IKASTOLA 215 > elkarrizketak > Konfiantza dut zentzuz jokatuta hedatuko dela D eredua Nafarroa osoan
Nafarroako Ikastolen lehendakaria
Nafarroako Ikastolen lehendakaria
Nafarroako Ikastolen lehendakaria
Nafarroako Ikastolen lehendakaria
Nafarroako Ikastolen lehendakaria
Nafarroako Ikastolen lehendakaria
Nafarroako Ikastolen lehendakaria
Nafarroako Ikastolen lehendakaria
Nafarroako Ikastolen lehendakaria

Pello Irujo Amezaga

Konfiantza dut zentzuz jokatuta hedatuko dela D eredua Nafarroa osoan

Nafarroako Ikastolen lehendakaria

Iruñeko Uxue ikastola, 1936ko Gerraz geroztik Nafarroako lehen ikastola, sortu zela berrogeita hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldiak prestatzen ari dira Nafarroako ikastolak.

Eta Nafarroako Gobernu berria lanean hasi da. Zurrunbilo horren erdian harrapatu dugu Pello Irujo. 50. Urteurrena prestatzeko bilera batetik atera arazi eta grabagailuaren eta argazki kameraren aurrean jarri dugu Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria.

Berrogeita hamar urte dira aro garaikideko lehenbiziko ikastola sortu zela Nafarroan. Aukera ederra ikastolek Nafarroan egindako lana errepasatzeko, ezta?
Bai, eta hori izan da gure helburuetako bat, 50. urteurrenaren ospakizuna ikastolek Nafarroari eman diotena errepasatzea. Baina ez dugu horretan geratu nahi izan. Aurrera begira ere jarri nahi izan dugu.

Uxue ikastolaren 50. Urteurrena da hain zuzen ere. Dagoeneko ez dago ikastolari hori, zatitu egin baitzen eta bi ikastola sortu baitziren zatiketa horren ondorioz: San Fermin eta Paz de Ziganda. Eta ez San Ferminek ezta Paz de Zigandak ere ez dute Uxue ikastolaren 50. urtemuga berenganatu. Aitzitik elkarrekin eta NIErekin ari dira partekatzen urteurren borobil hori.
Naturaltasun osoz hartu zen erabaki hori. Pentsatu genuen, eta horrela da, Uxue ikastola lehenengo urratsa izan zela, lehenengo fruitua, berehala joan baitziren ikastola horretara beste herri batzuetan antzeko proiektuak ireki nahi zituzten pertsonak, eredua ezagutu eta haien herrietan ikastolak irekitzeko.
Orduan ospakizuna ikastola guztiena izan behar zuela ikusi genuen hasieratik, hamabost ikastolok elkarrekin antolatu eta ospatu behar genuela urteurren biribil hori.

Zeintzuk dira urteurren hau ospatzeko prestatu dituzuen ekintza eta ekitaldi nagusiak?
Denetarik prestatu dugu: Urriaren 29an, Fermin Erbitik Nafarroako ikastolen historiari buruz egin duen liburua aurkeztuko dugu. Nafarroa osoan ibili da ikastoletako guraso, ikasle eta irakasle historikoak elkarrizketatuz, eta horrela osatu du liburua.
Islandian euskaldunak hiltzeko baimena ematen zuen legea egin zutela 400 urte bete diren honetan, horren inguruko liburu bat ere prestatu dugu, modu berezi batean prestatu ere. Izan ere Renoko Unibertsitateko Basque Studies-etako zuzendari Xabier Irujok koordinatu du Nevadatik, baina idatzi Islandiako historialari batek idatzi du islandieraz. Euskarara, gaztelaniara eta ingelesara ekarri dugu, eta Uruguaiko Euskal Erria argitaletxeak editatu eta Elkar-ek inprimatu du.
Kirol aldetik hiru ekintza prestatu ditugu: Euskal Herri mailako igeriketa txapelketa bat; bizikletaz Paz de Zigandatik eta San Ferminetik aterata Jasora joan eta herri kirolak egin han; eta Nafarroako pilota txapelketa haranez haran.
Kontzertu berezi bat izango da azaroaren 7an. Oskorri egiten ari den despedida biraren baitan, ikastolen eskutik agurtuko da Nafarroan. Oskorri oso ondo portatu da beti ikastolekin. Urtero etorri izan da Nafarroa Oinez guztietara.
Amaitzeko gala bat ere ari gara prestatzen. Hau izango da ekitaldi nagusia. Azaroaren 26an izango da, eta Nafarroako ikastoletako pertsona historiko guztiak bildu nahi ditugu.

