IKASTOLA 201 > elkarrizketak > IBAN ZALDUA
Iban Zaldua

“Azken garaipena” komikiaren gidoiagatik Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria

IBAN ZALDUA

“Etxeko besaulkitik mugitu gabe bizitza erakargarriak bizitzeko aukerak ematen dizkizu komikiak”

Ez da Iban Zaldua arlo batean eta bi hitzetan kokatzeko moduko pertsona. Euskal literaturaren kritikak gaur duen ahotsik jantzienetakoa da, euskal idazlerik interesgarrienetako bat ere bada (duela gutxi kaleratu ditu “Idazten ari zela idazten zuen idazlea” eta “Ese idioma raro y poderoso”), eta duela hilabete eta erdi eskuratu zuen Gazte Literaturako Euskadi Saria Ikastolen Elkarteak argitaratu zuen “Azken garaipena” komiki albumeko gidoiagatik. Gasteizko Alde Zaharreko taberna batean, bere etxetik gertu, egin genion elkarrizketa.

“Azken garaipena” komiki ukroniko gisa definitu duzu. Literaturan lehendik erabili izan duzun baliabidea da, ezta?
Bai. Beti izan dut zaletasuna zientzia fikzioarekiko.
Gaztetan, institutuan nengoela, irakurle bezala zaletu ninduen lehen generoak izan ziren, hain zuzen, zientzia fikzioa eta fantastikoa. “Etorkizuna” ipuin bilduman sartu nituen antzeko istorio batzuk. “Euskaldun guztion aberria” nobela ere ukronia moduko batekin bukatu nuen. Umetatik, bestalde, komikiari maitasun handia nion, eta Ikastolen Elkartetik Dani Fanok Julen Ribasekin batean album luze bat egiteko gidoia eskatu zidanean hortik jotzea erabaki nuen. Erabilita zegoen gai bat aukeratu nuen, Bigarren Mundu Gerra naziek irabazi izanarena, eta horri nobela beltzaren osagarri batzuk txertatu nizkion. Ni historialaria naiz, Ekonomiaren Historia irakasten dut unibertsitatean, eta nire lana gertatu zena ahalik eta objektibotasun handienarekin kontatzea denez, eguneroko errutinatik ihes egiteko neure buruari ahalbidetu diodan joko bat ere izan da. Historia ekonomikoaren barruan bazegoen eskola bat New Economic History izenekoa. Alderaketa historikoak egin ahal izateko, aldagai bat kendu, trena edo esklabutza esaterako, eta ekonomiaren bilakaera irudikatzen zuten. Ariketa absurdu samarra zen. Nire eskoletan ezin dut egin, baina literaturan bai, eta antzeko ariketa bat egin dut komikia honetan.

Ukroniak balio al du tresna moduan orainari buruzko gogoeta egiteko?
Balio dezake, baina gogoeta horretara nik ezin dut inor behartu. Irakurleak egin behar duen gauza da hori. Egia da nobela edo komiki ukroniko batek erakusten duena horixe dela, hots, historia izan zitekeela beste era batekoa, historia ez dagoela aldez aurretik idatzita alegia. Baina ez zait gustatzen literatura didaktikoa egitea; irakurleari utzi behar zaio ondorioak ateratzeko aukera. Dena den, istorioari eman diodan bukaera zirkularrarekin esan daiteke irakurlea totalitarismoari buruzko gogoeta batera eraman nahi izan dudala.

Umetatik izan zara komiki zalea, istorio honetako protagonista bezala. “Capitán Trueno”ri keinu batzuk egin dizkiozu. Noiz hasi zinen komikiekin zaletzen?
Umetan, 8 bat urterekin. 50 eta 60 hamarkadetako komikien berrargitalpenak atera ziren koloretan. Ez zen nirea familia bereziki irakurzalea, Salvatek argitaratutako klasikoen bilduma zuten, askoz gehiago ez. Baina astero komiki pare bat erosten ziguten, “Capitán Trueno” eta “El Jabato” bereziki eta “Charlie Brown” ere bai tarteka, nahiz eta badakidan ume batek ezin zuela azken komiki honen umorea dastatu. Hortik superheroien komikietara pasatu nintzen, Superman, Spiderman eta abarretara, eta aldi berean “Mortadelo” eta umorezko komikiak ere irakurtzen nituen. Eta gero etorri ziren “El Corsario de hierro” eta beste zenbait, “Capitán Trueno” eta “Jabato”ren bertsio modernizatuagoak, progresistagoak.

