IKASTOLA 221 > erreportajeak > Ikaskuntza prozesua eraldatzen ari den eredu pedagogikoa

Ikastola Eredua: Hezkuntza markoa

Ikaskuntza prozesua eraldatzen ari den eredu pedagogikoa

Euskal Curriculumean eta konpetentzietan oinarritutako eredu pedagogikoa

DBHko maila guztietan ezarria, eta Lehen Hezkuntzako 6. mailan esperimentazio fasean dela, ikastolak hurrengo urratsak egiteko gertu daude.

Horretarako, Ikastolen Elkarteak ibilbide orri bat prestatu du, 0-20 urte bitarteko etapa guztiak aintzat hartzen dituena, eta etapaz etapa egin beharreko urratsak zehazten dituena. Hori izango da ikastolen hezkuntza marko berria, ikaskuntza prozesua eraldatzera datorrena.

Ikastolen curriculuma Euskal Curriculumaren garapena da,  eta hura osatzeko agindua jaso zuen Ikastolen Elkarteak, 2009ko Ikastolen VII. Batzarrean onartutako ‘Ikastolak orain eta gero’ dokumentuaren bitartez. Dokumentu horretan dagoen esaldi batek laburbiltzen du mandatua:  “Konpetentzietan Oinarritutako Hezkuntzaren ikuspegitik Euskal Curriculumaren garapena gauzatzea, etapa eta arlo guztientzat marko komunean oinarrituz”. Marko hori da ikastolak lantzen ari diren ereduaren aterkia.

Euskal Curriculumaren garapenerako konpetentzietan oinarritutako hezkuntza da gaur Ikastola Ereduari, 0-20 urte bitarte eta etapaz etapa, lotura eta koherentzia emango diona.  Horixe da ikastolen marko pedagogikoaren printzipio nagusia. Printzipio nagusi honek aspektu guztiak hartu ditu, alegia, hauek:  esku-hartzerako proposamen didaktikoa, ikasmaterial eskaintza, prestakuntza eta aholkularitza.

Euskal Curriculumaren garapenerako  Ikastolen Elkartearen curriculum diseinuak dituen ezaugarri bereizgarriak, berriz, hurrengo elementuekin osatzen  dira:

- Ikaslearen irteera-profilean oinarrituta dago. Etapa bakoitzean ikasleak bereganatu behar dituen ezagutzak, gaitasunak eta konpetentziak zehaztuta daude, hau da, azken helburuak jarrita daude. Irteera profilaren arabera eraiki da hezkuntza prozesu osoa.

- Euskal curriculumean oinarrituta dago. Iragan hamarkadan landu zen, eta 2008-09 urteetan Euskal Herriko ikastetxe gehienek elkarrekin eraiki eta onetsi zuten Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculuma. Zeintzuk dira helburuak? Azken batean, pertsonaren garapen osoa (norbanako, gizartekide eta izadikide gisa) lortu ahal izateko oinarri sendoak finkatzea bilatzen du; geure-geurea den euskal kultura espezifikoaren eta kultura unibertsalaren oinarriak eskuratzea; ondorengo ikasketak egiteko eta lan munduan aritzeko prestatzea; eta bizitza osoan zehar ikasten jarraitzeko prestatzea.

- Arlo guztietan txertatzen ditu oinarrizko konpetentzia orokorrak, konpetentzia digitala barne. Dagoeneko ez da nahikoa jakintza akademikoa eskuratzea. Edozein bizitza-egoeratan konpetentea izatea lortu behar du ikasleak; pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten, eta egiten eta ekiten jakin behar du.

- Integrazioaren pedagogian oinarritzen da. Egoerei irtenbideak aurkitzen ikasi behar du ikasleak, ikasitakoa egoera berrietan baliatzeko. Benetako egoera esanguratsuen aurrean jarrita, ikasleek egoera horietan behar dituzten baliabideak bilatzen eta erabiltzen ohitu behar dute; irtenbideak aurkitzen saiatu, bakarrik eta lan taldean moldatu, arazoen soluzioa erdietsi eta egoera berrietan ikasi dutena baliatu.

- Ikaskuntza kooperatiboa erabiltzen da, taldean lan egiten dute. Ikaskidetzan oinarritutako esku-hartzea bultzatzen du

- Euskaran ardaztutako eleaniztasuna. Hizkuntzen trataera integral eta integratua garatzen du, euskaran ardazturiko planteamenduan.

DBHtik abiatuta, etapa guztietara hedatuz
Arestian aipatu bezala, Konpetentzietan Oinarritutako Hezkuntzaren ikuspegitik Euskal Curriculumaren garapena gauzatuz doa Ikastolen Elkartea, etapa (eta arlo) guztientzat marko komun honetan oinarrituz, Ikastolen Hezkuntza Eredua osatuz/birdefinituz.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik (DBH) hasi zen inplementazioa. DBHko maila guztietara hedatu da aurtengo ikasturtean, 4. mailara iritsiz. EKI proiektuaren sortze fasea ikasturte honetan amaitzen da, beraz. Alegia, DBHn konpetentzietan oinarritutako ikastolen curriculum diseinuaren elementuak txertatu dira.