Urteurrena aprobetxatuz ikuspegi pedagogikotik ere ari zarete zer edo zer prestatzen, ezta?
Bai, halaxe da. Batetik, ikastola zer den azalduko duen argitalpen bat ari gara prestatzen, ikastoletako curriculumetan sartzeko asmoz, gure ikasleek jakin dezaten zein den gure eredua. Baina, era berean, gurasoentzat eta irakasleentzat ere baliagarria izango da.
Bestetik, berriz, Vianako Printzea Institutuarekin elkarlanean, Nafarroako hamabost ikastolentzako egitasmo bat ari gara prestatzen. Ikastola bakoitzeko ikasleek herriko monumentu bat aukeratuko dute eta haren inguruko lanketa bat egingo dute. Geroago, berriz, gainontzeko ikastoletako ikasleei aurkeztuko diete landu duten hori.

Ikusten da berrogeita hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldi eta aurkezpen guztiak Nafarroa Oinezen hitzordua igaro eta gerorako utzi duzuela.
Hori da. Guretzat oso inportantea da urteurren hau, baina ez du garrantzia txikiagorik Nafarroa Oinezek, eta batak besteari tartea jan ez ziezaion ahalegindu gara. Uste dugu, gainera, asmatu egin dugula.
Aurtengo Nafarroa Oinez ere oso berezia izango da, gainera, urte oso berezia baita hau. Izan ere, 2015ean betetzen ditugu 50 urte, Nafarroan 15 ikastola gara, Nafarroa Oinez 15 herrik osatzen duten haranean ospatuko da… Hori dena islatuta egongo da urriaren 18an.

Laburrean, mende erdi honetan zer ekarpen egin diote ikastolek nafar gizarteari?
Gure hizkuntzaren eta gure kulturaren iraupena eta sustapena azpimarratuko nituzke alde batetik, eta gure ereduaren emaitzak, bestetik. Azkeneko lau hezkuntza sailburuek pertsonalki eskerrak eman dizkigute egiten dugun lanarengatik
Pedagogikoki asko eman dugu; aitzindariak izan gara alor askotan: sexu bereizketarik gabeko gelak sortzen, eleaniztasuna bultzatzen, konpetentzietan oinarritutako pedagogia ezartzen…
Ikasmaterialetan ere aitzindariak gara. Nafarroako Hezkuntza kontseilari berria irakaslea izan da eskola publikoan. Berak aitortu zigun gure materiala erabili duela bere ikasleekin.
Eta gauza gehiago: ingurumenarekiko kezka eta hura zaintzeko ekimenak bultzatu ditugu. Azkeneko zazpi urteotan hiru baso landatu ditugu. 20.000 zuhaitz. Aurten Baztanen beste 8.000 landatuko dituzte.
Ez dakit ziur zenbat ikasle ohi garen ikastoletatik ateratakoak. Baina esango nuke gaur egun 6.500 ikasle izanik, 50 urteotan gutxienez 20.000 nafarrek aukera izan dutela ikastolan ikasteko, eta hezkuntza kooperatiba zer den ezagutzeko aukera izan dutela milaka gurasok.
Hori da gure mugimenduaren muina: kooperatibismoa, pedagogia emaitzak, konpetentzietan oinarritutako curriculuma, gure kultura zabaltzea...

