IKASTOLA 220 > erreportajeak > Artezkaritza eta Zuzendaritza talde berrituekin hasi du ikasturtea Ikastolen Elkarteak

Ikastolen 2016-17 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia

Artezkaritza eta Zuzendaritza talde berrituekin hasi du ikasturtea Ikastolen Elkarteak

Jarraitzen dutenen esperientziarekin eta etorri berri direnen bultzadarekin, talde orekatu eta bikainak osatu dituzte

Iragan ikasturtearen amaieran onartutako aldaketak martxan dira dagoeneko ikasturte berriarekin. 

Artezkaritza Batzordean kide berriak sartu dira, eta Zuzendaritza taldean ere hainbat aldaketa egin dira, kide berriak sartuz, eta zuzendari nagusi berriarekin

Ordurako martxan baldin baziren ere, Ikastolen Ikasturte Hasierako Ekitaldian aurkeztu ziren Artezkaritza Batzorde eta Zuzendaritza Talde berrituak. Artezkaritzako lehendakari izaten jarraituko du Koldo Telliltuk, baina kide berriak ere izango ditu EHIren organo nagusiak. Besteak beste, lehendakariordea berritu da, Pasaia-Lezo Lizeoko Nekane Artolak hartu du orain arte kargu horretan egon den Arantza Manterolaren lekua (Haurtzaro ikastola, Oiartzun). Artezkaritzako idazkari karguan Xabier Arrietak jarraituko du (Lautada ikastola, Agurain), eta diruzain postuan Paxkal Indok (Manex Erdozaintzi ikastola, Lartzabale)

Zuzendaritza Taldean, berriz, Jose Luis Sukia da zuzendari nagusi berria. Imanol Igeregik, erretreta hartuta, utzi duen lekuan dago orain Sukia. Zuzendaritza Taldean kide berriak ere sartu dira. Ekitaldian aurreikusita ez bazegoen ere, inprobisazioa erabilita, zuzendari nagusi izendatu berriak  oholtzara igoarazi eta omenaldi txiki bat egin zion Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartea sortu zenetik hona kargu hori izan duenari. Aretoan bildutako guztien txalo zaparrada bildu zuen Igeregik.

Bi taldeak aurkezteko orduan EHIko lehendakari Koldo Tellituk karguak utzi dituzten kideen lana aitortu eta eskertu zuen, eta kide berrien sarrerak egungo lana hobetzea ekarriko duela esan zuen:  “Nabarmendu nahiko nuke, lehenbizi, talde bat zein bestea utzi dutenek egin duten lan handi eta garrantzitsua. Eskertu ere bai egin duten lan hori guztia”, esan zuen. “Belaunaldi aldaketa bat dator, halabeharrez, eta, zorionez, datozenak oso pertsona baliagarriak dira. Ziur naiz, haiekin hobetu egingo dugula orain artekoa”, gaineratu zuen.

“Jarraitzen dugunon esperientziarekin, batetik, eta etorri berri direnen bultzadarekin, bestetik, talde orekatu eta bikainak osatu ditugu bai Artezkaritza Kontseiluan eta baita Zuzendaritza Taldean ere. Hemen ere, berritzen ari gara, hobetzeko”, azaldu zuen.
Artezkaritza Batzordea

·         Koldo Tellitu Lehendakaria, Betiko ikastola (Leioa)

·         Nekane Artola Lehendakariordea, Pasaia- Lezo Lizeoa (Pasaia-Lezo)

·         Xabier Arrieta Idazkaria, Lautada ikastola (Agurain)

·         Paxkal Indo Diruzaina, Manex Erdozaintzi ikastola (Lartzabale)

·         Mikel Asiain Batzordekidea, Paz de Ziganda ikastola (Atarrabia)

·         Juan Carlos Gomez Batzordekidea, Urretxindorra ikastola (Bilbo)

·         Mikel Belar Batzordekidea, Ikasberri ikastola (Azpeitia)

·         Larraitz Mendikute Batzordekidea, Assa ikastola (Lapuebla de Labarka)

·         Christophe Texier Batzordekidea, Piarres Larzabal Ikastola (Ziburu)

·         David Oroz Batzordekidea, Andra Mari ikastola (Etxarri Aranatz)

·         Miren Josune Bañales Batzordekidea, Kirikiño ikastola (Bilbo)

·         Aimar Larrea Batzordekidea, Andramendi ikastola (Beasain)

·         Aitor Garate Batzordekidea, Aresketa ikastola (Amurrio)

·         Lierni Elortza Batzordekidea, Bernat Etxepare Lizeoa (Baiona)

·         Xabier Sanchez Batzordekidea, San Fermin ikastola (Zizur Txiki)

Zuzendaritza Taldea

·         Jose Luis Sukia Zuzendari nagusia

·         Abel Ariznabarreta Hezkuntza arduraduna

·         Patxi Xabier Olabarria Egonkortasun arduraduna

·         Mikele Aldasoro Curriculum arduraduna

·         Idurre Maortua Zerbitzuetako OKUko arduraduna

·         Beñat Azurmendi Haur Hezkuntzako OKUko burua eta Prestakuntza arduraduna

·         Belen Baztarrika Lehen Hezkuntzako OKUko burua

·         Manu Aurrekoetxea Bigarren Hezkuntzako OKUko burua

·         Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria

·         Josu Reparaz NIEko zuzendaria

·         Arantza Munduate Idazkaria

·         Koldo Aldabe Komunikazio arduraduna

ikastola 220
2016 Urria
220