IKASTOLA 223 > ikastolak > Ikastola etorkizunerako prestatzen : Plan Estrategikoa martxan

Larramendi Ikastola - Mungia

Ikastola etorkizunerako prestatzen : Plan Estrategikoa martxan

Iraunkortasuna bermatuko dion antolaketa egitura mamitzen

Ikasturte berezia suertatu zaio aurten Mungiako Larramendi Ikastolari. Etorkizuna diseinatzen ari da, Ibilaldia jaia antolatzen ari den bitartean. Gogoeta eta ilusioa, biak, uztarturik; lana eta jaia, biak beharrezkoak. Ahaleginaren ikurra da, ikastolara hurbildu den edonork ikusi duena. Gogo horretan esplikatu digute Plan Estrategikoaren atala.

“Ikasturte hasieran abian ipini genuen plan estrategiko berri baten helburua. Kurtsoaren hasieran parte hartzeko deialdia egin eta hainbat irakasle, ikasle eta langileekin batera 40 guraso elkartu ginen, prozesu eraikitzaile eta berritzaile horrek gure ikastolako komunitate guztirako onurak ekarriko dituelako sinetsita baikaude.

Prozesuaren lehenengo pausuak kontseilu errektorearen eta zuzendaritza berriaren eskutik jarri ziren, OPE Aholkularitza enpresaren laguntzarekin. Izan ere, Plan Estrategikoarekin lortu nahi dugulako LARRAMENDI IKASTOLArentzat iraunkortasuna bermatuko dion antolaketa egitura diseinatu bat, gure ikastolak dituen erronkei aurre egiteko.  Gure xedea da epe luzeko helburuetan iraunkortasuna ziurtatuko dion kudeaketa egitura sortzea eta eraldaketa abian jartzea.

 

Lehen fasea diagnostikorako urratsa izan zen. Fasea erabat irekia eta parte-hartzailea izanik, hainbat euskarri antolatu genituen: Lehena, galdetegiak bidali eta jaso guraso, langile eta ikasleei. Bigarrena, langileen banako elkarrizketak egin zuzendaritzarekin. Eta hirugarrena, langile eta guraso lan-taldeak sortu.

Diagnostikoaren ostean, hurrengo urratsari ekin genion, hala nola proposamenaren eraikuntzari. Horretarako langile eta guraso lan-taldeak eratu dira, ia 80 lagun batera, eta talde bakoitzarekin lan-saio bat egin da eraikiko den proposamenaren oinarriak lantzeko, hau da, ikastolaren xedea, ikuskera eta balioak zehazteko. Horiek landu ostean, proposamena komunikatu eta zabaldu zaie langile, guraso eta ikasleei, beraien ekarpenekin osatzeko.

Maiatzean finkatuko da diseinua, hausnarketa prozesua bide orriaren diseinuarekin proiektu zehatz eta estrategikoak kudeatzeko gida garatuz. Irailean ekingo diogu aldaketari, egitasmo parte-hartzaileak diseinatutako etorkizunari. Egunero alkarregaz aritu baikara geroa irudikatzen!

Tartean, maiatzaren 28an, ospatuko dugu Bizkaiko Ikastolen  jai handia gure ikastolan. Gonbidatuta zaude, egun ederra izango da ilusio handiarekin prestazen ari baikara. Horretara ere talde handia bildu da, gure ikastolan eraldaketa hasi baita!”.
 

ikastola 223
2017 Apirila
223