IKASTOLA 223 > erreportajeak > Ekintzailetasuna lantzen, europar programa baten barruan

YESict programa

Ekintzailetasuna lantzen, europar programa baten barruan

Etxarri Aranazko Andra Mari iIkastolako ikasleak esperientzia pilotu bateko protagonista bilakatu dira

Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolako DBH 1eko ikasleak.

Ikastolen elkartea eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa arduratu dira unitate didaktikoa diseinatzeaz eta garatzeaz, eta haren esperimentazioa gidatzeaz

Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako DBH1eko ikasleak europar mailako ekintzailetasun programa esperimental bateko protagonista izan dira. Euren herria aztertu, eta hobetzeko proposamenak landu dituzte lan talde kooperatibotan.Talde bakoitzak proposamen bat garatu du, eta maketa banara eraman dute. Emaitzak martxoaren 29an plazaratu dituzte, jendaurrean, Etxarri Aranazko kultur etxean. Ikasleen artean ekintzailetasuna bultzatzeko YESict europar programaren baitan egin dute.

Sakanan hondartza bat egitea, zaborrak gutxitzeko sentsibilizazio kanpaina bat egitea, naturgune bat sortzea, kiroldegi bat egitea edota abandonatutako etxe batean laser-borrokarako gune bat eraikitzea proposatu dute Andra Mari ikastolako DBH 1eko ikasleek. Eta proposatzeaz gainera, horiek nola garatuko lituzketen irudikatu dute maketa banatan. 

Ikastolen elkartea eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa arduratu dira unitate didaktikoa diseinatzeaz eta garatzeaz, eta haren esperimentazioa gidatzeaz. Unitate hori Europako beste hainbat ikastetxetan ere erabiliko dute, izan ere,  ekintzailetasuna bultzatzeko YESict europar programarentzat garatu dute esperientzia pilotua.

Ekintzailetasunari buruzko unitate honetan sormena landu nahi da, eta, horrekin batera, arazoen ebazpena, kooperazioa eta norbere buruarekiko konfiantza. Horretarako ikasleek zenbait kasutan IKTak erabiliko dituzte eta beste batzuetan eskulanak egingo dituzte. Ikasleek ekintzailetasunari buruzko informazioa jasotzen dute, eta, pixkanaka, ekintzaile izatea zer den ikasten dute. Ondoren arazo bat identifikatzen dute bere auzo edo herrian, eta talde kooperatiboak sortzen dituzte arazo horren inguruan hausnartu eta konponbide bat aurkitzeko, hau da, arazoa aztertzen dute, hori konpontzeko ideiak asmatzen dituzte, propotipo bat marrazten dute eta, azkenik, maketa bat sortzen dute beraiek eremu jakin batean eraikiko luketen proposamenarekin. Egun batzuk beranduago prozesu hori guztia jendearen aurrean aurkeztu beharko dute.

Ikastolen Elkarteaz eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaz gain,  erakunde hauek ere hartzen dute parte kontsortzioan:  Antic (Lapurdi), Fh Joanneum Uni (Austria), Synthesis (Zipre), Nikosiako Unibertsitatea (Zipre)  Vaeksthusthus Sjaelland (Danimarka).

Zer da YESict?

YESict europar proiektua ikasleengan ekintzailetasun konpetentziak sustatzea xede duen proiektua da. Hamar eta hamabost urte bitarteko ikasleengan ekintzailetasun konpetentziak garatzea du helburu YESict europar proiektuak (Young Entreprene urial Siklls by ICT). Europako Batzordearen Erasmus+ programak finantzatu du YESict; proiektuaren bitartez, metodo didaktiko berritzaile bat diseinatuko da irakasleentzat, haiek euren ikasleen ekintzailetasun konpetentziak sustatzeko erabil dezaten ikasgeletan.

Ekonomia krisiak agerian utzi du Europan hazkunde ekonomikoari, enpleguari eta gizarte ongizateari eusteko beharrezkoa dela ekintzailetasuna bultzatzea. Testuinguru horretan, premiazkoa ikusi da ikastetxeetan ere ekintzailetasuna eta harekin lotutako zenbait konpetentzia (sormenezkoak, arriskuak hartzekoak) garatzen lagunduko duten programak martxan jartzea.

Erronka horri aurre egiteko helburuarekin, Ikastolen Elkarteak eta Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoak indarrak batu zituzten, eta europar mailako kontsortzio bat eratu zuten YESict proiektuan lan egiteko. Bi erakunde hauekin batera proiektuan dihardute beste erakunde hauek: Antic (Lapurdi), FH Joanneum Uni (Austria), Synthesis (Zipre), Nikosiako Unibertsitatea (Zipre) eta Vaeksthusthus Sjaelland (Danimarka). Kontsortzio honek 2018ko abuztura arte jardungo du lanean.

Ikastetxearen ingurunean ekintzailetasuna garatzea ahalbidetuko duten erreminta digital sortzaileen diseinuan eta esperimentazioan kolaboratzen ari dira, zehazki, Ikastolen Elkartea eta Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoa.

 

ENTRESAKA: Ikastolen elkartea eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa arduratu dira unitate didaktikoa diseinatzeaz eta garatzeaz, eta haren esperimentazioa gidatzeaz

ikastola 223
2017 Apirila
223