IKASTOLA 226 > orientazioa > ‘Santa Familia’, Xabiroiren hamargarren uzta

Komikigintza

‘Santa Familia’, Xabiroiren hamargarren uzta

Hiruko familia baten gorabeherak kontatzen ditu Eider Rodriguezen eta Julen Ribasen albumak

Xabiroi komiki aldizkariak argitaratu duen hamargarren bilduma da.

Ikastolen Elkartearen baitan duela hamabi urte sorturiko Xabiroi komiki aldizkariak argitaratu duen hamargarren bilduma da Santa Familia. Eider Rodriguez idazleak eta Julen Ribas marrazkilariak elkarlanean egindako lana da, eta Xabiroi aldizkariaren azken zenbakietan atalka argitaratutako seriearen bilduma.

“Familia da emanda datorren gauza bakarra. Ez lagunak, ez bizimodua, ez ingurua, familia baizik. Norak, ordea, arau horri ihes egingo dio. Sekretu bat gordetzen du. Bere sekretua. Baina hura kontatzeko ordua iritsi da, eta sakratua den instituzioa eztanda egiteko zorian dago. Jakina da, ordea, iraultza txikiak behar izaten direla gauzak bere onera ekartzeko”.

Horixe Santa Familia komiki albumaren sinposia. Donostiako Komikigunean egin zen albumaren aurkezpena, eta bertan izan ziren bi egileak, Xabiroi komiki aldizkariaren zuzendari Dani Fano eta Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu.

Familia instituzio modu bat da, estatu bat dela ere esan daiteke, Eider Rodriguezen arabera. Harrobi bat bezala ikusten du, eta gogoa zuen, instituzio hori arakatzeko, pikotxarekin jotzeko, ikusteko zer atera zitekeen handik.  Horrek joko handia eman die egileei gauzak desegiteko, gauza dibertigarri bat egiteko, eta era berean, familia harremanetan sakondu nahi izateko.

Hiru senidez osaturiko familia da protagonista: Sorkunde ama eta Teodoro aita, eta Nora alaba. Maskota bat ere badago, txakur bat-edo, sartu-irtenean dabilena. Euskal Herrian dago kokatuta.

Sorkunde bertan jaiotakoa da, lanbidez dietista da eta aisialdian katixima ematen die haurrei. Teodoro Gineakoa da jatorriz, gazte gaztetan Euskal Herrira etorria, elektrizista lanbidez, baina ingeniari izatea amesten du. Nora da alaba bakarra, nerabea da , igeri egiten du eta dago bizitzarekin zer egin zer ez egin erabaki behar den garai horretan harrapatuta.

Historia  honek bi ardatz ditu, Rordriguezek azaldu zuenez:  adoleszentzia, batetik, eta gurasotasuna bestetik. Santa familia honek sekretu bat gordetzen du eta Norak gorde izan du orain arte, baina nazka-nazka eginda halako batean aita eta amari kontatzea erabaki du. “Orduan dena lehertzen da, eta ordura arte itxuraz egonkor eta banaezin zen familia hori hankaz goratu egingo da eta ipurdi bistan geratuko da. Familiak bere burua berrasmatu beharko du. Hirutasun saindua apurtu egingo da eta beste norbait izan beharko du, askotan hiruki horren mugatik atera ezinda, baina berri bat sortu”.

“Ez pentsa larritasunez idatzitako istorioa dela”, ohartarazi zuen, dena den, Rodriguezek; “ez dauka dramarik, eta ustez umorez egin diogu aurre familia den harrobi horretan pikotxa sartu eta arakatzeari”.

Lan hau aurrera ateratzeko Julen Ribasekin izaniko elkarlana ere azpimarratu nahi izan zuen Rodriguezek:  “ Normalean bakarrik eta bakardadean lan egiten dugu idazleok, eta alde horretatik oso esperientzia aberasgarria izan da bi lagun alai eta argitsu hauekin [Ribas eta Dani Fano] lan egitea”.

ikastola 226
2017 abendua
226