Ikasle ohi batzuk, orain, Nafarroako erakundeetako buru dira, gainera.
Halaxe da, bai. Iruñeko alkatea ikastolako irakaslea da, Nafarroako lehendakaria ikastolako ikasle ohi eta gaur egun guraso kooperatibista, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria ikastolako ikasle ohia, eta beste hainbat alkate eta hautetsi … Esan daiteke, orduan, ikastolek normaltasun hori ere eraman dutela erakundeetara berrogeita hamar urte eta gero. Ikusten da normaltasun osoz hitz egiten dutela orain euskaraz erakundeetan, eta hori da azken 50 urteetan ikastolak egon direlako Nafarroan.

Berrogeita hamar urte pasa dira, ze puntutan, ze momentutan daude Nafarroako ikastolak?
Sarearen %10a gara, matrikulazioa %3an hazi gara azken urteotan. 6.500 ikasle ditugu hamabost ikastolatan. Ez  dut uste duela 50 urte inork pentsatuko zukeenik horrenbesteko oihartzuna lortuko genuela Nafarroako alde guztietan; Beratik Tuterara edo Vianatik Zangozara. Zoragarria izan da lehen esan ditudan beste arrazoi guztiengatik ere. Hori dena lan eginez lortu da, gurea lan egitea baita.

Zeintzuk dira une honetan premia nagusiak?
Handienak oraindik “ez euskaldun” bezala izendatutako lurraldeko ikastoletan ditugu, jangela eta garraio laguntzarik gabe dihardugulako. Ikastola horiek, ordea, ez dira herri ikastolak, eskualde ikastolak baizik. Adibidez, Tuterako ikastolara 40 herritatik iristen dira ikasleak; Lizarrakora 45 herritatik…
Euskararen Legean egin zen aldaketaren garaian alderdiekin hizketan aritu ginen, eta uste dut orduan planteatu genuen helegitea aurrera aterako dela, alegia, eskualde ikastola gisa hartuko dituztela ikastola horiek eta jangela eta garraio laguntzak jasoko dituztela.
Globalki, bestalde, beti aldarrikatu dugu ikastolak ez garela ez publiko eta ezta pribatu ere. Herri ekimeneko erakundeak gara, kooperatibak, bada kooperatiba gisa har gaitzaten eskatuko diogu Gobernuari, beste alorretan onartzen den gisan, Hezkuntzan ere onar gaitzatela kooperatiba garela.

Eta zeintzuk dira aurrera begirako erronkak?
Hurrengo urterako gure historian sakontzeko asmoa dugu. Nabarralderekin ari gara hitz egiten, gure irakasleei prestakuntza emateko Nafarroako historia zein den, gure herriaren historia zein den, gure historiaren errealitatea zein den. Hori aurten jarri nahi dugu martxan.
Nabarralderekin ere ari gara lantzen gure historiaren ezagutza balioztatzeko agiri bat proposatzea, euskararen gaitasun agiria dagoen bezala, historiarena ere egon dadin. Oraindik ez dakigu zer forma hartuko duen, baina horretan gabiltza.
Kalitatezko prozesuak ikastola guztietara eramatea ere nahi dugu, uste baitugu hamabostek egon behar dutela prozesu horietako batean.

Europari irekita gaude iaztik hona, eta horretan sakontzen dihardugu. Europar hezkuntza proiektuetan sartuta gaude; gure hezkuntza kooperatiben eredua azaltzen ari gara Europan, eta konpetentzietan oinarritutako proiektuetan ere ari gara, Finlandia, Ingalaterra, Belgikako eta Errumaniako hezkuntza erakunde batzuekin batera.
Konfiantzaren pedagogia ere ezartzeko asmoa dugu ia ikastola guztietan. Eta horri begira urratsak egitea planteatzen ari gara ikasturte honetan.
NIEKo barne funtzionamendua eta estatutuak berritzen ari gara. Ia dena onartuta dugu, baina hori martxan jarri beharra daukagu.
Europar kooperatibari dagokionez, berriz,  Nafarroako ikastola guztiak dagoeneko EHIren barruan egonda, ikasturte hau harreman guztiak eta elkarlana normalizatzeko ikasturtea izango da.

