MIKELE ALDASORO
"Ezinbestekoa da konpetentzia eta egoera lotzea"
Egoerei aurre egiteko beharrezkoak dira arloetako ezagutzak; eta ikasitako edukiak antzeko ezaugarriak dituzten beste egoera batzuetara transferitzea.
"Laugarren fasearen funtzioa ikasleak konpetentziaren lorpena frogatzea da"
Hezkuntza eredu berri hau nola gauzatzen da eguneroko praktikan? Integrazio Pedagogian egoeren bidez lan egiten dela esan duzue.
Esan dugu konpetente izatea eguneroko bizitzan aurkitzen diren egoerei aurre egiteko ahalmena erakustea dela. Horrek bikote banaezina bihurtzen du konpetentzia eta ikasleari konpetentzia hori bizitzako eremu desberdinetan baliagarri izango zaion egoren identifikazioa. Beste modu batera esanda, ezinbestekoa da konpetentzia eta egoera lotzea. Egoerei aurre egiteko beharrezkoak dira arloetako ezagutzak, baina konpetente izateko irakaskuntza eta ikaskuntza ez da horretara mugatzen, beste urrats bat gehiago eskatzen du: ikasitako edukiak antzeko ezaugarriak dituzten beste egoera batzuetara transferitzea.
Bigarren ikaskuntza horrek unitate didaktiko bakoitzak lantzen duen konpetentzia ezaugarri komunak dituzten hiru egoerekin lotzera eraman gaitu. Ezaugarri horiek, bereziki, ikasleak mobilizatu behar duten ezagutzei lotutakoak dira.
Konpetentzia, ondorioz, ekintzari erabat loturik dago, eta pertsona bat konpetente dela esatea eta ekintzailea dela esatea gauza bera da. Konpetente, ekintzaile izaten irakasteko eta ikasteko ardatza, Integrazioaren pedagogiaren ildoak jarraituz, sortu dugun Unitate Didaktikoaren sekuentzia-eredua da.
Unitate didaktikoaren sekuentzia-ereduaz hitz egitean faseak bereizi dituzue. Konta iezaguzu, gainetik bada ere, fase horien egitekoa.
Unitate didaktiko bakoitzak lau fase ditu. Hasierako fasearen funtzioa ikaslea konpetentziarekin erlazionatutako egoerarekiko kokatzea da; eta haren eskakizunei erantzuteko lan-plangintza egitea: Zer egin behar dugu? Zergatik? Nola? Bakarka? Taldean? Zer egiten jakin behar dut egoerari aurre egiteko?
Garapen-fasea dator ondoren eta bi atal ditu. Lehenengo atalaren funtzioa da ikasleak
konpetentziak /egoerak eskatutako eduki-baliabideak eta bestelako baliabideak bereganatzea. Edukiak aukeratzerakoan egoera izan dugu kontuan, baina Euskal Curriculum espezifikoa, kanpo-ebaluazioen eskakizunak eta curriculum ofizialenak ere aintzat hartu ditugu. Eta, bigarren atalaren funtzioa da ikasleak eduki-baliabideak mobilizatzen eta integratzen ikastea.
Hirugarrenik, eta amaierako fasean, haren funtzioa ikasleak eduki-baliabideak transferitzen ikastea da. Horretarako hasierako egoerekin antzekotasuna duen egoera berri baten aurrean jarriko dugu ikaslea.
Bukatzeko, laugarren fasearen funtzioa ikasleak konpetentziaren lorpena frogatzea da.