IKASTOLA 224 > iritziak > “Eraldaketa pedagogiko batek hamar urteko prozesu bat eskatzen du”

24. Jardunaldi Pedagogikoak - Federico Malpica

“Eraldaketa pedagogiko batek hamar urteko prozesu bat eskatzen du”

Hezkuntza doktorea, aholkulari pedagogikoa eta Escalae Institutuko zuzendaria.

Bartzelonako Escalae Institutuko zuzendari gisa, munduko sei herrialdetan pedagogia aholkularitza lanetan dabil Federico Malpica mexikarra.

Bartzelonako Escalae Institutuko zuzendari gisa, munduko sei herrialdetan pedagogia aholkularitza lanetan dabil Federico Malpica mexikarra. Institutu horrek eta Ikastolen Elkarteak akordio bat izenpetu berri dute aholkularitza hori gure ikastoletan emateko. Hezkuntza eraldaketaz, zailtasunez, prestakuntzaz … jardun gara berarekin, Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoetan parte hartu duela aprobetxatuz.

Ikasleek, gaur egun, ikasteko modua aldatu behar badute, logikoki, irakasleek ere irakasteko modua aldatu beharko dute. Nola proposatzen duzue eraldaketa hori?

Egia da asko aldatu dela ikasleen ikasteko modua, eta, noski, baita haiek irakasteko modua ere. Nagusiki aintzat hartu beharko litzateke joan den mendean medikuntzan egin diren urratsak irakaskuntzan txertatzeko. Hau da, medikuntzan eraldatu egin zen bere praktika, funtzionatzen zuten praktiken ebidentzia zientifikoetan oinarrituta. Mende honetan hori dagokigu egitea irakaskuntzan. Denok gatoz ikasteko eta irakasteko modu batetik, baina ikusi da hura zaharkitu egin dela, ez duela gaur egunerako balio. Baina ez nik diodalako edo besteren batek, baizik eta zientifikoki frogatu delako. Horregatik, ebidentzia zientifikotan oinarritutako eraldaketa egin beharra daukagu irakaskuntzan; pertsonok nola ikasten dugun azaltzen duten ebidentziak hartu behar ditugu aintzat, eta horretara bideratu gure egitekoa.

Zeintzuk dira egin beharreko urratsak?

Lehenbizikoa da urrats horiek bakarka ez egitea. XXI. mendeko irakaskuntza ezin daiteke ulertu irakasle bakoitzaren egiteko isolatu bat gisa, baizik eta elkarrekin lan egiten ari den talde bat bezala, eta elkarrekin ikasleak hezten ari den talde bat bezala. Hurrengo urratsa litzateke talde hori ahalik eta ongien osatu eta prestatzea aprendizaia komunitate gisa osaturik, eta gero, metodologia komun bat sortzea pertsonok ikasteko dugun moduan oinarrituta, zientziaren bitartez, denok partekatutako helburu argi bat lortzeko: gure ikasleek ikastea.

Munduan zehar hainbat herrialdetan zabiltza ikastetxeetan aholkularitza pedagogikoa eskaintzen. Zein egoera aurkitzen duzu ikastetxe horietan? Eraldaketarako egarriz ikusten dituzu?

Bai, hala da. Era berean, gizartea bera ari da eskatzen eta bultzatzen eraldaketa gerta dadin hezkuntzan. Ohartzen naiz hezkuntza komunitatean egarri hori dagoela, gizartetik ere, eta ikasleen familietatik, presio hori badagoelako. Gaur egun gurasoak haurra matrikulatzera doazenean ez dute galdetzen zer instalazio dituen ikastetxeak; aitzitik, proiektu pedagogikoaz galdetzen dute metodologia aktiboez … Bestetik, noski, irakasleen, klaustroen kezka pedagogikoak ere badaude, ikusten dutelako orain artekoak jada ez diela balio. Azken hamar urteotan hazkunde handia eman da ikasgeletan berrikuntza prozesuei ematen zaien garrantzian.

Nola egin dakioke aurre eraldaketa pedagogikoaren aurka gerta daitekeen zenbait irakasleren erreakzioari?

