IKASTOLA 231 > erreportajeak > Erpin asko dituen erronka

Atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzea

Erpin asko dituen erronka

Atzerritar jatorria duten ikasleen eskolatzeari buruzko proposamena plazaratu dute ikastolek

EAEko hezkuntza sistemak huts egin du, integrazioaren ikuspegitik, atzerritar jatorriko ikasleak eskolatzeko orduan.

EAEko hezkuntza sistemak huts egin du, integrazioaren ikuspegitik, atzerritar jatorriko ikasleak eskolatzeko orduan. Eusko Jaurlaritzak berriki eman dituen datuek berretsi egin dute dagoeneko jakina zena: desoreka handia dago herrialdeen artean, sareen artean, sareen barruan eta baita hizkuntza ereduen artean ere jatorri honetako ikasleen eskolatzean. Ikastolok gure proposamena plazaratu dugu gairi herri gisa erantzuteko.

Joan den ikasturtean ikastolok eskualdez-eskualde aztertu genuen atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzearen gaia, eta baita ikastolek dagokien baino jatorri horretako ikasle kopuru gutxiago edukitzeko arrazoiak ere. Ikasturte amaieran diagnosiaren berri eman zuen Ikastolen Elkarteak, eta udazken honetarako gaiaren inguruko proposamen bat plazaratuko zuela iragarri zuen. Proposamen hori iragan urriaren 18an aurkeztu genuen ikastolok, Bilbon, Euskararen Etxean egindako agerraldian.

Atzerritar jatorriko ikasleen eskolatze orekatua egitea eta segregazioaren mehatxuari aurre egitea herri apustutzat dugu ikastolok, prentsaurrekoan adierazi genuen bezala, eta herri bezala, “gaur egungo egoera ondo aztertu eta gero, hezkuntza eragile guztiok irtenbide integralak adostu behar ditugu segregazioaren arazoari aurre egiteko; hau da, hezkuntza eragile guztiok konpromisoa izan behar dugu horretan eta Ikastolok, geure erantzukizunak betetzeko prest egoteaz gainera, gurekin nahi ditugu”.

Dena den, ikastolon aburuz, ezin da ahaztu hezkuntza aukera inklusiboak ikasleriaren egoera desberdinak hartu behar dituela kontuan, ez bakarrik jatorri atzerritarra duten ikasleena: beharrizan bereziko ikasleena, genero desberdintasuna, sexuarena, gizarte desberdintasuna, erlijioena …, eskolak aprendizaiarako beharrizan-aniztasunari arretaz erantzun behar baitio.

Noski, ezin ditugu begiak itxi egungo errealitatearen aurrean: atzerriko jatorria duten ikasle gehienak, Eskola Kontseiluaren eta Eusko Jaurlaritzaren azken txostenen arabera, eskola publiko zein kontzertatu batzuetan eskolatzen dira, eta horrek ez du laguntzen eskolatze hori modu inklusibo eta orekatuan eta aniztasuna ziurtatuz izan dadin. Ikastolok aitortzen dugu, beste sareetan bezala (publikoan eta Kristau Eskoletan), ikastoletan ere ez dela egoera homogeneo bat ematen; zenbait ikastolatan atzerriko jatorria duten ikasleen ehuneko azpimarratzekoa ematen da, beste batzuetan, aldiz, oso txikia da presentzia hori. Eta ikastolen azken ikerketaren arabera, kuotak ezin dira erabili arrazoi gisa esplikatzeko zergatik dagoen ikastola batzuetan besteetan baino atzerriko jatorria duten ikasleen presentzia handiagoa.