Itxaropentsu zaudete  ikastolok Nafarroako erakundeetan izandako aldaketa politikoa dela eta?
Bai, itxaropentsu gaude, beste sektore asko bezala. Uste dut lagunduko duela gobernu honek bestelako Hizkuntza eta Hezkuntza politika batzuk ezartzen. Baina guk geure bideari jarraitu behar diogu.

Hezkuntzari dagokionez, irakaskuntza publikoan D eredua Nafarroa guztira hedatuko da datorren ikasturtean.
Bai, eta horri lotu beharko litzaioke Hizkuntza politika osoan ematea aldaketa, eta ez soilik Hezkuntzari dagokionean. Nik espero dut Euskararen Legeari begira aldaketa gehiago egotea. Hezkuntzan bederen, ez dut zalantzarik datorren ikasturtean martxan jarriko dela D eredua irakaskuntza publikoan Nafarroa guztian. Hitz egin beharra daukagu D ereduaren hedapenaren gainean, baina konfiantza dut pausoak zentzuz emango direla. Kostatuko zaigu, baina uste dut beste sei hilabete ere baditugula gauzak buruarekin jokatuz egiteko.

Horren harira, Nafarroako hegoaldeko ikastolen publifikazioaren aukera iradoki duten adierazpen bat baino gehiago egon da azken asteetan. Zer dute ikastolek esateko horri buruz?
Nafarroako Ikastoletan euskaltzaleak eta kooperatibistak gara, "Ikastola" gure izena eta izana da, eta berezitasun propioak ditugu (berezko curriculuma eta material pedagogiko propioa, I+G+i,...). 45 urte daramagu Nafarroako hegoaldean, egunero-egunero sei ikastola irekitzen ditugu 1.100 ikasleri ateak zabalduz eta 120 langileri tokia eginez.
Legearen aldaketa ona da euskararentzat eta nafar guztiontzat. Zergatik ekarri beharko lituzke aldaketak gure ikastoletan? Prest gaude beste 45 urtez lanean aritzeko euskararen alde eta kooperatibismoaren eskutik, beti ere gure ikasle kopurua handitzeko helburuarekin eta gure langileen egoera ziurtatzeko asmoarekin.

Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarri zarete dagoeneko?
Lehen kontaktuak izan ditugu, elkar ezagutzeko, eta geure beharrak eta aldarrikapenak ezagutarazteko, baina oraindik ez dugu lan bilerarik egin.

Testu liburuen aferari dagokionez, nola dago gaia? Gobernu berriak ezabatuko du hainbat testulibururi ezarritako betoa?
Denbora eman behar diogu Gobernuari, baina gai hau mahai gainean jarriko diogu, noski. Bere momentuan gure desadostasuna agertu genion aurreko Gobernuari. Testuinguru berezia zen, hauteskunde giroan hartutako erabakia izan zen, guk ez genuen ulertu, Euskal Literaturako liburuak ziren, euskararen mapa agertzen zelako zentsuratu zuten. Noski, guk gure materiala legezkoa izateko lana egingo dugu. Dena den hau ez zen gure testuliburuen afera izan bakarrik. Edelvives eta Santillanaren liburuak ere debekatu zituzten.

 

Entrevista al presidente de las ikastolas de Nafarroa
Nos reunimos con Pello Irujo, presidente de las ikastolas de Navarra, para hablar sobre los actos de celebración del cincuenta aniversario de la que fue Uxue ikastola, la primera ikastola creada en Navarra después de la Guerra de 1936, sobre la puesta en marcha del nuevo Gobierno Navarra y sobre las necesidades y retos que afrontan las quince ikastolas de Navarra.

ikastola 215
2015 urria
215