Irakasleriaren gehiengoa ohituta dago klasea modu batera ematen. Gainera, gutako askok, ikasle garaian, modu berean ikasi genuen, eta oso barneratuta ditugu. Horregatik, egun planteatzen diren aldaketa askoren aurrean kontrako erreakzio bat egotea logikoa da, aldaketa handi bat dakartelako orain arte egin den moduarekiko, eta, ondorioz, kontrako erreakzio handiak ere sor daitezke. Hori dela eta, nik ematen dudan aholkua da ez planteatzea errotikako aldaketarik kontrako erreakzio handia baldin badago. Aitzitik, hobea da aldaketa txikiak planteatzea, urratsez urrats aldaketa handi bat egiteko, aldaketa txikien aurrean erreakzioak ere txikiagoak direlako, kudeatzen errazagoak.

Nola inplementatzen da hori?

Oinarrizko bi baldintza daude puntu honetan.

Lehenbizikoa da zentzua ematea aldaketari. Helburua ez da metodologia bat ezartzea. Helburuak gure ikasleen ikaskuntza prozesua hobetzea izan behar du, eta da. Metodologia guztiak helburu hori lortzeko bitartekoak besterik ez dira.

Bestea, berriz, metodologia hori nola ezartzen den. Aldaketa handiak ezartzen badira, erresistentziak ere handiak izan daitezke. Irakaskuntzako metodo bat egun batetik bestera errotik aldatu nahi izatea prozesuaren aurka joatea litzateke. Emaitza hobeagoak lortzen dira eraldaketa aldaketa txikiak eginez egitea, urratsez urrats, nahi den punturaino iristeko. Eta hau dena talde lanean egiten bada emaitzak hobeagoak eta azkarragoak izango dira.

Nola egin dakioke aurre, berriz, zenbait irakaslek proposatutako eraldaketa pedagogikoaren aurka gerta daitekeen ikastetxe bateko zuzendaritzaren erreakzioari?

Hori errazago kudeatu daiteke. Eraldaketa nahia irakasleriatik sortzen baldin bada, abantaila handi bat du, eraldaketa martxan jarri behar duen taldearengandik sortu baita. Baina horrek disfuntzioak sor ditzake zuzendaritza mailan, zuzendariak kezkatuta egon baitaitezke euren kontrolpetik ihes egiten ari zaiela pentsa dezaketelako, beraiek ere beren erosotasun gunetik irteten direlako. Horregatik, oso garrantzitsua da berrikuntza proiektu sendo bat egotea ikastetxean, nora joan nahi duten argi edukitzea eta helmugaraino iristeko egin beharreko urratsa ongi marraztuak edukitzea. Zuzendaritza taldeek, egon daitezkeen erresistentziak ongi kudeatzeko, oso ongi jakin behar dute analizatzen zeintzuk diren beren ikastetxearen eta ikasgelen, eta berrikuntzarako plan estrategiko bat marraztu behar dute epe motz, ertain eta luzerako.

Zenbat denbora beharko litzateke eraldaketa oso bat emateko?

Gure ustez, berrikuntza eraginkor batek plan bat eduki behar du gutxienez hamar urtera begira, zuzendaritza taldeak argi eduki dezan zein urrats egin behar diren aldiko, eta irakasleek ere jakin dezaten helmugara iristeko zer urrats egin behar duten.

Etengabeko eraldaketan dabilen mundu honetan, irakasleen prestakuntzak ere iraunkorra beharko du izan. Prestakuntzarako zein behar dituzte irakasleek?

Beharrak asko dira, eta ikastetxean egin beharreko berrikuntzen araberakoa izango da prestakuntza ere. Irakasleen prestakuntza ere ezin daiteke independentea izan eta ez du helburua bere baitan, funtsezkoa ez baita irakastea, ikastea baizik. Beraz, irakasleen prestakuntza erabat loturik egon beharko luke gure ikasleek ikastea nahi dugun horrekiko. Horren arabera, geletan egin dezakeguna zehaztuko dugu, eta egiten ez dakiguna sartuko litzateke prestakuntzaren barruan.

Escalae institutuan prestakuntza iraunkorrerako programa bat garatu duzue, TeachersPro izenekoa. Zeintzuk dira bere ezaugarri nagusienak?

TeachersPro-ren sortze helburua izan zen ikaskuntzarako sare profesional bat osatzea, online eta nazioarte mailakoa. Ulertzen dugulako irakasleek ikasten dutela beste irakasle batzuk lanean ikusita, haiekin gogoeta egin ditzaketelako eta elkarrekin esperientziak trukatu. Era berean hautsi egin nahi dugu prestakuntza une konkretu batean, gai konkretu baten inguruan egiten den saio baten ikuspuntuarekin. Guretzat helburua zen espazio bat sortzea irakasle bakoitza aldioro prestatzen joan dadin, bere ibilbide profesional guztian.