EGUNGO DESOREKEN ARRAZOIAK

Erpin asko dituen erronka da atzerritar jatorria duten ikasleen eskolatze orekatua. Erpin asko ditu, askotariko arrazoiengatik sortu baita egungo desoreka. Hona hemen nagusiak:
1. Atzerriko jatorria duen ikasleria bereziki matrikulazio garaitik kanpo eskolatzen da, eta horien matrikulazioa Administrazioak bideratzen du. Matrikulazio garaitik kanpo datozen ikasleak ezin dira zuzenean matrikulatu ikastetxe batean edo bestean; Eusko Jaurlaritzak erabakitzen du non matrikulatuko diren, Eskolaratze Batzordeen bidez (Hezkuntza Saileko organo bat da, guztiz teknikoa). Eta ia beti, dagokion herrian matrikulazio arazoak dituen ikastetxera bideratzen du ikaslea. Iazko ikasturtean, esaterako, 4.300 ikasle matrikulatu ziren garaiz kanpo; horietatik 250 inguru bakarrik bideratu zituzten ikastoletara. Ikastolen esperientziaren arabera, behin ikasleak leku batean matrikulatu ondoren ez dira joaten beste ikastetxe batzuetara.

2. Urbanismoa: Eskoletan bezala, herri eta hiri handietan, desoreka handia dago auzoetan, familia etorkinen eta baliabide ekonomiko urrikoen kopuruetan.

3. Ikastetxeen hezkuntza-proiektuan hizkuntza ereduak eta erlijioak duten pisua.

4. Kultura eta hizkuntza hegemonikoaren eragina.

5. Ekonomikoak: sare kontzertatuan kuotak kobratzen diren neurrian, familia batzuentzat honek arazo bat suposatzen du.

6. Baliabideak: Administrazioak ez ditu jartzen baliabide berak itunpeko sarean edo administrazio sarean eskolatzen diren etorkinen ikasleen egokitzapena bideratzeko.

IKASTOLEN PROPOSAMENAK
Eta honen aurrean zer egin? Zer proposatzen dugu ikastolok? Ikastolok argi dugu, atzerritar jatorria duten ikasleen eskolatzea Hezkuntza Lege berri baten bitartez erantzungo zaiola egokien, baina hura ez dagoen bitartean, hainbat neurri har daitezke. Hona batzuk:

1. Matrikulazioa garaitik kanpo eskolatzearen aurrean: Orain arteko politika ez da zuzena izan, Administrazioak ikasle hauek matrikulazio zailtasunak zituzten ikastetxeetara bideratu ditu, eta ez du kontutan hartu sare eta eskolen arteko oreka. Beraz, eskolatze batzordeetan hezkuntzako eragile guztiek parte hartzea eta gaur egun erabiltzen dituzten irizpideak aldatzea proposatzen dugu ikastolok.

2. Urbanismoa: Atal honetan hezkuntza eragileek gutxi egin dezakete, arlo politiko orokorrean hartu behar direlako erabakiak hiriguneetan “gethoak” ez sortzeko. Hala ere, hori ezin bada ekidin, bi neurri hartu beharko lituzke Hezkuntza Sailak:

  • Eremu horietan dauden ikastetxeen arteko orekari eustea.
  • Baliabide berezien politika: integratzeko politikak ezartzeko behar diren baliabideak eskaini ikastetxe horietan. Administrazioak, arreta eman behar die profil sozioekonomiko baxuena duten eta bazterkeria arriskuan dauden ikasleak dituzten ikastetxeei. Ikastetxe hauek beharrezko baliabideak jasoko dituzte.

3. Ikastetxea hautatzea. Eskolatzerako orduan herritar guztien aukera berdintasuna (baldintza berdinak bermatuz) eta hezkuntza eskaintzaren barruan ikastetxea hautatzeko eskubideak bermatu behar dira, ikastolon iritziz. Horrela Ikastetxeek argibideak emateko eskubidea izango dute eta “Lurralde eskolatze guneak” sortzea egoki ikusten dute, baina batez ere herri anglosaxoietan erabiltzen den metodologiari deritzote egoki: gune independenteak eta eskolen funtzionamenduari buruzko adierazle objektiboak argitaratuz.

