IKASTOLA 218 > ikastolak > Fallaren Maitasun sorgindua obra moldatzen ikastolan

Abusu Ikastola, Bilbo

Fallaren Maitasun sorgindua obra moldatzen ikastolan

"Adoptatu musikari bat" du izena proiektuan

Egitasmoak bost fase ditu.

"Adoptatu musikari bat" proiektuan ari gara parte hartzen DBH-3go ikasleok Bilboko Orkestra Sinfonikoak (BOS) antolatuta. Ara Cividian, BOSeko biola jotzailearekin batera Fallaren Amor Brujo/Maitasun sorgindua interpretatzen ari gara, gure bertsioa egiten, gorputz perkusioarekin, gelako musika-tresnekin, dantzarekin. Izan ere BOS eta Victor Ullateren balletak ari dira obra honetan, eta zeinen zortea izan dugun euren entsegu orokorra ikusi ahal izan dugula Euskalduna Jauregiko areto nagusian Carmen Linares cantaora ere bertan zegoela. Imajina zaitezte, halako sala handian 80 ikasle eta 8 irakasle baino ez garela izan entsegu orokorra ikusten, jantzi, efektu, irudi, argi eta guztiarekin! Gure emanaldia maiatzaren 16an izango da, BBK-ko aretoan, eta bertan lau ikastetxe (gure ikastola tartean) lau musikari adoptatuekin arituko gara.

"Obra honen inguruko lana ez da imitatzera mugatuko, aitzitik, hura birsortuko dugu, Manuel de Fallaren zenbait baliabide tematiko edo konposiziozkoetaz baliatuz. Horrela praktikaren eta sorkuntzaren bitartez DBHko ikasleak musika sinfonikora eta dantzara hurbilarazi ditugu, euren interesa pizten, BOS musikariei esker" kontatu digute Nagore Iturbe eta Nekane Zurutuza musika eta euskara irakasleek, hurrenez hurren.

Denboraldi honetan, BOS programazioan Victor Ullate konpainiaren Maitasun sorgindua ikuskizun koreografikoaren presentziaz baliatzen ari gara, zeina, nagusiki Fallaren balletean oinarrituta baitago.

Laugarren urtea da BOSek eskaintza hau egiten diela ikastetxeei. Guk lehenengo urtean parte hartu genuen, eta oraingoan ere eskura utzi digute.  Luxuzko egitasmoa da, gela maila osoak (32 ikasle) hartzen du parte, obra bat ber-interpretatzen dugu, eta gainera hori egiteko Orkestrako musikari baten laguntzarekin kontatzen dugu, lau saiotara etortzen dena gurekin bat egitera.

Egitasmoak bost fase ditu. Lehena lana aurkeztea da, eta parte hartzen duten lau ikastetxeetako irakasleokin eta BOSeko musikariekin prestatzea. Bigarrena, irakasleak ikasleekin proiektua lantzea ikasgelan, lehenengo ideia eszenikoak eta musikalak proposatuz. Hirugarrena, BOSeko musikariak ikasleekin sormen-fasea garatzea. Laugarrena, BOS eta Victor Ullate Ballet konpaniaren ardurapean, martxoaren 17an, Euskalduna Jauregian Maitasun sorgindua ikuskizunaren entsegu orokorrera joatea. Eta azkenik, ikasleen emanaldia antolatzea, euren konposizioak jotzen, kontzertu irekia eskainiz, ikastetxeak "adoptatutako" musikalarien partaidetzarekin.

Kontzertuan parte hartuko duten lau taldeek (gurea, Abusukoa, bat izanik) sortutako zatietatik "Suitea" joko da, bai talde handian (tutti) edo bakarka, proposamen hauen arabera:

Sarrera (tutti-k)

Sorginkeria (talde bakarra-k)

Kantak (talde bakarra-k)

Suaren dantza (tutti-k)

 

Istorioa dramatikoa da. Ekintza Andaluziako ijitoen artean gertatzen da, superstizio eta sorginkeriazko giroan, eta hildako maitalearen gertakizuna jasotzen du, zeinaren mamua suspertzen baita bere lekua bete nahi duen beste pertsonaia agertzen den bakoitzean. Izan ere Candelaren bizitza da. Bera Carmelorekin maiteminduta dago, baina hilda den senarraren espirituak torturatzen du, gauero berarekin dantza egiten baitu. Sorgin batek Carmelori aholkatzen dio Candelarekin Suaren dantza egiteko, haien maitasunaren erdian sartu den mamua urruntzeko ...

 

Guk gelan gure irakurketa egin dugu, eta gure elementuak sartuko ditugu dagoenari egokituz, adibidez gure erritmoa, gure euskal kantaren bat, gure tresnak, gure hitzak, eta bereziki gure interpretazioa. Abusuren Maitasun Sorgindua sortuko dugu. Gure bi ikaslek adibidez saxofoia eta gitarra ikasten ari direnez, euren ekarpena ere gehituko dugu, besteekin batera. Sormen lan handia dago. Egia esanda, lan handia egiten ari gara, baina oso gustura gabiltza!

 
ikastola 218
2016 Apirila
218