IKASTOLA 231 > erreportajeak > Ia 900.000 euro banatu dituzte behar handiena duten ikastolen artean

Elkartasun Ikastolak

Ia 900.000 euro banatu dituzte behar handiena duten ikastolen artean

Elkartasun Ikastolen ohiko Batzar Nagusia egin zen iragan azaroaren 29an

Xede bakar bat zuten batzartutako kooperatibistek: premiarik handiena duten ikastolei laguntzea.

Iragan azaroaren 29an egin zen, Hernanin, Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartearen Batzar Nagusia. Xede bakar bat zuten batzartutako kooperatibistek: premiarik handiena duten ikastolei laguntzea. 872.000 euro banatu zituzten eskaera egin zuten ikastolen artean. Berriro ere agerian geratu zen kooperatiben balio nagusietakoa: gizarte ekintzarena

Sortze fasean, garapen fasean edota krisian den ikastolak aurrera egin dezan, gainerako ikastolek egiten dugun elkartasun adierazpena da Elkartasun Kutxa. Urtero, 800.000 eurotik gora jartzen dituzte ikastola guztiek, eta diru hori banatzen dute euren artetik gehien behar duten ikastolen artean. Horrela, euren kabuz aurrera egiterik izango ez zuketen, edo nekez egingo zuketen proiektuek, ikastola guztien bultzada jasotzen dute.

Kooperatiben balio nagusietakoa da gizarte ekimena, gizarte ekarpena. Ezaugarri hori ikastoletan txertaturik dago barreneraino, eta halaxe jarri zen agerian azaroaren 29an, Hernaniko Orona Ideon, Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteak egin zuen Batzar Nagusian. Ikastolen Elkartea osatzen duten ikastola guztiek Elkartasun Ikastolei egindako ekarpen ekonomikoa beharrik handiena duten ikastolen artean banatu zuten, beste behin ere. 1990.eko hamarkadan Elkartasun Kutxa sortu zuten xede horretarako; hamarkada honetan Europar Kooperatiba bilakatu zen, Elkartasun Ikastolak izena hartuz. Ikastolen Elkartea osatzen duten ikastola guztiek osatzen dute, baita ere, Elkartasun Ikastolak.

Diru hori, noski, ez da ezerezetik atera. Aitzitik, ikastolen sareko 56.860 ikasleen gurasoek ordaintzen dituzten kuotetatik irten da, Elkartasun Ikastoletako lehendakari Koldo Tellituk azpimarratu zuenez. “Azken aldian hainbatek auzitan jarri digute kuotak kobratzea. Baliabide urriko familiei, eta bereziki atzerritar jatorrikoei, ateak ixteko erabiltzen ditugula esan digute, eskola segregazioaren iturburu direla kuotak”, gaineratu zuen, eta horren arrazoia eman zuen: “Ikastolok hezkuntzaren doakotasuna defenditzen dugu, baina egungo egoeran ezinezkoa zaigu hori, ezinezkoa zaigu, administrazioek ez dituztelako gure behar ekonomiko guztiak estaltzen. Euskal Autonomia Erkidegoan, esaterako, Eusko Jaurlaritzak gure beharren %66a betetzen du soilik. Nafarroan ere antzera dira kontuak: unitateko, itunpeko ikastetxeek eskola publikoek baino %22 gutxiago jasotzen dute; ikasleko, berriz, %37 gutxiago. Gainerakoa, ezinbestez, gurasoen ekarpenetatik jaso beharra daukagu”.

“Baina era, berean, eta hau ere esan dugu eta azpimarratu nahiko nuke, kuotak ez dira eragozpen izango gurean matrikulatzeko, orain ere ez diren moduan”, gaineratu zuen, “eta Administrazioak bere betebeharra betetzen ez duen bitartean, ikastoletan betiko beka sistema propioa mantendu, berritu eta indartuko dugu. Alegia, kuotak ordaindu ezin dituen edozein familia beste familien laguntzari esker mantenduko da gure ikastoletan. Eta hau ez da karitatea, gizarte ekintza baizik”.

Azaroko Batzar Nagusian egindakoa ere ez da karitatea izan, elkartasun adierazpena baizik. “Elkartasunaren bitartez, bai, gurea proiektu nazionala delako, kooperatiba garelako, ikastola bakoitza ikastola mugimenduaren, Ikastola proiektuaren eta Ikastola ereduaren tokiko adierazpena delako”, Tellituren arabera. Ikastolek euren buruari eskaini zioten tresna eraginkor honen bitartez, hainbat proiektu aurrera atera dira, eta gaur egun proiektu sendo eta osasuntsuak dira. Horren azken adibidea da Harrobia ikastola. 2006an sortua, urteotan Elkartasun Ikastolen laguntza jaso du, eta gaur da eguna proiektu sendoa dena eta etorkizun handia duena Bilbon Lanbide Heziketa euskaldunaren erreferente izateko. Iazko batzarrean azkeneko aldiz eman zitzaion laguntza. Aurten, jada ez du beharrik, eta ikastola gehienak bezala, dirua jasotzera ez, dirua ematera joan zen Batzar Nagusira.

 

Elkartasun Ikastolak: 2019. urterako laguntzak

IKASTOLA                           HERRIA                LAGUNTZA

Manex Erdozaintzi Etxart Larzabale           200.000 euro

Ikastolen Etxea                 Kanbo                  46.272 euro

Argia ikastola                     Tutera                  93.000 euro

Ibaialde ikastola               Lodosa                 103.000 euro

Bastida ikastola                Bastida                 33.000 euro

Lautada ikastola               Agurain                91.000 euro

Argantzon ikastola          Argantzun          100.203 euro

Uzturpe ikastola               Ibarra               123.000 euro

Andramendi ikastola      Beasain                82.605 euro (mailegua)

GUZTIRA                                                  872.530 euro

ikastola 231
2018 Abendua
231