IKASTOLA 235 > erreportajeak > Ikastolak, hurrengo hamarkadari begira

Ikastolen Ikasturte Hasiera Ekitaldia

Ikastolak, hurrengo hamarkadari begira

Hiru erronka nagusi aipatu dituzte: Ikasleen euskararen erabileraren eta kalitatearen beherakada, jaiotza tasaren jaitsiera larria eta atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzea

Baionako Bernat Etxepare Lizeoan ospatu zuten ikastolek 2019-20 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia.

Baionako Bernat Etxepare Lizeoan ospatu zuten ikastolek 2019-20 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia, iragan irailaren 28an. Bertan iragarri zuten hurrengo hamarkadarako gogoeta prozesua abiatu dutela, gizartean egon diren aldaketei ikastolek, hezkuntza erakunde gisa baina baita gizarte eta euskalgintzako eragile gisa ere, eman beharreko erantzunak jorratu eta erabakitzeko.

Duela hamar urte, hiru urteko gogoeta prozesu bat amaitu zuten ikastolek, eta horren ondorioa izan zen Ikastolen erakundetze berria; Europar Kooperatiba bihurtu ziren. Horren ondorioa izan zen, baita ere, hamarkada honetan euskaran, euskal kulturan eta euskal curriculumean oinarrituta aurrera eraman duten eraldaketa pedagogikoa.

Orain ere abiatzera doaz beste gogoeta prozesu bat ikastolen komunitatean, hurrengo hamarkadari erantzun egokiak emateko gakoak aurkitu eta garatzeko. Gizartea aldatzen ari da. Gizarteak hezkuntzari egiten dizkion eskaerak ere bai: «Ikastolok hausnartu behar dugu zer nolako erantzunak eman behar dizkiogun gizarte aldaketari, zer nola jokatu behar dugun hezkuntza erakunde gisa, baina baita euskalgintzako eta gizarte eragile gisa ere. Behar den denbora guztia hartuko dugu lan honetan, baina, era berean, denbora hori guztia ongi aprobetxatuko dugu, abiadura hartuta, ez gara geldituko», adierazi zuen Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk, Ikasturte Hasierako Ekitaldian egin zuen hitzaldian.

Hiru erronka nagusi

Euskal gizartean eman diren aldaketen inguruan, fokua euskararen normalizazioan eta aldaketa demografikoan jarri zuen Tellituk. Lehenik ikasleen euskararen ezagutzaren eta kalitatearen beherakadaz ohartarazi zuen; gero, jaiotza tasaren jaitsiera larriaz mintzatu zen; azkenik, atzerritar jatorriko ikasleen eskolatze desorekatua eta kolektibo hau proportzionalki hartzen ari den pisua izan zituen hizpide.

Aurreko ikasturte guztian zehar ohartarazten aritu dira ikastolak behin eta berriro, ikasleen euskararen erabilerak eta kalitateak behera egin dutela modu larrian. Argi gorriak piztu dituzte, eta alor horretan indarrak biderkatu dituzte ikastoletan, bai erabilera eta kalitatea hobetzeko, baina baita euskararekiko atxikimendua indartzeko ere. “Baina hau ezin dugu ikastolok bakarrik bideratu”, esan zuen Ikastolen Elkarteko lehendakariak; “Hezkuntza sistema osoan lan egin behar da, eta, horretarako, murgiltze eredua ezartzea ezinbestekoa da”, erantsi zuen. “Badakigu, noski, Hezkuntzatik bakarrik erantzun ezin daitezkeen faktoreak ere badirela, haur eta gazteen komunikatzeko eta kultura kontsumitzeko ohitura berrietan euskarazko kultur eskaintza ur tantak dira ozeano handi batean. Ordua, da, beraz, hezkuntzak, kulturak eta euskalgintzak bat egin eta herri gisa erantzuteko erronka handi honi”.

