IKASTOLA 228 > elkarrizketak > Irakasleak konsziente izan behar du berak islatzen duen emozionaltasuna egokia baden ikaslearentzako

25.Jardunaldi Pedagogikoak

Irakasleak konsziente izan behar du berak islatzen duen emozionaltasuna egokia baden ikaslearentzako

Aritz Anasagasti, Emotional Network erakundeko zuzendaria

Emozioez eta haien kudeaketaz, hezkuntza emozionalaz mintzatu zen jardunaldietan.

Emotional Network erakundeko zuzendaria da Aritz Anasagasti, psikologo eta psikoterapeuta, irakasle eta prestatzailea. Bere taldean landu duten VEC Lotura Emozional Kontzientearen eredua aurkeztu zuen, eta eredu horrek irakasleari nola lagun diezaiokeen azaldu.

- Arrazoia eta emozioak lehian daude?
Sarritan bai, eta gure lana izan beharko litzateke, arrazoiak ulertzea emozioari zer gertatzen zaion eta azken helburua litzateke arrazoia eta emozioak batera ibiltzea. Baina sufrimendua gertatzen da emozioak eta arrazoia ez dabiltzalako batera. Arrazoiak bere bidea egin nahi du, emozioak bere bidea egiten du; arrazoiak emozioa domatu nahi du, eta emozioa ez da uzten. Emozioa zaindu behar da, emozioa aldatu egin behar da, emozioak bere burua aldatu behar du. Arrazoiak hori ulertu behar du; utzi behar dio lekua emozioari, eta hortik aurrera, arrazoia eta emozioa bat eginez, elkarrekin bide bat irekitzen hasi.

- Euskaldunok gure sentimenduak adierazteko orduan nahiko lotsatiak edo zuhurrak omen gara. Kulturala da?
Bai. Ez da ez ona ez txarra, zeren adierazpen hori egin edo ez, gertatzen dena da garrantzitsuena. Hau da, ni egon naiteke haserre erakutsi edo ez, eta haserre horrek eragingo dit erakutsi edo ez. Kaltegarria izango da ni neu konturatzen ez banaiz eta ez baldin badiot horri irtenbide bat ematen. Baina irtenbide hori ez da derrigorrez adierazpen bat izan behar; baina askotan lasaialdi bat behar izaten da. Berdin zait euskaldun batek haserrea aizkora batekin enbor bati emanez, topikoekin jarraituz, askatzen baldin badu, edo hori bere intimitatean egiten baldin badu. Berdin dio, zeren bere buruak badaki zertan ari den, eta egiten ari den horren kontzientzia badauka. Norbaiti adieraziko dion edo ez, ez diot garrantzi handirik ematen, zeren besteak nabaritzen du nahiz eta batek esan ez.

- Noiz hasi behar da emozioak lantzen, kudeatzen?
Emozioak lantzen ikasten dugu jaiotzen garen momentu bertatik, hortaz kontziente izan ez arren. Haurra emozionatzen hasten da arrazoitzen baino lehenago, arinago, eta emozioak baditugu hasiera hasieratik. Gertatzen dena da, kontziente ez bagara gertatzen ari dena emozionalki zer den, ez dugula izango kontrolik hori eraldatzeko, egokia ez baldin bada. Baina emozioa hor dago; emozioa beti dago, egokia edo desegokia izan daitekeen arren. Beraz, hezkuntza emozionala gu geu lantzen hasi behar gara gure haurrak etorri orduko; haiek datozenean oinarri emozional egoki bat egoteko eta han bertan hezi ahal izateko.  Beraz, hasiera hasieratik, izango litzateke erantzuna.

