IKASTOLA 229 > erreportajeak > EKIren inplementaziotik sortutako esperientzia berriak partekatu dituzte ikastolek

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

EKIren inplementaziotik sortutako esperientzia berriak partekatu dituzte ikastolek

DBHko Praktika Onen I. Jardunaldia

Ikastolek bost urte daramate proiektua lantzen

Eraldaketa eraman du ikastoletara EKI proiektuak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Ikastolek bost urte daramate proiektua lantzen, eta lanketa horretan hainbat praktika berri sortu dituzte. Praktika berri horiek nola lantzen dituzten elkarrekin partekatu eta elkarrengandik ikasteko, Ikastolen DBHko Praktika Onen I. Jardunaldia egin zuten, Hernanin, joan den maiatzean

Duela bost ikasturte hasi zen inplementatzen ikastoletan EKI proiektua, euskal curriculumean, konpetentzietan eta integrazioaren pedagogian oinarritutako eredu pedagogiko berri eta berritzailea. Iazko ikasturtean amaitu zen inplementazioa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

Pedagogia eraldatzailea da, eta urte batzuk beharko dira findu, finkatu eta garatzeko, baina ia bost urteko ibilbidea eginda, nabarmena da ikastoletako geletan eman den aldaketa sakona. Bide horretan geletan esperimentatzen ari diren transformazioak, jarduteko modu berriak eta praktika onak elkarrekin partekatzeko DBHko Praktika Onen I. Jardunaldia egin zuten ikastolek, maiatzean, Hernaniko Orona Ideon.

Askotariko gaiak

Ehun irakasle inguru bildu ziren elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko, geletan egiten ari direna partekatzeko, ebaluazio sistema berriaz hitz egiteko, EKI proiektuan biltzen ez diren alorrak EKIren bide berean nola ari diren jartzen erakusteko, inklusibitatea nola ari diren lantzen azaltzeko eta beste hainbat gai jorratzeko.

Hogeita bi gai desberdin landu zitzuten goiz osoko jardun trinkoan. Horietatik bost gai  orokorrak izan ziren, irakasle guztien artean jorratu zituztenak. Beste bost gai arloz gaineko praktikak izan ziren. Adierazpenaren lanketa egin zuten sei gairen inguruan, eta zientziak jorratzeko beste sei gai izan zituzten.

Sarrera hitzaldian nabarmendu zuten bezala, eredu pedagogikoaren eraldaketa hasi baino ez da egin. “Pedagogia aldaketak egiteko urte asko behar dira. Gelaz gela egin behar da, arloz arlo, baina denak koherentzia izan behar du. Ebaluazioak berak ere planteamendu osotua behar du”. Denak ontzi berean eta norabide berean arraunean. Norberak bere aldetik lan egiteko aroa amaitu da, talde lanak du garrantzia. Ikastola bakoitzean eta ikastola guztietan, hezkuntza eraldaketaren aroa abian da.

 

ikastola 229
2018 Ekaina
229