IKASTOLA 226 > ikastolak > Pausoz pauso ari gara eraldatzen

Elgoibarko Ikastola

Pausoz pauso ari gara eraldatzen

Prozesu sakon batean murgilduta

Espazioen eraberritzea ekarri du.

Eraldaketa prozesu sakon batean murgilduta gabiltza. 2014-15 ikasturtean  bi urtetakoen geletan hasitako “Pausoz Pauso” Proiektu Pedagogikoa izan da eraldaketaren lehendabiziko urratsa. Ondoren, iaz garatutako Hausnarketa Estrategikoak Plan Estrategiko berria osatu du, datozen lau urteetan gara dezagun. Bere izaera oso nabarmen dago lerrokatuta eraldaketa pedagogikorantz, eta bere baitan garatuko diren ekintza desberdinak erabat blaitzen ditu zentzu horretan.

Eraldaketa pedagogiko horrek espazioen eraberritzea ekarri du, abian jartzen dihardugun planteamendu pedagogikoa ezartzeko eta aplikatzeko orduan nahitaezko baliabide eta erraztatzaile baita.  Eraldaketa prozesuaren lehendabiziko pausoak Haur Hezkuntzako geletako barneko espazioetan eman da. Espazio hezitzaileak eta zabalak eskaini nahi ditugu gure printzipio eta helburuak ahalbidetzeko. Horrela, haurraren autonomia, parte hartze aktiboa, askatasuna eta garapen kognitibo, fisiko eta emozional egoki eta osasuntsuago bat garatuko ditugu.

Kanpoko espazioek ere metamorfosi horren parte izan behar dutela argi dugu. Izan ere, Elgoibar Ikastolak darabilen metodologia aldaketa honetan, ezinbestekotzat jotzen ditu kanpo espazioak eragile pedagogiko gisa. Jakin badakigu, kanpo espazio egoki bat mesedegarria dela haurrak irudimenezko jolasetan murgiltzeko, irudimena bultzatzeko, gaitasun komunikatiboak garatzeko aukerak eskaintzeko eta beste haurrekin eta helduekin erlazio baikorrak eraikitzeko. Hori horrela hainbat berritze lan burutu dira:

  • Haur Hezkuntzako parkeari itxura berritu zaio. Berritze honekin argitasunean eta, goxotasunean irabazi nahi izan da.
  • Kanpoko pistetan ere hobekuntza nabaria egin da. Kirol espazio hutsa izatetik, askotariko jolasak egiteko aukera eskaintzeko duen espazioa bihurtu nahi izan da. Adin tarte desberdinetako ikasleak batzen dituen espazioa da. Bestalde, estalpea gehitu zaio, eguraldiaren gorabeheretatik babestuta, geletako ekintzak nahieran kanpora eraman ahal izateko.
  • Frontoia eta gimnasioa berritu ditugu. Rokodromo horizontal bat gehitu zaio.

Bestalde, Ikastolak hainbat gela ditu erabilpen anitzekoak, zein, besteak beste, ekitaldi, saio eta jardun desberdinak aurrera eramateko ekipatuta daudenak. Horietako bat erabat berritu da, harremantzeko eta jarduteko era anitzak eta malguak eskaini asmoz. Eta ez ikasleentzat soilik, baizik eta ikasleen gurasoentzat, kooperatibako estamentu desberdinentzat edota irakasle eta profesionalentzat ere. Helburua, espazioak  jardunen izaerara moldatzea da, eginbeharra erraztuz, girotuz, azken batean, atseginagoa eginez.

Ikasturte honetan berritu diren azken espazioak  sukaldea eta jangela izan dira.  Jangela zerbitzuak garrantzi handia du gure Ikastolan. Egunero 300 bat ikasleei ematen die zerbitzua, elikadura orekatua, garbia eta dieta bereziei irekia eskainiz. Eta etengabeko hobetze ahaleginean, bazkari garraiatuaren sistemaren ordez bertan sukaldatua eskaintzen hasi gara, Auzo-Lagun enpresaren eskutik, azken urteotako elkarlanari jarraia emanez . Hori horrela izateko sukalde berria egin da eta orain arte genuen jangela goitik-behera berritu da. Horrek guztiak eragin nabaria izango du eskaintzaren aniztasunean eta kalitatean, piskanaka zerbitzu berriei ere atea irekiz.

ikastola 226
2017 abendua
226