IKASTOLA 228 > elkarrizketak > Irakasleak, dagoeneko, ez du soilik haurrekin lan egiten jakin behar; sozialki lan egiten ere jakin behar du

Ikastolen 25. Jardunaldi Pedagogikoak

Irakasleak, dagoeneko, ez du soilik haurrekin lan egiten jakin behar; sozialki lan egiten ere jakin behar du

Francesc Imberdon, Didaktika eta Hezkuntza Antolaketako katedraduna

Irakasle ofizioaz eta bokazioaz aritu zen jardunaldietan; egiteko zail baina atseginaz

Didaktika eta Hezkuntza Antolaketako katedraduna da Francesc Imbernon, Bartzelonako Unibertsitatean, eta urteak eman ditu bere jardunean. Irakaslearen gaur egungo eginkizuna hizpide hartuta, entzuleria konkistatu zuen bere jardunarekin.

- Zer da, gaur egun, irakasle izatea? Zer inplikazio ditu?
Irakasle izatea, gaur egun, zaila da. Beno, beti izan da zaila. Historikoki, irakasle izatea lanbide atsegina izan da, baina konplexua ere bai, hezi, haiekin egon eta zaindu behar diren pertsonekin egon behar dagoelako. Gaur egun erronka berriak daude, eta ez soilik alor teknologikoetakoak, baizik eta ikasleekin lan egiteko moduan ere bai. Ikaslerian eman den aldaketa garrantzitsua da; gizarte aldaketak ere bai. Nik askotan esan ohi dut, egun komunitateak garrantzia handiagoa duela eskolak berak baino. Alde onak eta txarrak ditu horrek, lagun dezakeen bezala, komunitateak haurrak eskoletatik irtenarazi eta gizarte bazterketan eroraraz ditzakeelako.

Konpetentzia berri interesgarriak daude orain. Adibidez, lehen irakaslea eskola bateko irakaslea zen. Nik diot, orain, irakaslea komunitate irakaslea dela; ez du soilik haurrekin lan egiten jakin behar, ez du soilik matematika edo literatura jakin behar; komunitatearekin  sozialki lan egiten ere jakin behar du. Harremanak oso garrantzitsuak dira. Dagoeneko ez da aski matematika irakastea, elkarrekin bizitzen irakatsi behar da, demokrazia, elkartasuna, berdintasuna… zer diren. Agertu diren erronka berriak dira, eta aldaketa eskatzen dute irakasle-ikasketak eta prestakuntza diseinatzeko orduan.

- Ados zaude irakasleak prestigioa galdu duela edo ebatsi diotela dioen baieztapenarekin?
Irakasleen prestigioaren gaia irakasleen beraien pertzepzioaren araberakoa da gehiago. Egia da imajinario bat dela irakasleek prestigioa galdu dutela. Inkestek ez diote hori. Inkestetan ageri da gizartearentzat lanbide garrantzitsuenetako bat dela irakaslearena. Litekeena da prestigio apur bat galdu izana, baina hori izan da gizartearen kultura hazi egin delako. Alegia, jendea urte gehiagoz eskolatu da, gero eta gazte gehiago formatu da unibertsitateetan. Horrek ekarri du gizartearen ezagutza handitzea irakasleen egitekoaz. Irizpide handiagoa dute herritarrek hezkuntzari buruz. Dagoeneko ez da kultura gabeko gizarte bat, irakasleek jakintzaren monopolioa zuen gizarte bat. Orain jakintza sarean dago, pertsonen sozializazioan dago, eta, beraz, irakaslearen papera eztabaidatzen da. Ez da irakaslearen prestigioaren auzia, egiten duenaren gaineko eztabaida da. Honek dakar gogoeta egitea irakasle-ikasketak diseinatzeko orduan, frogatu ahal izateko irakasleak ezagutza zientifikoak dituela; finean egiten duena ondo egiten duela frogatzeko. Beraz, prestigioa galtzea baino gehiago da jakintzaren monopolioa galdu izana, eta horrek egiten du jendeak lehen baino gehiagotan esku-hartzea hezkuntza gaietan. Gizartean irakaslearenak ospe handien duen lanbideetako bat delako.