- Egoera bakoitzean gure emozioak egoeraren arabera kudeatzen jakitea klabea izan ohi da, egoera horri behar bezala erantzuteko. Baina ezin dugunean, eta ezintasun hori egoera bertsuetan errepikatzen denean, zer egin dezakegu?
Hori da landu behar duguna zehazki, behin eta berriro gertatzen baitzaigu, egoera jakin batzuetan, gure emozioak ez digula laguntzen. Beraz, ikasi behar duguna da horren atzean zer dagoen, zer ikasi dugun egiten. Zeren ikasi duguna da gaur egun edo momentu honetan balio ez didan zerbait. Noiz ikasi nuen nik honela emozionatzen? Nola ikasi zuen nire fisiologiak horrela erantzuten estimulu honi edo mota honetako estimuluei? Jakintza horretatik eta begirada horretatik, berriro ikasi beharko nuke estimulu hauetan nola emozionatu behar naizen. Eraldaketa hau ez da beti arrazionala izaten, zeren, esan duzun bezala, arrazoiak badaki ez naizela egoki ari, eta, hala ere, ezin du beste era batera egin. Beraz, entrenamendu hori emozionala izan behar da, eta emozionalki ikasi behar dut egoki erantzuten. Behin egoki erantzuten Ikasten dudanean, ez dut nabarituko, berez gertatuko baita. Hori da gure helburua.

- Nola lagun diezaioke irakasle batek bere ikasle taldeari beren emozioak egoki kudea ditzaten ikas dezaten?
Oso erreza da. Bere burua kudeatuz. Irakasleak bere burua kudeatu behar du, hori da garrantzitsuena, bere buruaren kudeaketa konstante baten kontziente izan. Hau da kontziente izatea gertatzen ari zaiona eta erreakzionatzen duen modua egokia den, eta egokia ez bada hori kudeatu behar du. Horrek eraman diezaioke denbora bat, ez da bost minututan konponduko; egun edo aste batzuk beharko ditu edo urtebete, baina horrek izan behar du bere helburua, bere buruan gertatzen den hori kudeatzea. Hortik abiatuta eta bere buruaren kudeaketa osasuntsutik abiatuta, ikasleengan eragin kontziente bat sortzeko esfortzua egin dezake, baina inoiz ezin gara hasi kanpotik, barneko lana egin gabe; lehenengo norbera, eta gero besteak.

- Irakaslea, izan ere, ikasleen ispilu bihurtzen da, ikasleek irakaslearengan bilatzen du beren burua begiratzeko erreferentzia gisa, ezta?
Horrela da; ez da nahi bat, da gertaera bat. Hori gertatuko da; irakaslea ispilu izango da, eta ispilu horrek eragin bat izango du beti, egokia edo desegokia. Irakasleak, beraz, kontziente izan behar du berak islatzen duen emozionaltasuna edo berak islatzen duen izate hori egokia baden ikaslearentzako. Sarritan gerta daiteke irakaslearentzako egokia dena agian ikaslea dagoen testuinguruan egokia ez izatea, eta horretaz ere kontziente izan behar da, eta horregatik, ikasleari beti eskaini behar dizkio alternatibak.

- Lotura Emozional Kontzientearen eredua planteatzen duzue, nondik abiatzen zarete?
Gure proposamena irakaslearengan oinarritzen da. Ematen dizkiegun tresna guztiak berek beren burua zaintzeko, bere burua kudeatzeko, bere buruan gertatzen dena antzemateko, horretaz hausnartzeko. Lan edo entrenamendu bat, bere buruarekin egiteko. Hori egin eta gero, ematen dizkiegu tresnak gelako haurrekin aurrera eramateko. Hau lehenengo momentutik ari da gertatzen; ezin da isolatu, irakasle bat ezin da isolatu hau ez egitetik. Baina lehenengo konpondu behar duena bere burua da eta guk ematen dizkiogun erreminta eta lanabesekin bere burua landu behar du, eta lanketa horretatik islatu behar da bere ikasleengana, eta horretarako ere gero ematen dizkiogu erremintak. Amaitzeko izango ditugu protokoloak, izango ditugu gauza estrukturalagoak, edo dinamikak edo ariketak; baina hori guzti hori gero etorriko da. Beraz, lehenbizi norberaren kudeaketa, gero harreman edo binkulu horren lanketa, eta gero, harreman horretan eraikiko ditugu ikaskuntza akademikoak edo betebeharrekoak.

 

ikastola 228
2018 Apirila
228