Zer eskaintzen dio komikiak ume bati?
Komikia literaturaren parte da niretzat: etxeko besaulkitik mugitu gabe beste bizitza batzuk bizitzeko aukera ematen dio umeari, eta komikietakoak gainera zurea baino bizitza erakargarriagoak izaten dira. Garai horretan gu ez ginenak ziren heroiak, ausartak eta indartsuak. Identifikazio bat ematen da. “El Jabato”ren kasuan, iberiarrak ziren erromatarren kontra, baina euskal ume batek irudika zezakeen bere herriaren borroka ere istorio horietan. Heroi horiek, bestalde, ahulak babesten dituzte, matxinadaren alde daude... eduki aurrerakoiak dituzte. Ikastolan elikatzen zen abertzaletasunaren testuingurura ondo egokitzen zirela esango nuke, nahiz eta produktu espainiarrak izan.

Zein ikastetxetan egin zenituen ikasketak?
Santo Tomas lizeoan egin nituen ikasketak. Juan Gartzia izan nuen irakasle, besteak beste, eta ordukoa da diodan mirespena. Oroitzapen onak eta txarrak ditut. Oso jende ona ezagutu nuen bertan eta garaiko lagunak ere baditut, baina aldi berean oso mundu itxia zen, eta nik ez nuen ondo enkajatu giroan, futbolean txarra nintzelako eta ume ahul samar baten ezaugarriak nituelako. Giro horretatik alde egitea liberazio bat izan zen neurri handi batean. Institutuan neure nortasuna berreraikitzeko aukera aurkitu nuen.

Zein adinekoentzat da “Azken garaipena”?
13 urtetik aurrerakoentzat. Alaba zaharrenak 11 ditu, baina  oraindik ez diot eman, uste baitut ez diola zukurik aterako, nahiz eta uste dudan gaur umeak lehenago iristen direla nerabezarora. Dena dela, haur eta gazte literaturako aditua ez naizenez, oso zaila iruditzen zait adin-muga horiek ezartzea…

Internet aurreko garaia ez al zen gaurkoa baino aproposagoa komikiarentzat?
Gaur askoz ere aukera gehiagorekin lehiatu behar du komikiak eta literaturak oro har. Gaur dibertsioa eskuragarriagoa da. Liburuek eta komikiek, ordea, lan bat eskatzen dute plazera lortu ahal izateko, askotan. Nintendoak askoz ere ahalegin gutxiago eskatzen du. Baina ez dut uste komikia edo literatura desagertuko direnik. Bakarti garenoi konpainia egiten jarraituko digute. Gure belaunaldian ere literatura zaleak eta komiki zaleak ez ginen asko: koadrilan hamabost bagara, hirurekin hitz egiten dut literaturaz. Ez dut nostalgia horretan sinesten; ez du balio “gure garaian” komikiak urrezko aro bat bizi izan zuela esateak. Hor dago Woody Allenen “Midnight in Paris” filma. Protagonistak atzera egiten du denboran Hemingway-ren  garaiko idazle izan nahi duelako, eta Buñuel, Dali eta abar luzea ezagutzen du, baina garai horretako emakume batekin maitemintzen da eta neskak inpresionismoaren edo Belle Époqueren garaira jo nahi du atzera. Urrezko garaiak bakoitzaren eraikuntzak direla esan nahi dut.

Nolakoa da euskarazko komikiaren egoera gaur?
Ez dut uste egoera txarra denik ez komikian eta euskarazko literaturan. Ugaritasun handiagoa dugu gaur. 2011n, “Azken garaipena” atera zen urtean, bost bat album aterako ziren euskaraz. Gutxi da, baina orain hamabost urte gutxiago ziren. Gazteleraz ere, duten merkatu zabalarekin, lehen zegoen aldizkari andana desagertu egin da, “Tmeo” eta “El jueves” bezalako satirikoak salbu. Hori bai, album gehiago argitaratzen dira, eta anitzagoak. Edozein modutan ere paleta zabaldu egin da, eta onartzen hasi gara ez dela bakarrik haur eta gazteentzako genero bat.

Xabiroi zer da, kasu berezi bat, atzetik Ikastolen elkartea bezalako erakunde bat duelako?
Ez da kasu normala, baina euskal munduan gauza normal gutxi dago. “Ipurbeltz” ezagutu genuenean gaztelerazko eskaintzarekin alderatu eta produktu eskasagoa iruditzen zitzaigun, kutsu didaktiko bat ere bazuelako, nahiz eta oso gauza onak ere egin zituen. “Xabiroi”k hutsune hori bete du, baina kalitate standar altuago batekin. “Xabiroi”k garai hartan gaztelaniaz egiten ziren aldizkari anitz haiek ekartzen dizkit gogora, umorea, abentura eta beste osagai asko nahasten dituelako.

ikastola 201
2012 Abendua
201