IKASTOLA 229 > erreportajeak > Haur Hezkuntzarako laborategia

Haur Hezkuntza

Haur Hezkuntzarako laborategia

Ikastola bakoitzak lehen etapa honetarako proiektu propioa garatzeko lantaldea

Ernetzen ari den hazia da haurra. Berez dakar landare bihurtzeko behar duena.

“Ernetzen ari den hazia da haurra. Berez dakar landare bihurtzeko behar duena; lurrean zabaldu eta berez joango litzateke hazten. Baina hazi horri lur egokia, eskatzen duen ura, behar duen eguzkiaren beroa eta argia eta hobeto hazteko ongarria ematen bazaizkio, landare horrek berak dakarren lorea emango du. Hortaz, hazi bakoitzaren beharrei erne egon behar dugu: berak adieraziko digu noiz behar duen ura eta zenbat ur behar duen ez itotzeko, noiz behar duen berotasun handiagoa edo noiz ari den erretzen, noiz dagoen aseta, bapo, gustura”.

Sarrerako metafora horrek irudikatzen du hIZAN, Haur Hezkuntzarako ikastolen proiektua. Metafora horrek, haurraren garapen osoaren ikuspegitik, haurra ulertzeko moduaren oinarrizko printzipio metodologikoak biltzen ditu, eta horren gainean ari dira euren proiektu propioak egiten ikastolak. Eta ikastolei Haur Hezkuntzako proiektu propioak garatzen laguntzeko sortu zen, iazko ikasturtean, 'hIZAN', Haur Hezkuntza laborategia, Ikastolen Elkartearen eskutik.

Zazpi kidek osatzen dute laborategiko lantaldea  --Esther Garaialde, Usue Sukia, Gaizka Uriarte, Ainara Bidal, Bego Gordillo, Ane Barruso eta Nere Merinok-- , eta Ikastolen Elkarteko Haur Hezkuntzako arduradun Beñat Azurmendik koordinatzen du. Haur Hezkuntzako beren proiektua garatuen duten ikastoletako kideak dira. “Hirurogeita hamar ikastola ari dira euren Haur Hezkuntzako proiektua garatzen, eta lantaldeko kideen egitekoa da haiei proiektu horiek gauzatzen laguntzea”, dio Azurmendik.

Beste etapa guztietan bezala, ikastoletan Haur Hezkuntzara ere eraldaketa eramaten ari dira. Mende honen hastapenean, 2002/03 ikasturtean hasi ziren ikastolak 0-6 urte bitarteko proiektuak garatzen. Gizartearen eskakizunetik eta hezkuntzaren eskakizunetik aldaketa behar zela nabaria zen. Eraldaketarako lehen mugimendu esanguratsua 2008an izan zen, ikastola batzuek Mondragon Unibertsitateko Hazitegi ikerketa taldearen bitartez Bordeleko ikastetxe batzuetara egindako bidaia baten ondotik. 2013an egin ziren Ikastolen XX. Jardunaldi Pedagogikoetan bultzada eman zitzaion. Ondotik, HUHEZIrekin elkarlanean, Haur Hezkuntzako markoa diseinatu zen, hurrengo urtean, eta 2016an Haur Hezkuntzarako proiektua aurkeztu zuen Ikastolen Elkarteak.

Horren guztiaren emaitza da 'hIZAN' proiektua, eta laborategiaren egitekoa da hori ikastoletan ezartzen laguntzea. “Helburua da ikastolek HHko proiektu propioa egitea, eta laborategiaren egitekoa da ikastolen jarraipen lana egitea. Ikastola bakoitzak hausnarketa egin du beren proiektu propioa egiteko, Haur Hezkuntzak duen garrantzitik abiatuta, nortasun propioa baitu etapak berak. Hausnarketa horren ardatza haurra ulertzeko modua  izan da. Eta haurra ulertzeko moduan hausnartu beharreko puntuak izan dira: haurraren ikuspegia, helduaren papera, testuingurua eta komunitatea”.

Haurra ulertzeko modua

Haurra ulertzeko modua, hain zuzen ere, oinarri oinarrian dago 'hIZAN' proiektuan, Azurmendik azaldu duenez. Haurraren garapen osoaren ikuspegitik, Azurmendiren arabera, hauek lirateke haurra ulertzeko moduaren oinarrizko printzipio metodologikoak:

• Errespetua izan behar diogu haurraren izate osoari. “Errespetua baita ere geuri, helduari. Kontzientzia hartze bat da; nik, ikuskera horretatik, errespetatzen baldin badut haurraren izate oso hori, kontziente izango naiz haur horrek bere garapen propioa daukala eta nire jarrerak eragina daukala bere ibilbide edo garapen horretan”

• Konfiantza izan behar dugu haurraren berezko garapen-ahalmenean. “Ez da bakarrik errespetatzea; ondoan egotea da, bidelagun izatea, eta bidelagun izate horretan kontua ez da nik haurrari esatea zer egin behar duen, baizik eta esatea hemen nagoela, lagunduko diodala, baina bera gai dela egiteko”.

