IKASTOLA 226 > ikastolak > Possible Mission: Health, Erasmus Plus-en

Jakintza Ikastola, Ordizia

Possible Mission: Health, Erasmus Plus-en

Bi urteko iraupena izango du proiektuak

Europako beste hiru ikastetxekin lanean.

Izenak adierazten duen moduan, proiektuak pertsonen osasuna aspektu desberdinetatik aztertzea du xede; bi urteko iraupena izango du, eta beste hiru ikastetxerekin elkarlanean egingo dugu. Turkiarrek espezien aldetik jorratuko dute osasunaren gaia, greziarrek uraren aldetik, poloniarrek basoen aldetik, eta euskaldunok nutrizioaren ikuspegitik. Proiektuaren lehen ekintza, parte hartzen duten irakasleen batzarra izan da, eta txupinazoaren jaurtitzea Ordizian egin da. Orain DBHko ikasleen txanda iritsiko da, eta lanak bere zentzu guztia hartuko du.
Europar Batasunak Erasmus plus bekak banatzen ditu Europako ikastetxe desberdinek aurkeztutako proiektuen artean. Hauek dira parte hartzen duten ikastetxeak: greziar Kreta irlako Kolymvari High School, Turkiako Antalya hiriko Yusuf Ziya Öner Fen Lisesi eta Poloniako Slocieniec herriko Gimnazium nr 1  Zlociencu, Ordiziko Jakintza Ikastolarekin batera.
 

Ordizian izan dira Erasmus Plus proiektuan, Jakintza Ikastolarekin batera, elkarlanean ari diren Poloniatik, Greziatik eta Turkiatik etorritako Erasmus Pluseko irakasleak. Europar Batasunak Erasmus plus bekak banatzen ditu Europako ikastetxe desberdinek aurkeztutako proiektuen artean. Aurten, Jakintza Ikastolak beste hiru ikastetxerekin batera proiektu bat aurkeztu zuen eta aukeratua izan da.

Ikastetxe bakoitzak ikuspuntu desberdin batetik aztertuko du osasunaren gaia; Turkiarrek espezien aldetik, Greziarrek uraren aldetik, Poloniarrek basoen aldetik eta Euskaldunok nutrizioaren ikuspegitik. Gainera, beka honek bidaiak egiteko eta gure proiektu kideak ezagutzeko aukera emango digu, Polonian, Grezian eta Turkian. Ikasleen komunikazio hizkuntza ingelesa izango da eta, modu honetan, ingelesa hobetzeko aukera paregabea eskaintzen digu eta leku eta pertsona berriak ezagutzekoa. Ilusioz beteta gaude erronka berri honen aurrean eta ahaleginak egingo ditugu esperientzia ahaztezina izan dadin guretzat eta, bereziki, gure ikasleentzat.

Proiektuaren lehen ekintza, parte hartzen duten irakasleen batzarra izan da. Jakintza Ikastolari egokitu zitzaion bi urteko iraupena izango duen proiektu honen txupinazoa jaurtitzea eta proiektuaren xehetasun guztiak hemen finkatu behar zituzten. Horretarako, Greziatik bi irakasle, Poloniatik hiru eta Turkiatik beste hiru Ordiziara etorri ziren.
Gauean iritsi eta biharamunean, D'elikatuz Zentroan, ongi etorri beroa eskaini genien. Ordiziako Alkatearen hitzak entzun ondoren, opari trukaketa iritsi zen eta, jarraian, Leire Arandiak D'elikatuz Museoan gidatu zituen. Handik ateratakoan, azoka ikusteko eta gure gastronomiaz gozatzeko aukera izan zuten. Ikaragarri gustatu zitzaien! Sabela berdinduta, lanari ekin zioten eta, ondoren, Ordiziako pintxo-pote zer zen ezagutzeko aukera ere izan zuten. Txundituta geratu ziren gure ohitura horrekin eta hotelera bueltatzeko gogo gutxi erakutsi zuten. Baina lan handia zuten aurretik eta ondo deskantsatu beharra zegoen. Ondorengo lau egunetan, ikastolako instalazioetan lanean gogor aritu ziren, baina tarte batzuk ere gorde zituzten gure inguruko parajeak ezagutzeko. Goierri, Donostia, Gipuzkoako kostaldea, Gaztelugatxe, Bilbo... bisitatu eta, zinez, gure bazter hauekin maiteminduta bueltatu ziren. Ikasleekin bueltatzen direnerako, ikusi gabeko beste irteerak ere prestatuta utzi dituzte. Nekaezinak dira! Bost egun ondoren, Bilboko aireportuan agurtzean, pilatutako nekea nabaria bazen ere, emozio handiz, esker onez eta maleta oroigarriz beteta ikusi genituen. Zalantzarik gabe, bisita emankorra suertatu da eta prestatu beharreko lan guztiak egiteaz gain, gure kultura, ohiturak, gastronomia... beraiekin partekatzeko tarteak izan ditugunez, guztiok aberastu garelakoan gaude.

Orain, ikasleen txanda iritsiko da eta eginiko lanak bere zentzu guztia hartuko du. Ikasleentzat esperientzia aberasgarri eta gogoangarria izatea espero dugu.

Proiektuaren bigarren fasea Ordiziara 2019ko otsailean iritsiko da berriro. Baina orduan hiru lurralde horietako irakasleaz gain, ikasle koadrila handi bat ere gurekin izango da. Euren irakasleek bizi izan dutenaren berri baldin badute, etortzeko irrikan egongo dira, zalantzarik gabe!

ikastola 226
2017 abendua
226