IKASTOLA 220 > elkarrizketak > KIVAren bitartez eskola jazarpenari aurre egiten

Ageda Laraudogoitia, KIVA programaren Ikastolen Elkarteko koordinatzailea

KIVAren bitartez eskola jazarpenari aurre egiten

Ikastolaren komunitate osoak hartuko du parte

Gurasoen inplikazioa handia da proiektu honetan. Alde batetik, seme-alabak ondo ezagutzen dituztenez, sumatu dezakete aldaketaren bat gertatzen ari den, eta honen aurrean zelan jokatu eta zer egin azaltzen zaie proiektu honetan. 

Ageda Laraudogoitiak 33 urte daramatza Trapagarango Itxaropena ikastolan lanean. Aurrerantzean, ikastolako lana eta KIVA programaren Ikastolen Elkarteko koordinatzaile lana uztartuko ditu. Magisteritza tituluduna eta  Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan ere lizentziaduna da Laraudogoitia.

KIVAren inplementazioan lagunduko dion lan taldearekin batera Finlandiara prestakuntza jasotzera abiatu aurretik elkarrizketatu dugu.

Zer suposatuko du ikastoletan KIVA programa ezartzeak?

Jazarpen kasuen trataeran esku hartze sendoa eta ikasle guztien jarreretan eragiten duen programa da KIVA. Hots, biktima, erasotzaile, erasotzailearen laguntzailea eta ikusle isilak edo pasiboak kontuan hartzen dituena. Beraz, urrats bat aurrera egitea suposatzen du programa ezartzeak.

Gainera, KIVAren bitartez, ikastolaren komunitate osoak hartuko du parte eskola jazarpeari aurre egiten (irakasle, ikasle, guraso, jantokiko langileek … ), helburu batekin: ikasle guztiak salbu sentitzen direla eta haien ongizatea bermatzea. Horretarako, prestakuntza jasoko dute denek, bakoitzak bere esparruan zer egin eta nola bideratu ezagutuz. Horrekin, eskola jazarpenari erantzun bakarra eman nahi zaio, erantzun bateratua.

Horrez gain, Europako eta Ameriketako hainbat lekutan probatu dute programa, beti ere Finlandiako Turkuko Unibertsitatearen kontrolpean, eta denetan jazarpen kasuak jaitsi egin dira. Beraz, ezartzean emaitza onak izan dituen programa batek ziurtasuna eta konfiantza emango die ikastolei.

Bukatzeko, paisaia ere aldatuko da. Ikastoletako leku guztietatik KiVa txartelak agertuko dira eta patioetan dauden begirale edo irakasleek KiVa txalekoa eramango dute jantzita, gogorarazteko gure ikastoletan ez dela jazarpena onartzen.

Eskola jazarpenari aurre egiteko eta haren prebentziorako giltzarri izango da KIVA?

Pentsatzen dut giltzarrietariko bat izango dela arazo larri honi, jazarpenari, erantzun integrala eman nahi badiogu. Kontuan izanda, aurrez esan dudan bezala, emaitzak hor daudela eta arrakasta eta hobekuntza adierazten dutela.

Urtarrilean ezarriko da KIVA programa ikastoletan. Bitarte horretan, zer urrats egin behar dira

Udako opor ostean materialak euskaratzea izan da gure lehen urratsa. Bigarrena nirekin proiektua martxan jarriko duen lan taldea sortzea izan da. Urriaren 3tik 6ra Turkuko Unibertsitatean prestakuntza jasoko dugu. Gainera, ikastoletako langileak eta gurasoak prestatu behar dira programa honetan, KIVAn. Horrez gain, Ikastola bakoitzak sortu behar du bere KIVA taldea, jazarpen kasuak tratatuko dituen taldea. Dena prest egon beharko du urtarrilean ikasgeletan eta ikastoletan lanean hasteko.

Zu izango zara koordinatzailea. Lan talde bat ere izango duzu, ordea, inplementazioaren garairako.

Lan taldeko partaide bakoitzak hainbat ikastola hartuko ditu bere ardurapean prestakuntza emateko ikastola bakoitzeko proiektu arduradunei eta bertako inplementazioan sortuko diren oztopoetan eta zailtasunetan laguntzeko

Lan taldeko partaideak zazpi dira. Denak joango gara Turkura prestakuntza hartzera. Taldea sortu berria dagoenez, espero dut bidaia honetan aukera izango dugula elkar ezagutzeko eta talde sentipena garatzeko

Ikastolak gogotsu daude KIVA programa ezartzeko. Ikastola bakoitzean nola funtzionatuko du programak?

Lehen Hezkuntzan (6-12 urteko ikasleen artean) jarriko da indarrean, baina ikastola bakoitzak erabakiko du zein ikasmailatan hasiko diren lantzen; beti ere, Turkuko Unibertsitateko adituek ematen dituzten aholkuak kontuan izanda.

Gurasoen inplikazioa handia da proiektu honetan. Alde batetik, seme-alabak ondo ezagutzen dituztenez, sumatu dezakete aldaketaren bat gertatzen ari den, eta honen aurrean zelan jokatu eta zer egin azaltzen zaie proiektu honetan. Gainera, ikasgaiak seme-alabekin etxean indartzeko aukera dute, ordenagailuan dauden jolasak erabiliz.

Zer bitarteko material erabiliko da programaren ezarpenean?

Erabiliko den materiala Turkuko Unibertsitatean sortutakoa izango da. Materiala ikasle, irakasle, guraso eta ikastoletako beste langileekin lantzeko egin dute, hots, bakoitzak berezko materiala du; ikasleak gurasoekin etxean jolasak  egiteko barne.

Horrez gainera, materiala mota askotakoa da: horma-irudiak, liburuxkak, gidak, power point, pelikulak, jolasak … Material asko paperean dago, baina are gehiago digitalean.

Laburbilduz, material eta formatu ugari erabiliko da KIVA programaren ezarpenean.

ikastola 220
2016 Urria
220