IKASTOLA 224 > orientazioa > Ikastolen Elkartea eta Mondragon Unibertsitatea elkarrekin

Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta

Ikastolen Elkartea eta Mondragon Unibertsitatea elkarrekin

GASTEM, ekintzailetza-proiektu berritzailea

Hiru urteko proiektua garatzen hasi dira elkarlanean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta, hiru urteko proiektua garatzen hasi dira elkarlanean Ikastolen Elkartea eta MU.

 

Berrikuntza proiektua STEM alorrean kokatzen da (zientziak, teknologia, ingeniaritza eta matematikaren uztarketaren ingelesezko laburdura) eta helburua du gazteekin ekintzailetza teknologikoa bultzatzeko urratsak egitea, hezkuntza-etapa guztiak uztartzearekin batera. Lehenik, informazioa biltzeaz gain, aurten enprendizaiaren egoeraren diagnostiko bat egin dute. Horretarako Gipuzkoako garapen-agentzien arduradunak elkarrizketatu dituzte euren ikuspegia jasotzeko:  gazte ekintzaileak hezteko zer landu beharko litzatekeen ezagutzeko. Aldi berean,  helburu pedagogiko horiek betetzeko, munduan martxan dauden proiektuak arakatu dituzte.

Hori dela eta, Flandeseko Koortrijk Unibertsitatean izan dira Mymachine ekimena zuzenean ezagutzeko, bat baitator GASTEMen helburu didaktikoekin: besteak beste, ikasleek ildo komun bat izango dute sormena eta ekimena lantzeko, Lehen Hezkuntza-Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Unibertsitatea lotuta.

Datorren ikasturtean, bigarrenean, zein metodologiarekin eta zein fasetan arituko diren diseinatuko dute. Hirugarrena, berriz, esperimentazioarena izango da, zenbait ikastolatan MUko ingeniaritza-ikasleekin elkarlanean burutuko dena .
Mondragon Unibertsitatetik Ester Val eta Nagore Lauroba; eta Euskal Herriko Ikastolak-etik Amaia Gutierrez eta Erramun Martiarena dabiltza egitasmoa gauzatzen.

 
ikastola 224
2017 Ekaina
224