Baina ez da lana horretan amaitzen. Aberastu beharreko aspektuak daude: ebaluazio sistema (bere buletin informatiboarekin); aniztasunaren trataera egiteko irizpideak zehaztu behar dira; eta Ikastoletan zentraturiko prestakuntza eta aholkularitza zerbitzua diseinatu behar da.

Gainera, egindako proposamena kontrastatu eta eguneratzeko asmoa dago 17/18 ikasturtean.

Lehen Hezkuntza
Lehen Hezkuntzari dagokionez, bigarren zikloan ikas materialak ekoitzi eta esperimentatzen hasiak dira 6.mailan. Etapako irteera-profila zehazten ari dira, curriculum proposamena (konpetentziak, helburuak..), unitate didaktikoen diseinu eta sorkuntzan murgilduta daude, eta baita irakasleen prestakuntzan ere. Aurtengo ikasturtean hamar ikastolatan ari dira EKI 6. mailako unitateekin. Hurrengo ikasturtean, berriz, ikastola guztiek izango dute aukera ikas material horiek lantzeko.

4. eta 5. mailei dagokienez, 6.mailarako egindako curriculum eta unitate didaktikoen diseinuaz baliatuz, prozesu bera jarraituko da, eta ikastolei eskainiko zaizkie hurrenez hurren; hots, 2018-19 ikasturtean 5.maila eta 2019-20an 4.maila.

Lehen Hezkuntzako lehen zikloa, Haur Hezkuntzaren eta Lehen Hezkuntzako bigarren zikloaren arteko zubia izango da. Horri begira, “Haur Hezkuntzarako Ikastolen Proiektua” dokumentuan egindako proposamena irakurri eta aztertzen ari dira, Lehen Hezkukntzako lehen ziklorako egokitzeko modua bilatzeko. Haur Hezkuntzako lantaldearekin elkarlanean ari dira.

Dinamika hori baliatuz, Lehen Hezkuntzako lehen ziklorako curriculum-diseinu baterako elementuak definitzen joango dira, proposamen didaktiko zehatz batera heltzeko helburuarekin.

Haur Hezkuntza
Haur Hezkuntzari dagokionez, joan den ikasturtean Haur Hezkuntzarako Ikastolen Proiektua dokumentuaren lanketa egin zen, eta ikastolei aurkeztu zitzaien. Hortik abiatuta, ikasturte honetarako jarri diren helburuak hauek dira.
- Ikastolen gehiengoa jasoko duen markoa edo proiektua adostea.
- Ikastola bakoitzak Haur Hezkuntzarako Ikastolen proiektua bereganatzea, dituen beharrak aztertzea eta horiei erantzuteko ekintza plana diseinatzea.
- Ebaluazioa, materialak eta hizkuntzen trataeraren inguruko ikerketa lerroak lantzea, epe motzean erabakiak hartzeko.
- Ikastolen arteko ezagutza sarea indartzea proiektu sendo eta berritzaile bat izateko.
- Etorkizuneko beharrei erantzuteko bideak jartzea.

Horretarako, ikastolen parte-hartze zuzena ezinbestekoa da, Ikastolen Elkarteko Haur Hezkuntzako arduradunaren koordinaziopean. Lanketa hori egiteko Haur Hezkuntzako ikerketa taldea abiarazi da. Bertako partaideak dira azken urteetan Haur Hezkuntzan erreferentzia izan diren ikastolak: Txintxirri, Aranzadi, RM Azkue, Ikasberri, Kurutziaga, Iñigo Aritza eta Uzturpe.

Ikerketa talde honek zenbait eginkizun izango ditu. Batetik, ikastolei HHko proiektua bideratzen laguntzea. Horretarako ikastola bakoitzak bere erreferente zuzena izango du, elkarrekin ikastola bakoitzeko bide orria eta ekintza plana osatzeko. Bestetik, hiru ikerlerro nagusitan jardungo du: ebaluazioa, hizkuntzen trataera eta material didaktikoa. Halaber, ezagutza sarea indartuko du; ikastolen artean daukaten sarea erabiliko dute, ikastolek dituzten beharrei erantzuna elkarrekin emateko.

Batxilergoa

Batxilergorako ere egitasmoa lantzen ari dira Ikastolen Elkartean. Izan ere, ikasturte honetan amaituko dute etapa, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osoa konpetentzietan oinarritutako eredu pedagogikoarekin aritu diren lehen ikasle taldeek, eta Batxilerra hasiko dute hurrengo ikasturtean. Hezkuntza markoarekiko koherentzian, beraz, etapa horretan ere aldaketa pedagogikoa egitea beharrezkoa da. Horregatik, DBHko diseinua eta  irteera-profila kontuan izanik, Batxilergoko diseinuan aurreko etapan ezarritako elementuak txertatuko dira modu koherentean eta DBHko amaierarekin lotura zainduz. Beraz, horretarako lehen lehenik etapa bukaerako ikasle profila zehaztuko da. Era berean, Batxilergorako esku-hartze pedagogikorako diseinu proposamena egingo da ikastola guztientzako,  bai ikasmaterial ikuspegitik zein aholkularitza ikuspuntutik.

Horretarako, orain arte DBHko ikas materialen sorkuntzan aritu diren egile taldeen berrantolaketa egin beharko da, Batxilergorako taldea sortzeko. Datorren ikasturtean kontrastatuko da proposamena.

ikastola 221
2016 Abendua
221