IKASTOLA 228 > ikastolak > birziklART, Sakanako ikastolen IV. arte proiektua BIZIrik

Sakanako ikastolak

birziklART, Sakanako ikastolen IV. arte proiektua BIZIrik

Andra Mari, Iñigo Aritza eta Txioka

BirziklART du izena, lan guztiak hondakinekin osatu baititugu

Bi urtetik behin gai bati heltzen diogu gure ikasleek euren artelanak burutzeko. Oraingoan hondakinen berrerabilera izan dugu oinarri, eta BirziklART du izena, lan guztiak hondakinekin osatu baititugu. Artelanaren sortze prozesuak inplikatzen duen arterako gaitasunaz gain, bestelako konpetentziak ere landu ditugu, hala nola, hizkuntza komunikaziorakoa, matematikarakoa, zientziarakoa, teknologia-digitalerakoa, gizarterakoa eta herritartasunerakoa, guztietan gutako bakoitzak duen ardura azpimarratuz.

Sei urte igaro dira dagoeneko Sakanako hiru Ikastolak (Andra Mari, Iñigo Aritza eta Txioka Haur Ikastolak) arte proiektua aurrera eramaten hasi ginenetik. Bi urtetik behin gai bat edota hainbat egile oinarritzat hartuz, gure ikasleek euren artelanak osatzen dituzte. Lehenengo urtean Sakanako artistak landu genituen (Dora Salazar, Txuspo Poyo eta Andren obrak), bigarrenean Sakanako idazleak, hirugarrenean Sakanako musikariak eta oraingoan hondakinen  birziklatzea,  hau da berrerabilpena, hartu dugu oinarri. BirziklART izena eman diogu oraingoan gure arte proiektuari, osatutako lan guztiak hondakinekin burutu baititugu.

Oraingoan ingurugiroa izan dugu hizpide arte proiektuan eta artelanaren sortze prozesuak inplikatzen duen arterako konpetentziaz gain, bestelako konpetentziak lantzen ari gara: izan hizkuntza komunikaziorako konpetentzia, matematikarako konpetentzia, zientziarako konpetentzia, teknologiarako konpetentzia eta gizarterako eta herritartasunerako konpetentzia. Baita konpetentzia digitala ere.

ERAKUSKETA ANTOLATU DUGU, HERRI MAILAN, HERRITAK GUZTIAK GONBIDATUZ
Konpetentzietatik harago, oinarrizko kontzeptuak garatu ditugu erakusketa antolatzeko aitzakian, gizarte bezala gure hondakinen kudeaketan gutako bakoitzak duen ardura azpimarratuz eta balioan jarriz.

Gizarte batek sortzen dituen hondakinak kudeatzeko erakusten duen ardura maila, duen heldutasun mailaren erakusle da. Zentzu horretan, ikastolok gaurdanik hezitzeko dugun ardura kontutan izanik, biharko herritarrak hezten ari garela konsziente izanik, heziketa prozesu sakonean ezinbestekoa da ingurua bere osotasunean zaintzea, izan familia, izan pertsona helduak, izan ingurugiroa ere. Finean, erakusketa honen bidez, balio eta baloreak landu ditugu, bestelako konpetentzia zehatzekin batera. Sakanako ikastolak BIZI baitira!

Bi astez izan dira lanak erakusgai, eta ikasleek gidatu zuten mustutze egunean.

 

 
ikastola 228
2018 Apirila
228