IKASTOLA 223 > erreportajeak > Ikastolak, elkar ezagutuz, eta elkarrengandik ikasiz

Haur Hezkuntza

Ikastolak, elkar ezagutuz, eta elkarrengandik ikasiz

Haur Hezkuntzako proiektu desberdinak ezagutzen ari dira nork bere proiektua abiatzeko

Esperientzia aberasgarria izan da denentzat, bai bisitarientzat baita bisita jaso dutenentzat ere.

Azken aldi honetan euren ikastoletan Haur Hezkuntzan martxan jarri dituzten proiektu berri eta eraldatzaileak aztertu eta ezagutza sarea hedatzeko eta elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz  nork bere proiektua abiatzeko xedearekin hainbat bisita egin dira ikastola desberdinetara. Esperientzia aberasgarria izan da denentzat, bai bisitarientzat baita bisita jaso dutenentzat ere.

 

Urte batzuk badira Ikastolen Elkarteak, ikastola batzuekin elkarlanean, Haur Hezkuntzan interbentzio pedagogiko berriak txertatzeko asmoari heldu ziola. Batetik, psikologiak, pedagogiak eta neuro-zientziak  azken urteotan hezkuntzari egindako ekarpenak kontuan izanik, eta,  bestetik, ikastola batzuek Haur hezkuntzako proiektua hobetzeko  egindako ibilbidea kontuan hartuz, prozesu eraldatzaile bati ekin zion EHIk.

Iazko ikasturtean, Haur Hezkuntzarako hezkuntza marko bat eraikitzen hasi ziren, proiektu desberdinak bilduko eta babestuko dituen aterki edo marko bat izan nahi duena. Aurtengo ikasturtean, berriz, ikastolek etapa honetan dituzten beharrei erantzuteko helburua jarri da. Ikastoletako Haur Hezkuntzako proiektuak eraikitzea da helburua. Horretarako, zazpi laguneko lantalde bat osatu da, erreferentzia talde bat, eta kide bakoitzak Hego Euskal Herriko zortzi-bederatzina ikastola hartu ditu, haien beharrak zeintzuk diren aztertu eta zer motako interbentzioa behar duten aztertzeko. Alegia, ikastola bakoitzaren proiektua jarraitzea eta ekintza plana egitea dute zeregin gisa.

Ikastola bakoitzarekin bi norabide lantzen dira: batetik, ikerketa lerroen, hizkuntza trataeraren, ebaluazioaren eta materialen inguruan hausnartzeko egitekoa du; eta, bestetik, ikastolen artean ezagutza sare bat ehuntzeko, errealitate eta abiapuntu desberdinak elkarrekin harremanetan jartzekoa.

Lan taldeko kideak ikastolak bisitatzen hasi ziren unean bertan, ikastolek eskatu zieten proiektu berriak martxan dituzten ikastolen ereduak ezagutu nahi zituztela. Horri erantzunez, hamar ikastolatara joan dira bisitan: Elorrioko Txintxirrira, Altsasuko Iñigo Aritzara, Bergarako Aranzadira, Eskoriatzako Arizmendira (Jose Arana eraikinera), Usurbilgo Udarregira, Oñatiko Txantxikura, Ibarrako Uzturpera, Orioko Herri ikastolara, Leioako Betikora eta Azpeitiko Ikasberrira. Lekeitioko RM Azkuera ere badute programatuta bisita bat.

Ikusten den bezala, askotariko ikastolak bisitatu dituzte, handiak, txikiak, ertainak… Haur Hezkuntzako proiektu berria martxan dutela denbora daramatenak eta baita hasi berriak ere; batzuk behar batzuetatik abiatutakoak beste batzuk beste behar batzuetatik, batzuk pedagogia eredu jakin batetik abiatutakoak, bete batzuk beste batzuetatik… Helburua ere horixe baitzen, erakustea eredu eta tamaina desberdinetara egokitzen direla. Denak abiaburu bat izan arren, bakoitzak bere bidea jorratu duela. Hogei ikastolatako hogeita hamar irakasle izan dira, berriz, bisitariak. Ikastola bisitariak ere askotarikoak ziren.

Bisitetan ikusi da, eta horixe izan da positiboena, nolako balioa duen ikastolen arteko sarea ehuntzeak, ezagutzaren eraikitzea ikastolen artean egitea, batzuek besteei euren esperientzia eta lan egiteko modua erakustea, baina baita besteengandik ikastea ere, hartu-eman bezala eman-hartu ere egiten dela ohartzea. Balorazioak oso positiboak izan dira.

Hurrengo urrats bat izango da prestakuntza beharrei erantzutea. Ikasturte honetan bertan hasiko dira horretan. Era berean, Haur Hezkuntzan proiektu berriak txertatzeko obrak ere egin behar dituztenez, gela barrua nola antolatu  eta nola egin aholkularitza emateko asmoa ere badu Ikastolen Elkarteak. Izan ere aholkularitza arkitektonikoaren behar bat dago diseinu pedagogikoaren inguruan, behar pedagogiko hori diseinuarekin nola lotu asmatzeko. Maiatzeko Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoetan gai horrek pisu handia hartuko du.

ikastola 223
2017 Apirila
223