Aste horretan bertan jakin ziren, bestalde, jaiotza tasaren datu beldurgarriak: aurtengo lehen hiru hilabeteetan %4,3 egin du behera, 3.740 haur jaio ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Datuaren garrantzia ondo ulertzeko, erreferentzia bat eman zuen Tellituk: “Gerra Zibileko zifretan gaude!” Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere ez dira aurreikuspen baikorrak. Azken urteotan jaiotza-tasa jaisten ari da urtero, eta horrela jarraituko du hurrengo urteetan; eta neurriak hartu ezean hainbat gela eta ikastetxe desagertzeko arriskuan egon daitezke. “Egoera honen aurrean, Tellituk esan zuenez, aukera desberdinak daude. “Horietako bat da gerra ireki bat hastea hezkuntza eragileen artean, sare baten lehentasun osoa aldarrikatuz, desagertzeko arriskua beste sareetako ikastetxeetan kokatuz… Beste aukera bat da, berriz, egoera honen aurrean hezkuntza eragileek neurri adostuak proposatzea, esate baterako geletako ratioen jaitsiera, guztiz egingarria aipatutako jaiotza-tasaren jaitsieraren ondorioz”.

Jaiotzen datuok beste adierazle esanguratsu  bat erakutsi dute: jaio diren haurretatik, hirutik batek ama edo aita atzerritarra dute. Horri erantsi behar zaio ikasturtean zehar geletara iristen diren atzerritar jatorriko ikasleen kopurua ere gorantz doala. Azken urteetako joera da hori, eta jaiotza tasaren jaitsierari erantsiz, ikasle talde honen pisua gero eta handiagoa da. “Kontuan izan behar dugu familia hauek euskararen eta euskal kulturaren ezagutza oso urria dutela, edo ez dutela horien berri. Gainera, ikasle hauen presentzia ez da batere orekatua izan ikastetxeen artean, eta horrek segregazio arriskua ere ekarri du”, ohartarazi zuen Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Iragan ikasturtean aldaketa bat nabaritu zutela ere esan zuen, “ez guk nahiko genukeen intentsitatekoa ezta leku guztietan ere”, baina atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzea aurreko ikasturteetan baino modu orekatuagoan egin zela. Ikastolen zifra orokorrak bikoiztu egin ziren ikasturte batean. Aurten ere, lehen datuen arabera, bide horretatik doaz. “Jaurlaritzak bide honetan sakon dezala espero dugu eta ikasleen eskolatzea gero eta modu orekatuagoan egin dezala”, azaldu zuen Tellituk.

Arriskuak aukera bihurtu

“Ikasleen euskararen ezagutza eta kalitatearen jaitsierari jaiotza tasaren beherakada eta euskara eta euskal kulturaren ezagutza urria edo batere ez duten ikasleen pisua gero eta handiagoa eta segregazio arriskua batuz, ekaitz perfektuaren aurrean gaudela esan genezake? Ez nuke apokaliptikoa izan nahi, baina gerta daiteke denbora gutxian ia hogeita hamar urte atzera egitea”, ohartarazi zuen Ikastolen Elkarteko lehendakariak.

Baina arriskuak aukera gisa ere har daitezkeela erantsi zuen: “Herri gisa jokatuz gero, lor daiteke horri guztiari buelta ematea”. Horretarako etxeko lanak egin dituzte ikastolek: indarrak biderkatu dituzte ikasleen euskararen erabilera eta kalitatea hobetzeko, hizkuntza proiektuak eguneratuz; euskararekiko atxikimendua bultzatzeko Pulunpa egitasmoa sortu dute; atzerritar jatorriko ikasleentzako harrera planak gaurkotzen ari dira eta baliabide urriko familientzako beka sistema berria amaitzear dute.

“Badakigu ikastolok ezin dugula hau dena bakarrik egin. Horregatik proposatzen dugu alor eta eragile desberdinen arteko elkarlana, horregatik proposatzen dugu hizkuntza ereduak gainditu eta murgiltze sistema ezartzea, horregatik proposatzen dugu atzerritar jatorriko ikasleen eskolatze orekatua eta harrera plan integralak, herri eta eskualde mailakoak, segregazio arriskuari aurre egiteko euskaratik eta euskaraz integratzea…”, azaldu zuen Koldo Tellituk.

