IKASTOLA 222 > erreportajeak > KiVa programa abian jarri dute 52 ikastolatan

Eskola Jazarpena

KiVa programa abian jarri dute 52 ikastolatan

Lehen hezkuntzako 18.419 ikasle hasi dira parte hartzen

KiVa eskola jazarpenaren aurkako programa da.

52 KiVa ikastola ditugu, beraz, gaurtik aurrera. Lehenbiziko 52ak; izan ere, programa Euskal Herriko ikastola guztietara hedatzea baita helburua.
Urtarrila, KiVa programa txertatzen hasteko hilabetea izan da ikastolentzat, eta halaxe aritu dira, nork  bere ‘KiVa eguna’ antolatzen, prestatzen eta aurrera eramaten. Kiva eguna, azken batean, ikastola bakoitza KiVa programa martxan jarri  duen eguna izan da. Ospakizun gisa egin nahi izan da, eskola jazarpenari aurre egitearen alde positiboa indartzeko.

KiVa programa Lehen Hezkuntzan aplikatuko da, baina xedea eskola jazarpenaren aurrean ikastola komunitate osoa inplikatzea denez, ikastola guztietan etapa guztietako ikasleek hartu dute parte KiVa egunean.

IKASTOLA aldizkariak bi ikastola bisitatu ditu, KiVa egun horiek bertatik bertara ezagutzeko: Elorrioko Txintxirri ikastola eta Andoaingo  Aita Larramendi ikastola. Bi ikastoletan nabari zen egun berezia zela. Eguberrietako oporralditik bueltatu berritan, beste ospakizun bat zuten. Egun berezia eta egun garrantzitsua ere bai. Ikasleen jarreran antzematen zen, baita egunerako prestatu zituzten mezu eta marrazkietan ere. Eskola jazarpenari aurre egin, eta taldean aurre egin. Horretarako konpromisoak hartuz, eta urtean zehar konpromiso horiei eutsiz.

Bi ikastolek zituzten gela barruan eta gelatik kanpoko ekintzak prestatuta: KiVa programaren aurkezpena tutoretza orduetan, gogoeta egin eta  konpromisoak hartzea, haiek idatzi eta gelan ezartzea, eta baita gelatik kanpo ere. Kiva ikurrak marraztu edo margotzea, zenbait bideo ikustea… Txintxirrin argazkiak ere atera zituzten Kiva ikurrekin.

KiVa egunerako prestatutako bertsoak kantatu zituzten Aita Larramendi ikastolakoek. Txintxirrikoek, berriz, eskola jazarpena gaitzat hartuta abesti bat osatu eta kantatu zuten.

Kasu bakar bat  gehiago gerta ez dadin
Lehen Hezkuntzako 18.419 ikasle hasi dira parte hartzen programa honetan. Mundu mailan eskola jazarpenari aurre egin eta hura murrizteko programarik eraginkorrena da KiVa, Finlandiako Turku-ko Unibertsitateak garatutakoa. Helburua, noski, ez da jazarpenak murriztea, baizik eta bakar bat gehiago ere ez gertatzea. Ikastolek xede hori lortzeko borondate irmoa dute.

Datuek erakusten dute eskola jazarpena fenomeno globala dela. Hala, mundu osoan, ikasleen (haur eta nerabe) %10ek jasan dute edo jasango dute bullyinga. Fenomeno globala eta larria, ikusten denez. Baina ez da hori datuek erakusten duten gauza deigarri bakarra. Ikasleen %8 inguru izan dira edo izango dira eskola jazarpenaren egile, eta %7 haien laguntzaile izango dira. Ikusle edo lekukoei dagokienez, horiek ere ikasleak, gehiago dira erasotzailearen alde agertzen direnak (%20), biktimaren alde agertzen direnak baino (%17). Besteak (%34) ez dira ohartuko eskola jazarpenaz.

Eskola jazarpen kasu bakoitzean erasotzaile bat eta biktima bat daude, baina, datuek erakutsi moduan, baita ikusle eta lekuko ugari ere. Izan ere, eskola jazarpenaren helburua, jazarriarekiko nagusitasuna adierazteaz gainera, taldeko nagusitasuna lortzea ere bai baita, taldeko errekonozimendu soziala lortzea, alegia. Hori erakusten dute datuek: gehiago dira erasotzailearen alde jartzen direnak (%27, laguntzaileak ere batuta) biktimaren alde jartzen direnak baino (%17).

Fenomeno globala izateaz gainera, beraz, fenomeno sozial edo taldeko fenomenoa ere bada eskola jazarpena. Eta hori da, hain zuzen ere, KiVa programak azpimarratzen duen puntuetako bat. Bullyinga erauzi nahi bada, erasotzailearekin eta biktimarekin bezala, taldearekin ere lan egin beharko da, taldearen jokabidean eragiten bada, erasotzaileari lagundu edo babesa ematetik biktimarekiko enpatia lortzera igarotzen badira taldean, horrek erasotzailearen jokabidean ere eragina izango du. Horregatik indarra jartzen du KiVa egitasmoak prebentzioko proposamenetan.