4.- Kultura eta hizkuntza hegemonikoen eragina: Honen aurrean proposamen bakarra dugu ikastolok, hizkuntza ereduen desagerpena; ikastetxe guztiek eredu bakarra izan beharko lukete, helburu berdinarekin eta murgiltze metodologia erabiliz. Ezin da ahaztu atzerriko jatorria duten ikasleak gizarteratzeko eginbidean, hizkuntza ereduen sistema hautespen eta baztertze bidea bihurtu izan dela; beraz segregazioei aurre egiteko hizkuntza ereduak gainditu behar dira.

5. Ikastolen Harrera planak. Behin ikasleria hau ikastoletara etortzea lortuta, lortu behar da bertan geratzea. Ikastola bakoitzak bere harrera plana du. Aniztasunaren integrazioa ikastolaren jardueraren ildoa da, beharrizan bereziko ikasleek ikastola guztietan tokia dute. Horretarako konfiantza eman behar zaie ikastoletara iristen diren atzerriko jatorria duten ikasleei.

6.- Ekonomikoak: itunpeko ikastetxeetan kuotak kobratzen dira. Eskola Kontseiluaren azken txostenak azaltzen duen bezala, Administrazioak ikastetxe hauen gastuen %66 finantzatzen du, eta gainerako guztia gurasoek ordaintzen dute (txosten horren arabera hezkuntza gastuen %21a familiek ordaintzen dute). Horren aurrean ezin dugu asko esan, baina Administrazioak bere betebeharra betetzen ez duen bitartean, ikastoletan betiko beka sistema propioa mantenduko dugu. Alegia, kuotak ordaindu ezin dituen edozein familia beste familien laguntzari esker mantenduko da ikastoletan. Hori bai, hainbat berritasunekin, eta horrela oso ezaguna izan beharko da ikastolaren ingurune geografikoan, jendeak (behar dutenek) sistema horretara jotzeko posible den naturaltasun eta diskrezio handienarekin. Ez dadila izan, eta ezta iruditu ere, karitatean oinarritutako sistema bat dela; objektibatua egon behar da, ikastolako urteroko aurrekontuetan aurrez ikusita egon behar da, aukera ezberdinak eskaini behar dizkie ordaindu ezin duten familiei, hainbatek zerbaitetan “laguntzea” nahiago izaten baitu ordainketatik salbuetsita egotea baino.

7. Udaletxeen parte hartzea. Segregazioaren arazoa ez da bakarrik hezkuntzarena, eta horregatik ikastoletako harrera planak aipatzen diren bezala, era berean herri eta auzoetan administrazioek bultzatutako harrera plan integralak egon behar direla pentsatzen dugu ikastolok. Horrela, egokia izango litzateke eskolan, eskolaz kanpoko jardueretan eta aisialdian parte hartzen duten eragileek elkarlanean aritzea atzerritar jatorria duten ikasleekin.

8.- Orain dela 11 urte, ikastolok etorkin jatorria duten ikasleen integrazioa bideratzeko ikerketa bat egin genuen, eta proposamena egin genion Hezkuntza Sailari. Ordutik ez dugu inolako erantzunik izan, eta Administrazioak ezartzen dituen baliabideak gero eta urriagoak dira. Ikastolon ustez, horretarako bideratzen den diru kopurua biderkatu egin beharko luke Jaurlaritzak, eta urteko 20 milioitik gora inbertitu beharko lituzke hezkuntza sisteman.
 

PROPOSAMENAK PARTEKATZEKO GOGOZ
Ikastolok gogoa dugu urrian aurkeztutako proposamena partekatzeko. Horretarako deia luzatu genuen proposamena aurkeztu genuen egunean berean, eta hasi gara, hasi garenez. Azaroaren 30ean Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean aurkeztu zuten Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk eta zuzendari nagusi Jose Luis Sukiak. Era  berean, atzerritik etorritako komunitateen taldeekin ere partekatu nahi dugu proposamena eta ikastolen inguruan duten ikuspegia ezagutu nahi dugu. Halaber, udalen etorkinen harrera planak ere ezagutu nahi ditugu, eta elkarlanean zer egin daitekeen aztertu. 

