Amaia Artolazabal, Irune Urbina eta Kristina Boan
EUSKARA eta LITERATURA
"Oinarrizko konpetentzia komuna dute hiru hizkuntzek, baina lorpen maila ezberdina aitortzen zaie"
Amaia urretxuarra da, Irune arrasatearra eta Kristina beratarra. Urretxu-Zumarraga, Arizmendi eta Haurtzaro ikastoletako irakasleak ditugu. Ikastolen Elkartean Hizkuntza proiektuan elkar ezagutu zuten aspaldian. Orduz geroztik 'izpiritu sandua' bezala hirurak bat egiten dute lanean, lan egiteko eran eta estiloan.
"Oinarrizko konpetentzia komuna dute hiru hizkuntzek, baina lorpen maila ezberdina aitortzen zaie"
-Kontatu taldeari buruzko xehetasun batzuk: nola osatu zenuten, nondik nora ibili den kide bakoitza, eta material hauek egiteko zer kolaborazio izan dituzuen.
Kristina, Irune eta hirurok iazko ikasturtean hasi ginen elkarrekin DBH 1eko euskarako unitateekin lanean. Kristinak eta Irunek Hizkuntza proiektuan ezagutu zuten elkar, biak ere bertako taldekideak baitira. Irunek eta biok Euskal Curriculumaren garapena bideratzeko taldean jardun dugu beste arloetako kideekin batera, Mikele Aldasoro eta Xabier Garagorriren gidaritzapean. Gu hiruroz aparte, Oihan Odriozola eta Josune Gereka ere taldekideak dira; arlo guztien artean harikaltzen dugun IKT konpetentziaren garapenari begira euskara arlorako IKT jarduerak sortu eta proposatzen dizkigute.
-Hizkuntzen tratamendu bateratuz mintzatu zineten aurkezpenean. Praktikan nola koordinatzen da hiru hizkuntzen arteko tratamendu hori?
Hizkuntzak eta Literatura arloa osatzen dugu hiru hizkuntzok. Arloko oinarrizko konpetentzia komuna dugu, lorpen-maila desberdinak aitortuz euskara eta gaztelaniari, eta ingelesari; arloko konpetentziak ere berdinak dira, horiekiko hizkuntza bakoitzak bere ekarpena egiten du eta elkarren osagarri dira. Berezitasunak berezitasun, ikasturte amaierako konpetentzia beraren lorpenera begira diseinatu ditugu hiru hizkuntzetako unitateak, Mikele Aldasororen gidaritzapean: unitateetako konpetentziak, hizkuntza bakoitzaren hizkuntza-baliabideak, batetik bestera transferi daitezkeen ikaskuntzak, etab. DBH 1en eginaren balorazioa eginda, ondo eginak eta hobetzekoak identifikatuta, datorren ikasturteetan bide beretik segituko dugu lanean.
-Ostadarreko materialak baliatu al dira eta zenbateraino EKIkoak egiteko orduan? Eta zer diferentzia daude Ostadar eta EKIren artean.
Ostadarretik EKIrako bidean ez dago etenik, beste urrats bat baizik. Ostadarren ikasitakoa baliatu dugu eta EKIrako ibilbidean ikasitakoaz aberastu. Ostadarren proiektua aurkeztu, hari erantzuteko helburu didaktikoak zehaztu, proiektuaren baitan testuinguratuta beharrezko eduki-baliabideak ikasi funtzionaltasuna emanez… EKIn proiektua beharrean, hasierako egoera aurkezten zaie ikasleei: testuinguru batean zer egin behar duten, zergatik, norentzat, zertarako, nola. Egoera horri erantzuteko irakasten-ikasten dira eduki-baliabideak eta horiek erabiltzen dituzte egoera ebazteko. Ondoren dator berrikuntza. Izan ere, bide hori eginda, EKIn hasierakoaren antzekoa, baina era berean desberdina den egoera berria aurkezten zaie ikasleei, hasierako egoeraren baitan ikasitakoak beste egoera honetan ere erabiltzen irakasteko-ikasteko. Horrela, helburu didaktikoekin lotutako eduki-baliabideak ikasi bakarrik ez, horiek beste egoera batzuetan erabiltzen ere ikasiko dute ikasleek. Eta hor dago konpetentzia.
Bada beste berrikuntzarik unitate didaktikoaren sekuentzia-ereduan; jarduera mota berriak daude: planifikazio-jarduera, autorregulazio-jarduerak. Ikaslea bere ikaskuntza-prozesuaz kontziente eta haren protagonista egiten laguntzen dutenak.
-Erabiltzen duzuen metodologia Integrazioaren Pedagogian inspiratzen da. Bizitzako egoera errealak aurreikusiz edo ikaslea horietan kokatuz lantzen dira edukiak eta konpetentziak. Aipatu aurkeztu duzuen unitate didaktikokoan zein diren egoera horietako batzuk?
Aurkeztutako unitatearen izenburua “Elkarrekin bizi(hi)tza” da. Unitatearen hasieran aurkezten den egoerari zor dio izenburua. Izan ere, Euskal Herriko ikasleen arteko elkartrukea egiteko aukera eskaintzen zaie ikasleei. Unitateko bigarren egoeran Ikastolako mendi-irteerara txakurra eraman eta hura galdu duen gaztearen paperean jartzen dugu ikaslea. Hirugarren egoera konpetentzia zertifikatzekoa da, eta lapurreta baten salaketa egitea du ardatz.
Hiru egoerak desberdinak dira, baina antzekoak, familia berekoak; badute zerbait komunean, badira hiruretan erabili beharreko ikaskuntzak, eta horiek dira, bereziki, unitatean lantzen direnak.