Era berean, ordea, biktimari jakinarazi behar zaio, beharra du-eta hori jakiteko, helduen babesa eta laguntza dituela, eta entzun egingo diotela. Eta, noski, erasotzaileari ere aurrez aurre jarri behar zaio bere jokabide onartezina. Alegia, prebentzioarekin batera, esku-hartzea egon behar du. Mahai baten hirugarren hanka gisa, berriz, ekinbide horiei guztiei jarraipena egin behar zaie. Hori planteatzen du KiVak.

Prebentzioa lantzeko ikasmaterial jakin batzuk ekoitzi ditu (testu-liburuak, baliabide digitalak eta webgune bat, besteak beste) programa garatu duen Turkuko Unibertsitateak. Material horren bitartez, gelan lantzen dira hainbat balio, eta balio horiek landuz iristen dira eskola jazarpena bera ere jorratzera. Bullying kasuen aurrean jokabide jakin bat, hura salatzea eta biktimaren alde jartzea, bultzatzen da.

Eskola jazarpena detektatzeko baliabideak ere jartzen ditu KiVak irakasleen esku, ikasleek bullying kasuak modu anonimoan salatzeko aukera barne, eta eskola jazarpen kasuetan esku-hartzeko “KiVa taldea” deritzona osatzea proposatzen du. Gutxienez, hiru irakaslez osatutako taldea litzateke KiVa taldea; eta talde horretan zuzendaria edota arduradun pedagogikoa inplikatzea oso garrantzitsutzat jotzen du.

Talde berezi horiez gain, irakasle eta langile guztiak programan engaiatzea bilatzen du KiVak. Gurasoak ere bai, haientzako egindako eskuliburuen bitartez. Horrela, KiVak eskola komunitate osoa inplikatzen du eskola jazarpenaren aurkako programan. Eskola komunitate osoa inplikatuz, eskola jazarpenarekiko sentikorrago egiten dira denak, bai ikasle, bai irakasle eta langile eta baita gurasoak ere. Horrek eskola jazarpen kasu asko eragozteaz gainera, prebentzioa asko lantzen baita, gertatuz gero, haiek azkarrago detektatzea errazten du, baita kasu bakoitza konpontzeko hartu beharreko bidea eta egin beharreko urratsak erabakitzea ere.

52 ikastolas han implantado ya el programa KiVa

Tras finalizar el periodo de vacaciones de estas Navidades, 52 ikastolas de Euskal Herria han puesto en marcha en sus centros el programa KiVa contra el acoso escolar. Estas son las primeras 52 ikastolas, ya que el objetivo es que todas las ikastolas pongan en marcha este programa en los próximos cursos. Un total 18.419 alumnos y alumnas de Educación Primaria han comenzado a tomar parte en este programa anti-bullying.. El objetivo no es solo reducir el acoso escolar, sino conseguir que no se den más casos de bullying. Las ikastolas tienen una firme voluntad para conseguir ese objetivo. 

TXINTXIRRI IKASTOLAREN ABESTIA
Elkar lagunduz, dena da posible

Ohetik altxatzean
kezka pila bueltaka dut buru gainean
prestatzera nogosaldu, jantz;
dardara izugarria dantzan bihotz barrenean

Ikastolara noa,
hau bai egun polita
lagunak ditut zain poz-pozik hasita
dena da festa, dena da irrika
ni ote naiz bakarra jasaten duena?

Pertsona, ume , heldu zein neska-mutil
Denok parez pare berdin ta desberdin
Izan, esan, sentitu, lagundu, eman, jaso
Denok bizitza bizi nahi dugulako!!

Zabaldu begiak
gu ere hemen gaude zure ondoan
batera irtengo gara honetatik
gure laguntza tinkoa izango da
ez zaude bakarrik.

Nik ere ikusi dut
egin dizun guztia laguna izan arren
ez dio egia.
Gogaitu gara zapaltzaileekin
hemen ez inon hori ezin da egin.

Pertsona, ume , heldu zein neska-mutil
Denok parez pare berdin ta desberdin
Izan, esan, sentitu, lagundu, eman, jaso
Elkarrekin dena posible delako!!

KiVa BERTSOAK
(egilea: Juanjo Respaldiza)

Zer da ba gozatzea
bestearen minez
ezin gara isildu
guztia jakinez
gauzak garbi esanda
ta aurre eginez
bideratuko dugu
erantzukizunez
Ikastolan nahi dugu
bizi atseginez.

Eguneroko mina
min handiegia
taldea, gu, babesa,
laguntza, begia…
Kivak aberastu du
gure hiztegia
ezin da ezkutuan
geratu egia
irribarrea bedi
denon aurpegia.

ikastola 222
2017 Otsaila
222