Asmo onak bai, baina…

Ikastolek aztertu berri dute atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzearen inguruan  Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak argitaratu berri duen azterlan sakona; baita eman dituen datuak eta egoera zuzendu-orekatzeko  proposatu dituen neurriak ere, eta nahiz eta ikastolentzat neurri eraginkorrena esparru hori Hezkuntza Lege Orokor batean arautzea izan, poztu egin dira orain dela aste gutxi batzuk ikastolek aurkeztutako txostenarekin bat datorrelako, hein handi batean, bai diagnostikoan, eta baita proposatzen dituen neurri batzuetan ere.

Jaurlaritzaren txostenak diagnostikoan bat egiten du ikastolekin puntu hauetan:

• Desoreka dago lurraldeen artean, eta, lurralde barruan, herrien eta hirien artean.

• Desoreka dago sareen artean eta sare berdineko ikastetxeen artean.

• Eskolatze batzordeek ikasturtean zehar egiten duten ikasleen banaketa ez da zuzena.

• Matrikulazio oreka-desoreka ezberdina da etapen artean (eta, nagusiki desoreka hori Lehen Hezkuntzan ematen da eta ez Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan).

• Hizkuntza ereduak badu garrantzi handia ikasle talde honek aukeratzen duen ikastetxearekin, baita eskolatze batzordeek ikasle hauek nora bidali erabakitzeko orduan ere.

Proposatzen dituen neurrien artean, berriz, honetan egiten du bat ikastolekin:

• Sarbide eta informazioan.

• Plangintzan.

• Bekak eta zerbitzu osagarriak.

• Pertsonalari buruzko politika berria.

• Hezkuntza politika.

Ikastolek faltan bota dute, ordea, hizkuntzen inguruko planteamendu zehatz eta ausart bat, ezin baita ahaztu atzerriko jatorria duten ikasleak gizarteratzeko eginbidean, hizkuntza ereduen sistema hautespen eta baztertze bidea bihurtu izan dela; beraz segregazioari aurre egiteko, hizkuntza ereduak gainditu egin behar direla uste dute ikastolek. Era berean, kezkaz ikusi dute ikastolek, Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen egitasmoak ez duelako oinarrizko memoria ekonomikorik, eta kezka handiagoa da, 2019ko aurrekontuen proiektua aztertuz gero. Izan ere, Sare Publikoaren baliabideetan sartu gabe (askoz zailagoa delako partida zehatzak aztertzea, proiektu askok pertsonal propioarekin gauzatu daitezkeelako, eta orain, gainera, jakin da 126 irakasle gehiago kontratatu behar dituztela), hona hemen sare itunduan azaltzen diren zenbaki batzuk: atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzea laguntzeko 2.090.000 euro eman dizkie Jaurlaritzak sare itunduko ikastetxeei aurten. Heldu den urterako 1.680.000 euro aurreikusi ditu, 410.000 euro gutxiago, %20ko jaitsiera.
 

ENTRESAKAK
Atzerritar jatorriko ikasleen eskolatze orekatua egitea eta segregazioaren mehatxuari aurre egitea herri apustutzat dute ikastolek, eta, herri bezala, gaur egungo egoera ondo aztertu eta gero, hezkuntza eragile guztiek irtenbide integralak adostu behar dituztela uste dute.

Administrazioak matrikulazio zailtasunak zituzten ikastetxeetara bideratu ditu ikasle hauek, eta ez du kontutan hartu sare eta eskolen arteko oreka. Beraz, eskolatze batzordeetan hezkuntzako eragile guztiek parte hartzea eta gaur egun erabiltzen dituzten irizpideak aldatzea proposatu dute ikastolek.

Administrazioak bere betebeharra betetzen ez duen bitartean, ikastoletan betiko beka sistema propioa mantendu eta indartuko dute. Alegia, kuotak ordaindu ezin dituen edozein familia beste familien laguntzari esker mantenduko da ikastoletan.

ikastola 231
2018 Abendua
231