Maite Gomez, Maria Galdeano, Xabi Garcia eta Ritxi Abril
MATEMATIKAK
"Matematika gustatzen ez zaien ikasleak berreskuratu egin dituztela esan digute"
Maite Gomez gidari dela bost irakasleko sortzaile taldea ari da EKI proiektuaren barruan Matematikaren arloa lantzen. Bi orduko aurkezpena egin zuten eta bukaeran Maite Gomezi galdera batzuk egin genizkion laburtze aldera.
Maite Gomez: hernaniarra. Ibilbide profesionala: Orereta ikastolan hasi eta, ondoren, Haurtzaro eta Oiartzo ikastoletan Matematika arloko irakasle. Xabier Garcia: hernaniarra. Laudio ikastolako irakaslea Matematika eta Natur Zientziak arloetan. Ritxi Abril: beratarra. Lekeitioko R.M. Azkue ikastolako irakaslea Matematika eta Natur Zientziak arloetan. Maria Galdeano: santurtziarra da. Pedagogoa, Hezkuntza Ebaluazioan aditua. Ikasmaterialgintzan, edizioan eta irakasleen prestakuntzan eskarmentua badauka ere azken urteetan Ikastolen Elkartean osatu du ibilbide profesionala Ebaluazio arduradun gisa.
"Matematika gustatzen ez zaien ikasleak berreskuratu egin dituztela esan digute".
-Beste arlo batzuetan bi eta hiru sortzaileko taldeak ari dira lanean. Zuek bost zarete. Zergatik?
Gaur lau ginen aurkezpenean eta Arantza Arregi da bosgarrena. Arrazoia sinplea da: Maria Galdeano eta biok hasi ginen proiektuaren marko teorikoa Matematika arloan nola gauzatu aztertzen, baina unitateak sortzera pasatu ginelarik, lankide gehiago sartu ziren taldera, ez diogulako lanaldi osoa proiektuari ematen. Ritxi Abrilek eta biok ikastolan jarraitzen dugu lanean, hark Lekeitioko RM Azkuen eta nik Haurtzaron; beste kideek ere Ikastolen Elkartearen barruan beste lan batzuk dituzte. Sortzaileen bulegotik irten eta ikasgelara joatea aberasgarria dela uste dut. Arantza Arregik, berriz, IKT jardueretan lagundu digu bereziki. Bera Arizmendiko irakaslea da.
-Matematikari buruzko ikuspegi funtzionalaz mintzatu zara aurkezpenaren hasieran.
Matematikaren ikaskuntza oso zentratua egon da edukietan: kalkuluan, adierazpenean eta gisakoetan. Baina konpetentzien garapenak ekintza eskatzen du, eta ekintza bideratzeko funtzio bat eman behar zaio ikasten duzunari. Zertarako ikasiko dut hainbat eduki, gero bizitza errealean erabiliko ez badut. Ardatz formatiboari garrantzia eman behar zaio, noski. Ikasleak eduki-baliabideak ikasi behar ditu; tresna batzuk erabiltzen ere ikasi behar du, baina erabilera funtzional bati begira, bizitzaren aurrean sortzen zaizkion egoerei aurre egiteko.
-DBH1ean buruketen ebazpenaz baino gehiago, arazoen ulermenaz hitz egin behar dela esan duzue.
Buruketa baten ebazpena baino gehiago, zabalagoa den zerbait proposatu nahi diogu ikasleari, erronka bat eskatzen duen egoera, alegia. Eta hori da ikasmailaren amaieran ikasleari eskatuko dioguna: arazo hori ondo kokatzen eta ulertzen jakin behar du lehenik, eta gero ikasleak soluziobide batera iristeko behar dituen baliabide matematikoak hautatuko eta erabiliko ditu. Azkenik, lortutako soluzioa era egokian adieraztea ere ezinbestekoa da.
-Aurkeztu duzuen unitate didaktikoan hiru egoera lantzen dituzue. Egora bat edo bi aipatzeak eman diezaguke argibiderik.
Unitateko lehen egoera, hasierako egoera, esate baterako, ikaslearengandik oso hurbil dagoena da: ikas-bidaia planifikatu behar du. Denborak, distantziak, sosak izan behar dituzte kontuan. Egitarau bat antolatu behar dute, kalkulu orriaren bidez aurrekontua egin...
-Lehen aldiz ebaluatzeko irizpide batzuk finkatu dituzuela esan duzue aurkezpenean. Hala al da?
Ez hori bakarrik. Ebaluazio irizpideak eta adierazleak finkatu ditugu konpetentziaren ebaluaziorako, baina proposamen honetan, lehen aldiz, ebaluazioa ikas-prozesuan integratu da ikas-irakas prozesuaren erregulazioa bideratzeko.
Ebaluazioak hezitzailea izan behar du, eta hausnarketan oinarritutako pentsamendua garatzen lagundu behar dio ikasleari. Horretarako, ikasleak ekintzak aurreplanifikatzen, estrategiarik egokienak aukeratzen, autoebaluatzen, zailtasunak identifikatzen, laguntza eskatzen, … ikasi behar du.
Proiektuak ebaluazio tresna berriak eskaintzen dizkio irakasleari gelako praktikak planifikatzeko, ikasleak bere lorpenen inguruan hausnartzeko, dakienaren eta ez dakienaren kontzientzia hartzeko, ebaluazio irizpideak partekatzeko, autoebaluatzeko eta koebaluatzeko.
-Jardueren tipologia agertzen ari zela, ariketak ‘ludikotzat’ kalifikatu ditu Ritxi Abrilek. Zuk ikusi al dituzu ikasleak jarduera hauekin gozatzen?
Nik uste dut posible dela hala izatea. Iaz egin genuen esperimentazioan aldaketa handia ikusten zen. Irakasleentzat ere aldaketa handia da, eta hasieran kosta egiten zaie; baina bai irakasleek eta bai ikasleek oso iritzi positiboak eman dizkigute. Esaten ziguten Matematikan ondo moldatzen ez ziren ikasleak berreskuratzeko balio zezakeela ikas-material honek. Ikasle horietako batzuk erreskatatu egin zituztela, alegia, eta horrek poz handia eman zidan.