Lurraldez lurralde

Lurralde desberdinetako errepasoa ere egin zuen Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Baionan, egonik, Ipar Euskal Herritik abiatu zen. Ikasturtea itxaropentsu ireki dute Seaskako ikastolek, ikastola berri batekin, mugimenduaren 111.a, 4.000 ikasleren langa gaindituta, eta Bernat Etxepare Lizeoa handitzeko egin den eraikinarekin. “Baina, azken aldian, ohituta gaude ikasturte amaiera gatazkatsuetara, gure ikastolen hazkundearen neurriko irakasle postuak ukatzen dizkigutelako, edo urtero gertatzen den moduan, gure ikasleek Brebeta eta Baxoa euskaraz egiterik ez dutelako. Aldarrikatzeari eta dagokiguna exijitzeari ez diogu utziko, baina gure eginkizun nagusia bakean egin nahi dugu, gure ikasleei, gure seme-alabei, ahalik eta hezkuntzarik onena eman nahi diegu, euskaratik eta euskaraz», azaldu zuen Tellituk.

Nafarroari dagokionez, Gobernu berriari egin zion erreferentzia: “Errealistak gara; badakigu ikastolentzat ez dela mesedezko traturik izango Hezkuntza Departamendu berritik. Ez dugu, espero, dena den, gure ibilbidean atzerapausorik, eta gobernu berriarekin ere, aurrekoarekin izan dugun harreman ona eduki nahiko genuke».

Eusko Jaurlaritza ere interpelatu zuen, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berri baten premia azpimarratu zuen. “Egitasmoa garatzen ari zaretela jakitun gara; adierazi duzue. Baina erritmo bat behar du, etapak bizkorrago osatu behar ditugu, premiazkoa dugulako hezkuntzan ditugun erronka handiei erantzuteko ezinbestekoa dugulako. Oraingoak ez digu jada balio”, azaldu zuen. “Publikotasunaren definizio berri bat behar dugu, eskubide eta betebeharrak, hizkuntz ereduak gainditu eta murgiltze sistema bat ezartzea, finantzaketa modu berri bat, aukera berdintasuna –baldintza berdinak– eta ikastetxea hautatzeko eskubidea bermatzea …”, gaineratu zuen.

Egitekoak

Ikasturte honetan ere egiteko lan ugari zerrendatu zituen: “Pedagogia alorrean, aipatutako eraldaketan sakontzen joango gara, etapa guztietan, Haur Hezkuntzatik hasi, eta Lehen eta Bigarren Hezkuntza eta ondorengoraino. Material sorkuntzan bezala, pilotajean. Eta ebaluazioan ere sakontzen jarraituko dugu. Gure irakasleen prestakuntzan, elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz”.

Bukatzeko, gogoeta bat egin zuen Tellituk: “Lehen esan dut, euskararekiko eta euskal kulturarekiko atxikimenduan eta normalizazioan hogeita hamar urte atzera egiteko arriskuan egon gaitezkeela. Ez nuke nahi hala izan dadin. Orduan, dena den, herri honek, baita ikastolak ere, antzeko egoera soziologiko batean jakin izan zuen modu egokian erantzuten, eta nahi beste lortu ez den arren, urrats handiak egin ditugula ezin ukatu. Gaur egun, jakingo al dugu, orduan bezala, egoki erantzuten? Egoera, gizartea, mundua, ez dira berdinak. Orduko eta oraingo baliabideak ere ez, ordea. Galderari erantzuten astia galdu gabe, ekiten hasteko ordua da, elkarrekin, batera, herri gisa jokatuz”.

Gonbidatu ugari

Ikasturte hasierako ekitaldian Akitania eskualdeko lehendakari Alain Roussetek, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu Bigen Zupiriak eta Euskal Elkargoko lehendakariorde eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Beñat Arrabitek ere hartu zuten hitza. Ekitaldira jende ugari bildu zen, eta gonbidatuen artean izan ziren baita ere Eusko Legebiltzarreko eta Euskal Elkargoko hautetsiak, udaletakoak, hezkuntza eragileetako ordezkariak, euskalgintzakoak, sindikatuetakoak, kooperatibetakoak, unibertsitateetakoak eta Euskal Herritik hurbildutako ikastoletako ordezkari andana.

Ekitaldian, kantu gogoangarriak abestu zituen Marilou Lapeyrade kantari hasi berriak, eta Bernat Etxepareko ikasleek dantzak egin zituzten, lizeoko ikasle eta ikasle ohiz osatutako txarangaren laguntzarekin.

 

 

ikastola 235
2019 Urria
235