IKASTOLA 209 > ikastolak > TXIKIAK HANDIEI BEGIRA, HORRETAN ERE EUSKARAZ

Aranzadi Ikastola, Bergara

TXIKIAK HANDIEI BEGIRA, HORRETAN ERE EUSKARAZ

Zer hoberik txikiak eta handiak nahastea baino, handiak egitasmoaren arduradun bihurtzea, patioan  euskaraz jolasteko orduan?  

Hausnarketaren ondorioa izan da horixe, Aranzadin antolatu dutena. Hilean behin elkartzen dituzte, baina aurreko ardura-lan handia dago DBHko ikasleen eskutik doana, eurek guztia erabaki, antolatu eta baloratu egiten baitute. Emaitzak oraindik neurtu ez dituzten arren, ez dago zalantzarik Hizpro-ren eskutik etorri den egitasmoa baikorra dela. 

Urteak dira Hizpro-tik bideratzen dela neurketa. Batxi-ko ikasleen ardura baita “euskararen erabileraren” neurketak egitea jolas ordutan, eta ikastolako sarrera zein irteeratan. “Urte askoan emaitzak adierazi digu DBHn ikasleak hasten zirela gaztelaniaz hitz egiteko joerarekin; baina, iazko datutan, besterik azaldu zen, hau da, adinean aurreratzen zirela, LH5. eta 6.mailatan hasita zirela” kontatu digu Aranzadi Ikastolako zuzendariak, Ane Barrusok.

“Ondorio horrek hausnarketa egitera bultzatu gintuan, zer egin izan zen galdera klabea. Azkenean ohiko kanpainak ez direnez oso eraginkorrak, beste zerbaitetan pentsatu behar genuen. Argi genuen LHkoak DBHkoei begira egoten direla, hauek zer egin haiek imitazioan jarraitzeko. Eta erabaki genuen elkartu egingo genituela. Horrela LHkoek ikusiko zuten handiagoak euskaldunak direla, euskaraz jolasten dutela, eta aisialdia euskaraz egiten dutela” jarraitu zuen Anek.

“DBHko Euskara Batzordearekin mintzatu ginen, hausnarketaren eta erabakiaren berri eman bezain pronto, oso ideia ona iruditu zitzaienez, martxan jarri ginen. Ardura da hilean behin jolasak antolatzea LH eta HHkoentzat. Irakasleok laguntzen dugun arren,  ikasleena da ardura. Eurak erabakitzen baitute adin bakoitzerako zer jolas asmatuko duten. DBHkoek erabakitzen dute lehenengo mailakoekin halako jolasa eginen dugu, bigarrengoekin beste hura …” esan digu Jolanda Jauregi irakasleak.

“Iritsi da eguna, DBHkoek prestatzen dute dena. Txikiak zoratzen ateratzen dira jolaslekura, handiekin arituko baitira. Denak pozik”. Parte hartzea boluntario izan arren, ia ikasle guztiak inplikatzen dira. “Gertatu izan da, adibidez, Batxi-koek azterketak izatea, eta haiek eskatzea hilabete horretan ez aritzea. Jakina, ez dago arazorik, oraingoan kale hurrengoan bale” kontatu digu Amaia Madinabeitia irakasleak.

“Jolas eguna antolatzen da egun berean ikasle denekin. Patioa handia da, musika ipintzen dugu, saltsa eta martxa denean. Herrian zabaltzen ari da noizean behin hor patio horretan zarata entzuten da, ez dakit zer egiten duzuen … eta horrelakoak. Polita da halakoak entzutea” dio Anek.

“Hilabetean behin izaten da, hilabetearen lehen astean. Berdin dio zein eguraldi tokatzen den “Egia da zortez ibili garela, orain artean eguraldi ona izan baitugu, ateri izan dugu beti. Berdin da gainera. Ikasleek A eta B planak antolatzen baitituzte: euririk ari duela? Batzuk gimnasiora, besteak … baita pasilloetara ere, dena erabiltzen da. Ona eginez gero halako jokoak; txarrarekin, beste horiek. Dena aurreikusten baita; eta zerbait primeran ateratzen ez bada, hurrengorako apuntatuta. Eguna pasatakoan ikasleak biltzen dira balorazioa egiteko, zerk funtzionatu duen eta zein hobetu behar duten ikusteko. Oso gustura ibiltzen dira, joko zerrenda eskuan hartuta, zer eta nola antolatuko. Pentsatu genuen neskek parte handiagoa hartuko zutela mutilek baino, baina horretan erratuta ginen, azken hauek ere enkantados ibiltzen baitira” bukatu zuen Anek kontatzen.
 

ikastola 209
2014 Ekaina
209