TeachersProk portfolio bat dauka, irakasleak ez du ikastaro zehatzetan matrikulatu beharrik, baizik eta aldioro jo dezake bertara, kide egiten da. Kidetza horren bitartez, portfolio bat eskuratzen du, eta hortik aurrera plataformaren bitartez garatzen doan guztia bertan geratzen zaio, eduki guztiak, esperientzia guztiak. Gaur prestakuntza dena, bihar kontsultarako material izango da; ez da inoiz ixten, dena geratzen da bertan, baita bere gogoetak ere. Plataformak irakasleari, tartean tartean, eskatuko dio gelan garatzen ari den berrikuntzaren esperientzia sarera igotzeko, besteekin partekatu eta elkarrekin ebaluatzeko, berdinen artean. Berak ere besteen lanak ebaluatu ahal izango ditu, eta, beraz, irizpide profesionala garatzen joango da gai horietan.

Plataforma gamifikatuta dago; nahi genuen modu ludikoa ere garatzea, sari eta dominen bitartez. Irakasleak erronka bat aukeratzen du, erronka hori bere beharretara egokitzen da, eta gainditzen doan heinean sari edo dominak jasotzen joango da. Foroak dauzka, harremanetarako espazioak, banakako saioak egiteko aukerak ematen ditu …

Prestakuntzarako ibilbide pertsonalizatua eskaintzen du, besteak beste, TeachersPro programak. Zertan datza?

Bai. Batetik, irakasleak aukeratu egiten ditu garatu nahi dituen edukiak, eta aldi berean, plataformaren edukiak irakaslearen beharretara egokitzen dira. Ikastetxe bakoitzak ere aukeratu ditzake bere irakasle guztiek garatzea nahi dituen edukiak.

Irakasleen formazioaz, ebaluazioaz … hitz egiten denean, kolektibo hau kontrolatu nahi denaren susmoa eragiteko arriskurik badago?

Irakaskuntzan soilik ez, edozein lanbidetan, profesional guztiei bi gauza horiek eskatu behar zaizkie: batetik, profesionalki garatzen joan dadila, prestakuntzaren bitartez, eta, bestetik, bere lana ebaluatu ahal izatea. Hezkuntzan ere bai. Arazoa ez da prestakuntza edo ebaluazioa; baina bereziki ebaluazioan arazoa da zer motako ebaluazioa egiten den. Ebaluazio zigortzailea baldin bada, hor sartzen dugu hanka; ebaluazioa, aldiz, iraunkorra izan behar du, formatzailea. TeacherPro-n ebaluazioa berdinen artean egiten da, elkarrekin aurrera egiteko. Erakunde baten aldetik ere, bere irakasleen portfolioak ikusiz, ebaluazio eraikitzaile bat egiteko erabili beharko luke. Hori da, azken batean, prestakuntza eta garapenaren helburua: gero eta profesional hobeago eta prestatuagoak izatea, gure lana ahalik eta ondoen egiteko.

Zer aholku emango zenioke eredu pedagogikoa eraldatu nahi duen ikastola bati?

Lehenbizikoa, hezkuntza aldaketari zentzua ematea eta ongi komunikatzen jakitea hezkuntza komunitate osoari. Beraz, argi edukitzea zer herritar mota hezi nahi dugun, zein izango den ikaslearen irteera profila, eta horren araberako interbentzioak egitea. Hori guztiori argi eduki behar du hezkuntza komunitate guztiak, bai irakasleek, bai zuzendaritza taldeak, gurasoak eta ikasleak beraiek ere.

Argi eduki beharreko beste puntu bat da aldaketa guztiak batera ez egitea. Hamar urteko eskenatoki bat marraztea, eta horren arabera helburuak ezartzea epe motz, ertain eta luzerako. Gehiago balio du aldaketa txiki batek baina talde osoak egindakoak, norbanako batek egindako aldaketa handi batek baino. Bigarren hori anekdota hutsa da. Lehenbizikoa, berriz, eraldaketarako ezinbesteko urratsa.

ikastola 224
2017 Ekaina
224