IKASTOLA 221 > erreportajeak > Ikastolek 800.000 euro banatu dituzte bederatzi proiekturen artean

Elkartasun Ikastolak

Ikastolek 800.000 euro banatu dituzte bederatzi proiekturen artean

Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteak Batzar Nagusia egin du Orion

Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatibak ia zortziehun mila euro banatu zituen azaroaren 24ko Batzar Nagusian, beren hezkuntza proiektuentzako laguntza eskatu zuten bederatzi ikastolaren artean. 796.271,81 euro banatu ditu Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteak, bederatzi ikastolaren artean, iragan azaroaren 24ko iluntzean, Orion egin zuen Batzar Nagusian. Diru hori, urtero ikastolek, euren ikasle kopuruaren arabera, egiten duten ekarpena da, eta inbertsio edota proiektu berrietarako dago zuzendua. Alegia, inbertsio edo proiektu berrian murgilduta, haiei aurre egiteko besteen elkartasuna behar duten ikastolek egiten duten eskariari zuzentzen zaio laguntza, eta ekarpen edo mailegu moduan ematen dira.

Aurten, bederatzi proiektu babestu ditu Elkartasun Ikastolak elkarteak. Baionako Bernat Etxepare Lizeoak, Hiriburuko Ametza ikastolak, Seaskaren Ikastolen Etxeak, Tuterako Argiak, Lodosako Ibaialdek, Bastidako ikastolak, Bilboko Harrobiak, Etxebarriko ikastolak eta Argantzungoak aurkeztutako eskariak izan dira.

Ekitaldi honetarako ikastola guztiek egindako ekarpena 820.688 eurokoa izan da. Urtero haziz doa ekarpena, ikasle kopuruak ere gora egin duelako; orotara, 55.288 ikasle dituzte Ikastolen Elkartean batzen diren ikastolek (Ikastolen Elkarteko ikastola bazkide guztiak daude, baita ere, Elkartasun Ikastolak elkartean). Beraz, iragan azaroko Batzar Nagusian ez zen banatu bildutako diru guztia. Aitzitik, 24.416 euro funts bat sortzeko gorde dira.

Ia hamabost milioi

Ikastolen garapenerako tresna funtsezkoa sortu zuten ikastolek 90.eko hamarkadan, publifikazioaren osteko egoera irauli eta etorkizun zehaztugabeari aurre egiteko. Elkartasun Kutxa zena, europar kooperatibaren izaera hartu zuen, 2009an Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartea sortu ondotik. Horrek indartu eta sendotu egin du elkartasun kutxaren egitekoa.

Ikastolek Elkartasun Kutxa sortu zutenetik, urtero urtero ari dira ekarpen handi hau egiten. Iragan azaroaren 24ko batzarrean, urteotan ikastolen ekarpena zein izan den azaldu zen. Izan ere,  hamalau milioi euro banatu ziren iaz arte, eta aurtengo ekarpenarekin, berriz, hamabost milioi eurora gerturatu dira ekarpen horiek.

Ekarpen horren balioa azpimarratu zuen batzarrean Ikastolen Elkarteko eta Elkartasun Ikastolak elkarteko lehendakari Koldo Telliltuk, sarrerako hitzaldian.

Izan ere, ekarpen horrek, batetik, ikastolen elkartasunaren neurria adierazten baitu. Erakunde gutxi dira ikastolak baino ekarpen handiagoa egiten dutenak. Kooperatiba izatearen balio handietakoa da elkartasunarena, ikastolen gizarte ekintza eta gizarte ekarpena agerian uzten ditu eta.

Bestetik, berriz, elkartasun kutxaren esku-hartzearen funtsezkotasuna ere agerian uzten du. Egindako ekarpenaren bidez, beren hezkuntza proiektuak aurrera ateratzeko premian diren edo egon diren ikastolei laguntza ezinbestekoa eman diete ikastolek. Gaur egun oso egoera onean diren ikastola batzuk egoera horretara iritsi dira, besteak beste, bere garaian beste ikastolen elkartasunaren bitartez jasotako laguntzari esker.

“Hau guzti hau, erantzukizunez, arduraz eta seriotasunez buruturiko lana da. Geure buruari tresna eraginkor eta funtsezkoa eman genion, eta emaitzak begi bistakoak dira”, azaldu zuen Tellituk.

Erantzukizunaren adierazle izan zen, berriro ere, ikastola bazkideen parte-hartzea. Deituta zeuden bazkideen %76tik gora agertu ziren Orioko Batzar Nagusira. Erabakiak, halaber, Artezkaritza Batzordeak egindako proposamenen aldekoak izan ziren, babes handiarekin. Babesik gutxiena jaso zuen proposamenak ere botoen %85eko onespena izan zuen.

ENTRESAKA: Aurten, bederatzi proiektu babestu ditu Elkartasun Ikastolak elkarteak. Baionako Bernat Etxepare Lizeoak, Hiriburuko Ametza ikastolak, Seaskaren Ikastolen Etxeak, Tuterako Argiak, Lodosako Ibaialdek, Bastidako ikastolak, Bilboko Harrobiak, Etxebarriko ikastolak eta Argantzungoak aurkeztutako eskariak izan dira

ikastola 221
2016 Abendua
221