IKASTOLA 223 > ikastolak > Ospakizun handiak 50. Urteurrenerako

Andra Mari Ikastola - Zornotza

Ospakizun handiak 50. Urteurrenerako

Aste betez buru belarri ospakizunetan

Andramari Zornotzako Ikastolak ospakizun handiak prestatu ditu 50. urteurrena ospatzeko.

Andramari Zornotzako Ikastolak ospakizun handiak prestatu ditu 50. urteurrena ospatzeko, ikasturte honetan betetzen baitu mende erdi. Halako urtemuga biribilean, ikastolako arduradunek erabaki zuten jarduera sorta bat antolatzea martxoaren 27tik apirilaren 1erako astean, guztia kondentsaturik astebetez.

Ospakizunaren ardatzak izan dira euskara, kultura, hezkuntza eta kirola, eta, horretaz gainera, tarte goxoa egon da Andramari Zornotzako Ikastolaren bultzatzaileak gogoratzeko eta omentzeko. Ikastola 1966/1967 ikasturtean sortu zen, frankismo betean, pisu klandestino batean. Atzoko eta gaurko irakasle, ikasle, guraso eta beharginak gonbidaturik izan dira festara, baita beste herritar guztiak ere.

Martxoaren 27an, Ikastolak eskaini du topaldi hunkigarria liburutegian: Ikastolako aurrendarietako batzuekin berriketan ibili dira, kafea eta pastak tarteko. Arrasti aukerakoa izan da gomutarako, nostalgiarako, gorazarrerako eta, jakina, etorkizunera gogo eta indar berriz begiratzeko.

Biharamunean, Ainize Sarrionandiak, EHUko irakaslea eta Psikologian aditua bera, hitzaldi bat eman du: «Adimen emozionala nola landu gure seme-alabekin». Hilaren 29an, eskupilotaren txanda izan da herriko frontoian, ume, gizon eta emakumeen partida ugari, eta musikarekin gozatzeko arratsaldea.
Eguen arrastian, kalerik kale ibili da festa, kantu-kantari, triki eta txistuaren laguntzaz kalejiran. Barikuan, hilak 31, Ikastolara itzuli da jaia, ikasleontzat zuzenduriko jaialdi eta disko-festaren ondoren gurasoekin batera gozatzeko txokolatadarekin.
Eta apirilaren 1ean, zapatuarekin, ospakizunen egun handia izan da. Herriko Plazan eta Zornotzako erdialdeko kaleetan hasi da (herri-kirolak, erraldoiak, joaldunak, txistulariak, trikitilariak,… kalejira, pregoia eta txupinazoa), eta gero Larrako polikiroldegian segitu du, 500 lagunentzako (helduak) herri-bazkaria izan baita, musikaz lagundurik eta jai-giroan.

Facebook eta Twitter-en zabalduriko kontutan, @AndraMari50Urte bietan, informazio zehatzagoa aurkitu daiteke; eta guztion oroitzapen eta bizipenak partekatzeko, Ikastolaren lehen 50 urte zirraragarriotako argazki eta bideoak ikusgai.

 

ikastola 223
2017 Apirila
223