IKASTOLA 225 > iritziak > Ateak ireki ditu Bernat Etxepare Lizeoaren eraikin berriak

Ikastolen Hazkundea

Ateak ireki ditu Bernat Etxepare Lizeoaren eraikin berriak

Instalakuntza berri, moderno eta beharrezko azpiegitura guztiak ditu; sail orokorrarekin batera, Lanbide Heziketa eskaintzen hasi da

Ia 3.700 ikasle biltzen dira Seaskaren 32 ikastoletan.

Baionako Bernat Etxeparen, hirurehun ikaslek ikasturtea hasi dute Seaskaren Lizeo berrian, irailaren 4ean. Sail orokorra eta profesionala proposatzen dituen ikastetxearen estreinaldia irailaren 16an izan zen. Urrats handia da Lizeo berria Seaskarentzat, urrats handia ikastolentzat, urrats handia Ipar Euskal Herrian erreferente bilakatzeko osagai guztiak ditu eta.

Gogotsu eta ilusioarekin hasi dute ikasturtea Bernat Etxepare Lizeoko ikasleek eta irakasleek. Baita gurasoek ere. Eraikin berri, moderno, beharrezko azpiegitura guztiekin, baita ostatu eta jangelarekin ere. Gainera, lizeo berriaren kiroldegiak eskaintza zabala proposatuko du. Proiektua pentsatzerakoan, kiroldegiak izan zitzakeen bestelako funtzioak ere aintzat hartu zituzten. Adibidez, ikuskizunetarako areto bat izan daiteke, baita pilota partidak antolatzeko gunea ere.

Urte bat igaro da lehen kamioek obrei hasiera eman zizkietenetik. Hamabi hilabete baino gehiagoko lana ondoren, ateak ireki ditu Bernat Etxepare Lizeoaren eraikin berriak.

Orotara, 300 ikaslek hasi dute ikasturtea Bernat Etxeparen. Horietatik 30ek Lanbide Heziketa ikasiko dute. Hain zuen, aurtengo ikasturtean bere eskaintza zabaltzea lortu du Seaskak. Lizeo berria irekitzea pauso biziki garrantzitsua da. Alde batetik, eraikuntza mailan, Seaskak hasieratik ezagutu duen inbertsiorik handiena baita, 10 milioi euroko proiektua izanik. Bestetik, berriz, Lanbide Heziketa ere martxan jarri dutelako, lehenbiziko aldiz Ipar Euskal Herriko ikastolen historian.

Proiektua hasi zutenetik, hainbat zailtasun gainditu dituzte. Oztopo horiek lehenik eta behin administratiboak izan ziren. Izan ere Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez zituen bi arlo profesional ireki nahi, ikasle kopuru txikiegiak zirelako. Azkenean, ofizialki bakarra eskaini dute, baina Seaskak bere gain hartu du bigarrena ere irekitzea garrantzitsua delako askotariko eskaintza proposatzea.

Halaber, arlo profesionalean zein sail irekitzerakoan zalantzak izan zituzten. Horretarako, ikerketa bat burutu zuten, jakiteko zein behar zeuden, zein ziren euskararen beharra zuten arlo profesionalak.

300 ikaslerekin hasi dute ikasturtea, baina 450 ikaslerentzako aurreikusitako eraikina da. Halere, azken urteetan ikastoletan izan den hazkundea kontuan harturik, laster eraikin berria ere txiki geratuko dela aurreikusi dute. Horregatik, eraikinaren saihets batean dagoen lur zatia gordea dute, hiru edo lau urteren buruan eraikina handitzeko obrei ekiteko.

Merezitako ospakizuna

Ikasleei eta irakasleei ateak ireki eta bi astera izan zen inaugurazio ekitaldi ofiziala. Bertan elkartu ziren Etxepare Lizeoko komunitate osoa, Ikastolen Elkartekoa, gizarte eta kultur mailako ordezkari andana… Hautetsi eta politikari ugari ere elkartu ziren, Alain Rousset Akitania Berria eskualdeko lehendakaria,, Jean Rene Etxegarai Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako eta Hezkuntzako sailburu Bingen Zupiria eta Cristina Uriarte, besteak beste.

“Euskara hezkuntzaren hizkuntza bilakatzen ari da, eta lortu behar dugu lehenbailehen bizi den hizkuntza izatea”, azaldu zuen Seaskako lehendakari Paxkal Indok. Helburu horretarako estrategikoak diren alorrak ukitu behar direla gaineratu zuen, eta alor horietako batean kokatu zuen Lanbide Heziketa, euskarak bide horretatik lan mundura jauzi egiteko aukera izango du eta.

Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk, berriz, Etxepare Lizeoa “herri proiketua” dela azpimarratu zuen, hura errealitate izan zedin ikastolak berak bezalaxe, mugaz bi aldeetako erakundeek, ikastolen elkartasun kutxak eta herritarrek emandako laguntzarekin eraiki baita.

Eraikina ezagutzeko bisita eta diskurtsoen amaieran hamaiketako goxoa izan zuten bertaratutako guztiek, eta, ondoren, berriz, ehunka lagun elkartu ziren bazkarian.

Sagarrondoen kanpaina, aurrera

Eraikina egiteko ez ezik, hura ekipamenduz hornitzeko dirua ere behar zen, eta diru hori biltzeko “Hazten dugu, hazten gaitu” kanpaina abiatu zuen iaz Etxepare Lizeoak. Sagarrondoak banatuz, dirua lortu dute, diru ugari, baina ez nahikoa. Hori dela-eta, kanpainak negu  honetan ere izango du jarraipena.

 

 

 

ikastola 225
2017 Urria
225