• Haurraren ziurtasun fisikoa eta emozionala bermatu behar dugu. “Etapa honetan, 0-6 urteetan, haurrengan ematen diren aldaketak, kognitiboak, zein bere identitate propioa eraikitzetik etorritakoak, zein fisikoak eta emozio aldetikoak, oso handiak direlako. Hasi oinez ikastetik, hitzak ikastetik, komunikaziora, sozializaziora… bizitzan ez dago horrenbesteko garapena duen beste etaparik”.

Oinarri horri ikuspegi zientifikoa ere eman zaio, eta horretan lagungarri izan da Mondragon Unibertsitatearekin eta Rafael Cristobalekin egindako lana. Era berean, prestakuntza bat ere eskatu du irakasle guztientzat, eta saioak egin dira Aitor Axpe, Jurgi Cristobal, Arantza Lejarraga eta Alvaro Beñaranen eskutik.

Ikastola bakoitzak bere proiektua

Haurra ulertzeko moduaren oinarrizko printzipio metodologiko beretik abiatuta, ordea, Azurmendik behin eta berriro errepikatzen du ikastola bakoitzak bere proiektua garatu behar duela. “Funtsezkoa da, ikastola bakoitzak bere errealitatea bizi duelako. Askotariko tamaina duten ikastolak ditugu, haiek kokatuta dauden lekuak ere askotarikoak dira, leku horietako errealitate soziologiko eta linguistikoak ere desberdinak dira… horregatik da garrantzitsua ikastola bakoitzak bere proiektua garatzea; denak oinarri beretik abiatuta, baina bakoitzak bere errealitatera egokituta”.

Hala, ikastola bakoitzaren beharrak zeintzuk diren identifikatzen lagundu dute laborategiko lantaldeko kideek. “Diagnostikoa egiten lagundu diegu, eta diagnostiko horretatik ikastola bakoitzaren beharrak atera ditugu, eta horren arabera mintegiak antolatu.  Haurraren ikuspegia, helduaren papera eta espazio eta materialekin lotutako gaiak landu dira bertan, erabat lotuak egon direnak ikastolek zituzten beharrei. Ikuspegi nazional batetik, ikastola bakoitzeko txoko guztietara iristeko aukera izan dugu eta hor zituzten beharrei erantzuna eman. Horretarako ezinbestekoa izan da laborategiko kideen eta ikastola bakoitzeko erreferentearen lana. Oso lan aberasgarria izan da eta ikastolen arteko ezagutza sarea indartzeko aukera izan dugu. Era berean, aurreratuen dauden ikastolekin 3 ikerlerro landu dira, hizkuntzarena, materialena eta ebaluazioarena. Hori izan da bi ikasturteotako ibilbidea, motzean azalduta”, laburbildu du EHIko Haur Hezkuntzako arduradunak.

Elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz

Ezagutza sarea ehuntzea, elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko sarea osatzea ere bada laborategiak ikastolekin egin nahi duen bide garrantzitsu bat, “helburua delako gure artean praktika onak eta ezagutzak partekatzea”. Bide bezala, ikastola desberdinetara bisitak egitea aukeratu da. Orotara, bi ikasturte hauetan hamasei bisita egin dira haur hezkuntzako proiektu desberdinak bertatik bertara ezagutzeko. Errealitate desberdinetako ikastolak bisitatu dituzte errealitate desberdinak bizi dituzten ikastoletako ordezkariek. Azurmendiren hitzetan “oso aberasgarria” izan da bisita hauek utzi duten emaitza. “Bisita bakoitzean hogei bat ikastolatako ordezkariek hartu dute parte. Abiapuntu gisa eta helburu nagusi gisa ezarrita dago ikastola bakoitzak bere proiektu propioa egin behar duela; bide horretan, praktikak jasotzen joan gara proiektu propio horiek ezagutzeko”.

Oraindik bide luzea dago egiteko, aitortzen du Azurmendik, “baina bide egokia hartu da”. “Laborategiaren hurrengo helburuak dira proiektua egonkortzea eta ezagutza sarea indartzea. Bi helburu horiek ezinbestekoak dira. Ebaluazioa, materiala, hizkuntza… dira, baita ere, hurrengo erronkak, eta ikerketa lerro horiek irekita daude dagoeneko.

 

 

ikastola 229
2018 Ekaina
229