IKASTOLA 227 > iritziak > Batxilergorako marko berria sortzen eta gelaratzen

Hezkuntza eraldatzen

Batxilergorako marko berria sortzen eta gelaratzen

Derrigorrezko hezkuntzaren ondorengo etapa honetako 120 irakasle ari dira parte hartzen eraldaketan

Batxilergoan ere marko teoriko berria sortzen eta gelaratzen hasi dira ikastolak.

Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan ikastolak aurrera eramaten ari diren eraldaketarekin koherentzian, Batxilergoan ere marko teoriko berria sortzen eta gelaratzen hasi dira ikastolak. Hamazazpi ikastolatako 120 irakasle ari dira parte hartzen prozesu honetan.

Batxilergoa izan da Ikastolen Elkarteak historikoki esku-hartze aldetik eta prestakuntza aldetik gutxien ukitu izan duen etapa. Baina aurreko etapetan hezkuntzaren gainean egindako hautu funtsezko eta inportantearen baitan (Euskal curriculumean, konpetentzietan eta integrazioaren pedagogian oinarrituan), eta bereziki DBHko planteamenduaren bitartez ikastoletan erabiltzen eta aplikatzen ari denaren bueltan, bai Ikastolen Elkarteak berak, baina baita ikastolek ere, derrigorrezkoa ikusi dute Batxilergorako planteamendu berri bat egitea, aurreko etapekin koherentzian joango dena. Gogoeta horri erantsi behar zaio, gainera, aurtengo ikasturtean Batxilergoa egiten hasi direla DBHn EKI proiektuaren bitartez ikasi duten lehenbiziko ikasleak.

Puntualki aurretik ere egin ziren urrats batzuk, baina bereziki iazko ikasturtean erabakia hartuta, ekipo bat ipini da martxan. Diseinu aldetik Mikel Errazkin da arduraduna, baina beste kide batzuk ere badira, DBHko diseinu eta sormen lanetan aritu direnak, Harri Beobide eta Maite Gomezekin batera, Xabi  Garzia, Erramun Martiarena, Imma Muñoa eta Phill Ball, esaterako. Lantaldearen osaketarekin batera, Batxilergo Foro bat ere eratu da, hamazazpi ikastolatako etapa horretako 120 irakaslerekin.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta ondorengo etapetako Ikastolen Elkarteko koordinatzaile Manu Aurrekoetxeak azaldu digu zertan ari diren.  “Iragan ikasturtean EHIk erabaki zuen Batxilergoan lehen aldiz esku-hartzen hastea, eta ez puntualki baizik eta serio heltzea, etapa horretan dauden elementu eta aldaera desberdinak hartu, eta curriculum planteamendu bat egitea, jakinik, zoritxarrez, urte askotan batxilergoa eduki dugula askotan soilik hautaproba batzuei begira. Hautaproba horiek praktikoki ikasle guztiek gainditzen zituzten, eta horregatik, tamalez, eduki dugu geldi xamar Batxilergoa. Baina une honetan beste etapetan egin dugun eraldaketarekin eta ikasle profil mota desberdinarekin, derrigorrezkoa izan zaigu Batxilergoa gure 0-20 planteamenduan sartzea, eta konbentzimenduz egin dugu”.

Bide bat hasi da, beraz. Arakatze bibliografiko bat eta marko teoriko bat sortzen ari dira, ikerketa baten baitan. Marko teorikoarekin batera, nahi izan dute, bide paraleloan, esku-hartzea ere martxan jartzea. Esku-hartzearekin nahi izan delako irakasleek ere markoaren osaketan parte hartzea, berrikuntzaren kultura ezartzeko etapa honetan.

Ikasturte honetan, hastapen teorikoarekin eta hastapen praktikoaren bitartez, 120 irakasle ari dira parte hartzen. Irailetik abendura bitarte egindako planteamenduan esku-hartzeko elementu praktikoak eskuratzea izan da helburua. Irakasle horiek Ikastolen Elkarteak markatutako jarraibideekin gelaratu dituzte erronka eta lan proposamen interdiziplinar eta diziplinarrak. “Hamazazpi ikastolatan egin dugu lanketa, batzuk jada gelara eraman dute beste batzuk bidean daude, hurrengo asteetan gelara eramateko. Bide hori lehen hiruhilekoan egin dugu. Oraindik guztiz amaitu gabe dago, baina uneotan ari gara zehazten hurrengo sei hilabetetan zer bide egingo dugun. Aurreikuspen bat egin genuen, baina hiruhileko bakoitzean egiten dugunarekin irakurketa bat egin nahi dugu aurreikuspena finkatzeko edo moldaketak egiteko”, azaldu digu Aurrekoetxeak.

Uneotan, era berean, erronka desberdinak lantzen ari dira. Demokrazia parte-hartzailearen erronka bat garatu dute, batetik, eta gizarte ekintzailetza edo kooperatibagintzari buruzko beste bat. Bigarren hiruhilekoan, unitate horien gelaratze esperimental bat egingo dute, eta hirugarrengoan Batxilergoko eta Lanbide Heziketako praktika onen jardunaldia antolatzeaz gain, gelaratutako erronka horien hobekuntza eta esku-hartzeari buruzko lanketa egingo da.

“Guzti honekin nahi dugu baita ere marko teorikoa osatu. Hori osatzen dugunean eta planteamendua egokitzen dugunean beste erabaki bat hartu beharko dugu; ikas-materialgintzaren ikuspuntutik zer nolako materialak egingo ditugun, arloei begira, egituraketari begira… Hurrengo hilabeteetan erabaki horiek lantzen eta bideratzen arituko gara”, gaineratu du Aurrekoetxeak. Aurreikuspenaren arabera, 2020-21 ikasturterako gelara eraman nahi dituzte Batxilergorako ikasmaterial berriak, Ikaselkar argitaletxearen bitartez.

Bide puska bat geratzen da oraindik, baina urratsak aurrera doaz. Orain oreka aurkitu behar gizarteak egiten dituen eskari berrien (kultura konpetentzialekoak) eta Unibertsitaterako hautaproben (edukietan oinarritua) artean.  “Ez dugu ahazten Unibertsitate sarrerarako proba, noski, ez dugu amildegirako salto bat egiten”, dio Aurrekoetxeak. “Saltoak egingo ditugu egin behar direnak, baina jakinik kanpo probak gainditu egin behar direla. Baina kanpo probak ez dira helburua, bitarteko batzuk dira. Helmuga da zer ikasle mota nahi dugun atera gure ikastoletatik eta gizarteak gure gazteei zer eskatuko dien gizartean txertatzeko, lan bat bilatzeko… Eta hor gero eta garbiago dago eta errealitate garbia da: eskatzen dute elkarrekin lan egiteko gaitasuna, zailtasunei aurre egitekoa, ideia berriei kemenez tiratzekoa, garapen pertsonal eta soziala, gizarte justuago baten aldeko konpromisoa izatea, komunikatzeko gaitasuna izatea eta hizkuntzak menderatzea, mundua irekia delako. Lerro horretan ari gara lanean”.

 

ikastola 227
2018 otsaila
227