IKASTOLA 224 > iritziak > Hezkuntza Legea egiteko hezkuntza ituna eskatu du EHIko lehendakariak

24. Jardunaldi Pedagogikoetan

Hezkuntza Legea egiteko hezkuntza ituna eskatu du EHIko lehendakariak

Hezkuntza sistema osoa eraldatzeko konpromisoa eskatu du

Konpromisoa eskatu die Eusko Jaurlaritzari, alderdi politiko eta talde parlamentarioei eta hezkuntza eragileei.

Koldo Tellituk Hezkuntza sistema osoa eraldatzeko konpromisoa eskatu die Eusko Jaurlaritzari, alderdi politiko eta talde parlamentarioei eta hezkuntza eragileei.

Ikastolen 24. Jardunaldi Pedagogikoen sarrera hitzaldia Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk egin zuen, eta ikastoletan aurrera eramaten ari diren eraldaketa pedagogikoak izan zituen aipagai. Baina, horrekin batera, hezkuntza sistema eraldatzeko deia ere egin zuen.

Eta hezkuntza sistema eraldatzeko konpromisoa eskatu zien Tellituk Eusko Jaurlaritzari, alderdi politiko eta talde parlamentarioei et hezkuntza eragileei. Horretarako, hezkuntza legea egiteko  hezkuntza itun bat eskatu zuen Ikastolen Elkarteko lehendakariak.

“Eraldaketa hori, hemen eta gaur, hezkuntza lege batek ekarriko digu, edo, bestela, iraganean iltzaturik geratuko gara, ezin izango ditugu prestatu gure ikasleak egungo mundu aldakor, likido, ziurgabe honetarako. Atzera egingo dugu herri bezala”, ohartarazi zuen Tellituk.

“Euskal gizarteak exijitzen digulako, hezkuntza sistema propio bat landu beharra daukagu”, gaineratu zuen. Onartu zuen erresistentziak badirela, egungo legedia, “hezkuntza sistemaren erdia baino biltzen ez duena”, ukitu ere egin nahi ez dutenen aldetik. “Bertan goxo, iraganean iltzaturik geratu nahi dutenak dira”, azaldu zuen.

Erresistentziak erresistentzia, hezkuntza legearen premiazkotasuna azpimarratu zuen Tellituk.: “Hezkuntzak itun bat exijitzen du, lege bati ekiteko. Publikotasunaren definizio berri bat behar dugu, publikotasun partekatu bat;  hizkuntza ereduak gainditu eta euskaran ardaztutako eleaniztasunera jo beharra daukagu; egungo gizarteak eta etorkizun ziurgabeak eskatzen dizkiguten aldaketak martxan jarri beharra dauzkagu”, azpimarratu zuen Ikastolen Elkarteko lehendakariak.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea jardunaldietan zela aprobetxaturik, Tellitu berari zuzendu zitzaion eskaera egiteko: “Sailburuorde anderea, esan nahi dizugu erresistentziak handiak izango diren arren, gehiago garela hezkuntza sistemaren eraldaketa nahi dugunak, gure herria alor honetan etorkizuneko erronkei erantzuteko prest jarri nahi dugunak. Denon artean bakoitzak dituen planteamenduak aurrez aurre jarri, eztabaidatu eta adostasunaren bitartez arautu egin nahi dugu euskal hezkuntza”.

 
ikastola 224
2017 Ekaina
224