IKASTOLA 231 > elkarrizketak > Finantziaketa publikoak ikastolen gastuen bi heren estaltzen ditu

Hezkuntzaren diruak

Finantziaketa publikoak ikastolen gastuen bi heren estaltzen ditu

Heldu den urteko aurrekontuetan ere sare publikoak jasotzen duenaren erdia izango du itunpekoak

Ikastolok derrigorrezko hezkuntzaren doakotasuna defenditzen dugu, baina helburu horrek urrun segitzen du errealitate izatetik.

Ikastolok derrigorrezko hezkuntzaren doakotasuna defenditzen dugu, baina helburu horrek urrun segitzen du errealitate izatetik, Hego Euskal Herriko administrazioek itunpeko sareari ematen dioten finantzaketa ere urrun dagoelako sare horrek behar duenetik. Horregatik, ikastolok derrigorrean behar ditugu urtero familiek egiten dituzten ekarpenak.

“Hezkuntzako gastu pribatuaren datuek —hezkuntzako gastu osoaren ehuneko gisa— islatzen dute zer ekarpen egiten dioten erakunde pribatu guztiek, funtsean erabiltzaileek edo haien familiek, orotariko ikastetxeen eta hezkuntza-zerbitzuen finantzaketari. Irakaskuntza guztien osotasunean, Unibertsitatean izan ezik, egindako gastu pribatuaren osagaia Euskal Autonomia Erkidegoan % 21,5ekoa izan zen 2014an, Espainian % 12,4 izan zenean eta Europan, batez beste, % 6,8 izan zenean. Euskal Autonomia Erkidegoko datuak irakaskuntza pribatuaren proportzio handia islatzen du, baita itunek ikastetxe horien irakaskuntzaren % 66 estaltzen dutela ere”.

Baieztapen hori ez dugu ikastolok egin; Euskadiko Eskola Kontseiluak aurten argitara eman duen txostenean dator. Sare publikoak eta itunpekoak oso antzeko pisua dute Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sisteman; lehenak Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoraino eta Lanbide Heziketaraino, ikasleen %50,8 ditu, eta bigarrenak, berriz, %49,2. Finantzaketan, ordea, desberdintasun handia dago: itunpeko sareak jasotzen duena halako bi jasotzen du sare publikoak.

Nafarroan ere antzera dira gauzak. Egia da sare publikoak pisu handiagoa duela hezkuntza sisteman, matrikulatutako ikasleen %68,6 biltzen baititu, eta itunpekoak %31,4. Dirua banatzerako orduan, ordea, antzera dabil: sare publikoan ikasleko 5.202 euro inbertitzen ditu Foru Gobernuak, eta itunpekoan, berriz, 3.272 euro. Unitateko, berriz, sare publikoak 102.000 euro jasotzen ditu, eta itunpekoak 80.000. Datuok Nafarroako Eskola Kontseiluak emanak dira, 2016ko aurrekontuak aintzat hartuta.

2019ko aurrekontuetan, berdin

Ezin esan, ordea, egoerak hobetzeko bidea duenik. Aitzitik, urteotako joerari eutsiko diote 2019rako Eusko Jaurlaritzak prestatu dituen aurrekontuek, Eusko Legebiltzarrean zuzenketarik ez baldin badago, eta ez da halakorik aurreikusten. Begirada azkar batean ikusten da titularitate desberdineko ikastetxeen finantzaketan dagoen desoreka.

Haur eta Lehen Hezkuntzan, sare publikoak 612.519.034 euro jasoko ditu, eta itunpekoak 313.304.614 (%66 eta %33, hurrenez hurren). Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan, sare publikoak 652.988.538 euro jasoko ditu, eta itunpekoak 361.963.732 (%64 eta %36). 0-3 etapan, berriz, sare publikoak 47.535.212 euro edukiko ditu, eta itunpekoak 29.127.322 euro (%62 eta %38). Orotara, sare publikoarentzat 1.313.042.784 euro izango dira, eta itunpekoarentzat 704.395.668 euro (%65 eta %35).

Gastu hauetan zuzenean etapa bakoitzean Hezkuntza Sailak bere aurrekontuetan gastatzen duen dirua dago, ez dira kontuan hartu Hezkuntza Sailaren beste gastu orokorrak: bekak, euskara sustatzeko laguntzak, egiturazko gastuak,Berritzeguneak ….

Eta hau dena, derrigorrezko etapetan ikasle kopurua antzekoa izanik bi sareetan.

Zer esanik ez, 0-3 etapan. Etapa honetan askoz ere nabarmenagoa da aldea. Sare publikoan etapa honetan 0 eta urte 1 bitarte dituzten haurrak eskolatzen dira, bost mila ikasle inguru; itunpeko sarean, berriz, 13.000 haur eskolatzen dira (Udal Haur Eskolak barne). Bada diruen banaketan, sare publikoak ikasle bakoitzeko 9.500 euro inguru jasoko ditu, eta itunpeko sareak, berriz, 2.250 euro inguru.

Baliabiderik gabe, ezin programa berriak martxan jarri

Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusi Jose Luis Sukiak hedabideetan berriki azaldu duen moduan, aurtengo urtean, arrazoi ezberdinak direla medio (PISA probak, Auto-diagnostiko probak, atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzea, … ), Hezkuntza Sailak publikoki azaldu du egoera zuzentzeko programa ezberdinak martxan jartzeko borondatea (irakurketa planak, IKTen erabilera, euskara sustatzeko programa, orain inklusiorako proposamena, … ). “Baina datorren urteko aurrekontuetan programa hauek guztiak martxan jartzeko ez da aurreikusi euro bakar bat ere, sare kontzertaturako behintzat. Ezin dira programa berriak martxan jarri baliabiderik gabe”, salatu du.

“Hala ere, ikastoletan, behintzat, guretzako eta Euskal Herrian hezkuntza sistema propio bat eratzeko giltzarriak diren programak martxan jarriko ditugu, eta horretarako, berriro ere, gurasoei ekarpenak eskatu behar badizkiegu, horrela egingo dugu. Eta, zehazki, atzerritar jatorria duten ikasleen gaian, bere momentuan adierazi genuen bezala, beka sistema propioarekin jarraituko dugu”, gaineratu du Sukiak.

Mezua ere badu EHIko zuzendariak Hezkuntza Sailarentzat eta zenbait eragilerentzat: “Hau dena esan ondoren, mesede bat eskatu behar diegu: Hezkuntza Sailak programa horietarako behar diren baliabideak jartzen ez dituen bitartean, ez eskatu guri ezinezkoa dena, alegia kuotarik ez kobratzea”.

Ikastolen Elkarteak egindako azken agerraldian esan zuten kuotak kobratzen zituztela eta kobratzen jasoko dituztela, datuok esku artean edukita: “Gure gurasoak kontziente dira beren seme-alaben heziketaren garrantziaz, eta prest daude irakaskuntzarako 40-50 euro ordaintzeko hilean, jakinda, gainera, zati bat elkartasunera bideratzen dela. Eta bateren batek ezin badu, beti bezala tresnak jarriko ditugu bideratu ahal izateko”.

ENTRESAKAK

Sare publikoak eta itunpekoak oso antzeko pisua dute Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sisteman (%50,8 eta %49,2). Finantzaketan, ordea, desberdintasun handia dago: itunpeko sareak jasotzen duena halako bi jasotzen du sare publikoak.

Nafarroan ere antzera dira gauzak. Dirua banatzerako orduan, sare publikoan ikasleko 5.202 euro inbertitzen ditu Foru Gobernuak, eta itunpekoan, berriz, 3.272 euro

ikastola 231
2018 Abendua
231