik gabe unitate bat lantzea ere, jarduerak ordenagailuan eginez. Dena den, papera eta baliabide digitalak elkarren lagungarri bezala erabiltzea izango da ohikoena.

-IKT baliabideak arloan bertan integratu dira. Interesgarria izan da Joxin Azkuek baliabide hauen historiaz egin duen gogoeta.

Lehen liburuak bakarrik genituen gelan, eta gai batzuen inguruan ekarpenak egiteko erabiltzen ziren IKTak,  adibidez animazioak ikusi, informazioa bilatu,  mapa edo grafiko batzuek egiteko. Gaur arloak eskatzen duen bakoitzean jotzen dugu baliabide digitaletara, modu oso naturalean. Koordenatuak egiteko, munduko mapa batean zerbait kokatzeko edo ibilbideak egiteko Goggle Maps-era jotzen dugu.

-Gainetik bederen konta iezaguzu lehen ikasturte honetan zer gai lantzen diren.

Ingurunea (geografia fisikoa) lantzen da lehen unitatean, eta beste bietan Historiaurrea eta Antzinaroa. Azken unitatean  bereziki antolakuntza politikoa lantzen dugu: gaurko egoera batetik, Maiatzaren 15eko mugimendutik, Antzin arora jotzen dugu, eta orduko eta gaurko demokrazia kontzeptuak alderatzen ditugu.

Hau guztia egoeraren bidez lantzen denez, lehen unitateko lehen egoera aipatuko dizut: ikasle bakoitzak bizileku bat aukeratu beharko balu, nora joango litzatekeen erabaki behar du, honi buruzko informazioa bilatu, bildu, aztertu eta erabakia arrazoitu.

 

 

 

 

ikastola 204
2013 Ekaina
204