- Medikuntzan egiten den MIR-en moduko bat aplikatu beharko litzateke, Espainiako Gobernutik esaten hasi diren moduan?
MIR bat ez, hori medikuntzara lotua dagoelako, baina ni beti izan naiz lanbide eragite edo murgiltze ikastaroen aldekoa. Ona da, eta herrialde garatuenetan badituzte horrelako ikastaroak. Kezka sortzen didate, dena den, gradu bat eta master bat egin ostean beste bi urteko lanbide murgiltze ikastaro bat exijitzen entzuten ditudan ahotsak. Hori gehiegizkoa dela uste dut. Ni lanbide murgiltzearen aldekoa naiz, amets hautsiak eragozteko. Zer esan nahi du amets hautsiak? Irakasle berri bat gelan sartzerakoan ikasi duenak ez diola balio ohartzen denean esaten diogu. Horregatik lanbide murgiltze ikastaroak egokiak dira irakasle berri eta beteranoen arteko elkarlana bultzatzea, unibertsitatea tarteko. Arazoa denboran dago; ezin dugu zazpi edo zortzi urte igaro irakasle izateko. Sistema bat aprobetxatu behar dugu, eta gainera, murgiltze hori ordaindua izan behar du, gobernuek eta administrazioek erabili ez ditzan behin-behineko langileak kaleratzeko eta ordezkatzeko.    

- PISA modukoen informeek, kanpo ebaluazioek … ez dituzte ikastetxeak kanpoko nota onak bilatzera bultzatuko eginkizun pedagogikoen kalterako?
Oso kritikoa naiz modu horretako informeekin. PISA informeak OCDEek egiten ditu; ez da hezkuntza erakunde bat, ekonomikoa baizik. Nola liteke erakunde ekonomiko batek hezkuntza informeak egitea, ikasleak eta eskolak sailkatzea? Zer asmo dauka? Ongi da, erreferente bat izan daiteke, baina informe batek eskolak sailkatzen dituen unetik konpetentzia bakar batzuk aintzat hartuta eta beste asko alboratuta ezin da erreferentzia nagusitzat hartu, erlatibizatu egin behar dira PISA txostenak. Informazio bat gehiago dira. Baina ikasleen ebaluazioari buruz benetan dakitenak haur horiekin egunero dauden irakasleak beraiek dira. Egia da, batzuetan gizarteak, gobernuek esango nuke, ez dira fio ebaluazio hauetaz. Eta horregatik jotzen dute kanpo erakundeetara, OCDEra, eta mundu mailako Hezkuntza Ministerio bihurtzen ari da, herrialdeak sailkatzen dituelako. Hori baztertu egin behar da. Erreferente bat gehiago baizik ez da. Gainera, bere informeetan agertzen den emaitza zein da? Ohartu zarete? Pertsonen artean 1,70 m edo 1,72 m neurtzea bezalako desberdintasun ñimiñoak besterik ez daude herrialdeen artean.

- Eta, hala ere, eta eginkizun zaila izanik ere, atsegina izaten jarraitzen du irakasle izateak?
Bai, atsegina da. Azken urteotan aldaketa garrantzitsu bat eman da, eta da Europa osoan derrigorrezko hezkuntza hamasei urtera arte luzatu dela, eta, gainera, gero eta jende gehiago doala goi mailako ikasketak egitera eta unibertsitateetara. Horrek erronka gehiago ekarri dizkigu. Baina arazoa ez da hori, arazoa sistema bera da. Denok dakigu hezkuntza urteak luzatzeak herriari onura dakarkiola, ekonomiari eta pertsonei. Krisi ekonomikoak murrizketa handiak eraman ditu hezkuntzara. Baina lanbideari dagokionez, murrizketak hor egon arren, administrazioek gaizki tratatu arren, aurrekontuak murriztu dizkieten arren, irakasleek beren lanbidearekiko atxikimenduari eusten diote, lanbide atsegintzat dute. Uste dut konpromisoa ari dela salbatzen herri honetako hezkuntza; espainiar estatuaz ari naiz. Irakasleen konpromisoa ari da salbatzen hezkuntza, badakitelako lanbide sozial garrantzitsua dela eta horregatik egin zituztelako irakasle-ikasketak. Horrek frogatzen du irakaslearena lanbide atsegina dela.

 
ikastola 228
2018 Apirila
228