Inma Muñoa eta Letizia Viteri

ENGLISH

"Hezkuntza didaktikan aurreratuta genbiltzan arren, ikasmaterial hauek berrikuntzak dituzte"

Inma Muñoa donostiarra da, baina ikasketak bukatu berritan AEBra joan, dozena bat urte irakasle eman, eta Eleanitz English proiektuan hasi zen segidan lanean Ikastolen Elkartean. Letizia Viteri La Pueblakoa da eta bertako ikastolako ikasle ohia. Ingeles Filologia Ikasi eta hainbat ikastolatan egin du lan.

 

"Hizkuntza didaktikan aurreratuta genbiltzan arren, ikasmaterial hauek berrikuntzak dituzte".

-Konta ezazue zein talde dagoen aurkeztu dituzuen ikasmaterialen atzean.

Gu bioz gainera, Eleanitz proiektuan ibilbide luzea duten Diana Lindsay eta Phil Ballek osatzen dute taldea, eta IKT jarduerak diseinatzeko Josune Gerekaren eta Oihan Odriozolaren laguntza izan dugu.

-Ingelesaren didaktikan lehendik ere sariak jasotakoak zarete. Zer berrikuntza ekarri du EKI proiektuak zuen arloan?

Egia da hizkuntzen didaktikan urratsak eginda zeudela. Eleanitz-English egitasmoan proiektuen bidez ari ginen lan egiten, hau da, hizkuntzaren irakaskuntza ekintzara zegoen bideratuta; hizkuntza erabiltzea eta erabiltzen ikastea zen azken helburua. Horregatik, besteak beste, EKI proiekturako Eleanitzeko Subject Projects materiala hartu dugu oinarri. Hala ere, aldaketak badaude; orain, adibidez, egoera ezberdinen aurrean kokatzen dugu ikaslea. Aurkeztu dugun unitatearen lehen egoeran, esate baterako,  ikaslea musika lehiaketa batera bere burua aurkezteko bidean jartzea da ardatza, baina horretan ez da bukatzen gure proposamena, lehen egiten genuen bezala. Egoera horren ondoren beste bat proposatzen diogu, aurrekoarekin loturak dituena, aurrekoan ikasi duena transferitzen ikasi dezan.

-Aurkeztu duzuen unitateko baliabide digitalak ere oso aberatsak iruditu zaizkit.

Lehen unitatea musikaren ingurukoa denez, bideo eta audio asko sartu dugu Ekigunean. Oro har, Ingelesak aukera handia ematen du baliabide digitalekin lan egiteko.

-Esperimentatu al da material hau gela barruan?

Lehen aipatu dugun bezala, ikasmaterial berriaren oinarrian Subject Projects dago. Subject Projects 1999tik dago ikasgeletan; beraz, ibilbide luzea egin du gela barruan. Bestalde, EKI proiektuari dagokionez, unitate berrien egitura, jarduera tipologia eta abarrak zirriborratzen hasi orduko gela barrura jo genuen. Esperimentazio horretan ikusi eta ikasitakoak funtsezkoak izan dira aste honetan aurkeztu diren proposamenak aurrera eramateko. 

 

ikastola 204
2013 Ekaina
204