IKASTOLA 218 > ikastolak > Ikasleen arte erakusketa ikusgai

Zurriola Ikastola, Donostia

Ikasleen arte erakusketa ikusgai

Okendoko Kultur Etxean, apirilaren 8tik hilaren bukaera arte

Zurriola Ikastolako arte batxilergoan dabiltzan ikasleen lanak dira

Zurriola Ikastolako arte batxilergoan dabiltzan ikasleen lanak dira erakusketan ikusgai ditugunak. Ilusio puntua nabaria da. Batxi 1 eta 2ko 16-18 urte bitartekoen produkzio artistikoak dira, ikastolan bertan egindakoak erronka moduan aurkeztuta; batetik, egoera errealari aurre egiteko: leku publiko zabal batean ipini, zintzilikatu ala txukun jarriz; eta, bestetik, hurbilduko denak gogoz ikusteko. Margolanak eta eskulturak dira gehienak, ikasle-obra bana, bakoitzaren gustukoena dena, izan marrazketa artistikoa, bolumena ala pintura. Apirilaren 8an inauguratu da, eta hilaren bukaera arte ikusgai izango da “artistak martxan” Zurriolako artisten erakusketa.

“Bisita ugari espero dituzte, horretarako ere lan handia egin baitute ikasleek”, hala kontatu digute batxilergo artistikoko irakasleek. “Gurasoak, lagunak eta auzokideak  hurbiltzeak motibatu egiten du, gauzak hobeto egiteko. Ikastolako beste ikasleak ere joango dira, handiek zer egiten duten ikustera.  Ia 40 ikaslek aurkeztu du bere lana, Okendo Kultur Etxeko areto txikian. Bigarren aldia da aukera hau izan dugula, plaza izan dugula egindako lana ezagutarazteko. Ikastolako ate irekietan ere obrak zintzilikatzen ditugu, baina kasu honetan lan ezberdinak dira. Zurriolan ikasitakoa eta bizitza erreala uztartzea da erakusketaren asmoa. Honela, alde batetik, gelan landutakoa bertan geratu ordez kalera irteten da; eta, beste aldetik, obra artistikoek garrantzia hartzen dute erakusketa-leku eta data zehatzak baitituzte”.

“Horrek ikasleei planifikazioa eskatzen die, motibagarri bihurtu ere, ikastolatik kanpo dagoen arte-errealitateko partaide bihurtuta. Lan oso ezberdinak ditugu ikusgai; bai ideia, teknika ala arte esparru aldetik ere. Norberak urtean zehar eginiko obra bat aukeratu du, eta horixe eraman du erakusketara. Ikasgaietan lantzen diren ikasgai anitzen erakusle direla, hala bolumena, marrazketa artistiko I eta II, nola ikus-entzunezko kultura, pintura edo diseinua ikasgaietan sorturikoak baitira”.

Erakusketa zuretzat ere zabalik dago, Donostiako Okendo Kultur-Etxean, Grosen, anbulategiaren pareko etxean, 10:00-14:00 eta 16:00-20:30. Sarrera doan.

ikastola 218
2016 Apirila
218