IKASTOLA 213 > erreportajeak > "HOBEAK IZATEKO HABEAK"
XXII. Jardunaldiak - azala
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak
XXII. Jardunaldiak

Pedagogia aldaketak behar dituen oinarriak sendotzen

"HOBEAK IZATEKO HABEAK"

Ikastolen Curriculuma, ebaluazioa eta aniztasunaren trataera berria, ardatz.

Horrelako jardunaldien arrakasta neurtzeko aldagai desberdinak hartu behar dira kontuan: gaien aukeraketa, hizlari gonbidatuen aukeraketa, tailerren aukeraketa, jarritako helburuen betetze maila, entzule eta parte-hartzaileen gogo-betetze maila.

‘Hobeak izateko habeak’ zuten goiburutzat Ikastolen XXII. Jardunaldi Pedagogikoek. Iragan martxoaren 11n eta 12an egin ziren Gasteizko Goiuri Jauregian. Ikastolen curriculuma, ebaluazioa eta aniztasunaren trataera berria izan zituzten ardatz, gaurkotasun handiko gaiak eta elkarrekin lotura estua dutenak.

Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoetan aldagai guztiak bete ziren. Gaurkotasunez betetako eta elkarrekin lotura handia duten gaiak jorratu ziren: ikastoletan iragan ikasturtean ezarritako curriculum berria, euskal curriculumean ardaztua eta konpetentzietan oinarritua, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan aldaketa nabarmenak ekarri dituena, izan zen gaietako bat. Horri lotuta jorratu zen beste gaia ebaluazioarena izan zen, curriculum aldaketak ebaluatzeko modua ere irauli egin duelako. Paradigma aldaketak, era berean, gela kudeatzeko eta ikasle bakoitzaren gaitasunak azaleratzeko bide berriak ireki behar ditu, derrigor, eta horrek aniztasunaren trataera berria ekarri behar du, alegia irakaskuntza-ikaskuntza pertsonalizatuan sakondu egin behar da. Horixe izan zen jorratutako hirugarren gaia.

Aukeratutako hizlariak ere jorratutako gaien mailakoak izan ziren. Ikastolen Elkarteko curriculum arduradun Mikele Aldasorok jardun zuen curriculum aldaketak hobekuntzari begira dakartzan onurak eta erronkak azaltzen. Ebaluazioaz mintzatzeko, berriz, Malagako Unibertsitateko katedradun Angel Perez Gomezek hartu zuen parte jardunaldietan; konpetentzietan oinarritutako irakaskuntzan ibilbide luzea egina du Perez Gomezek, eta ebaluazioaz gain, aniztasunaz ere mintzatu zen jardunaldien bigarren egunean. Bartzelonako Unibertsitateko katedradun Javier Onrubiak ere hitz egin zuen aniztasunaren trataera berri baten premiaz, eta bideak ere erakutsi zituen nondik jo azaltzeko. Hiru hizlari horiek gizarte berri baten aurrean hezkuntzak jokatu beharreko egitekoez sakondu bazuten, jardunaldioi amaiera emateko Daniel Innerarity filosofo doktoreak gizarte berri hau, Ezagutzaren gizartea deiturikoa, zertan den azaldu zuen.

Jardunaldien irekiera ekitaldian EHIko lehendakari Koldo Tellituk adierazi bezala, dagoeneko hogeita bigarren aldia duten jardunaldiek erakusten dute Ikastolen Elkarteak prestakuntzari ematen dioten garrantzia, kanpora begira antolatuak izanik gehien ikusten direnak izanik ere, prestakuntzari dagokionean ikastolentzat antolatzen diren ikastaroen izebergaren punta baino ez diren arren.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza politika eta Kultura sailburu Cristina Uriarte hezkuntzaren garrantziaz mintzatu zen, eta jardunaldien leloa erabiliz, bere sailaren habe eta zutabeez hitz egin zuen.

Jardunaldietako bi egunetan 400 lagun inguru azaldu ziren hitzaldi eta tailerretara. Horietatik gehienak ikastoletako irakasle eta hezitzaileak, pedagogia arduradunak eta zuzendariak izan ziren –EHIko Artezkaritzako eta Zuzendaritzako kide ugarirekin batera-, baina baita beste ikastetxe batzuetakoak ere. Nabarmentzekoa da, baita ere, gonbidatuen presentzia handia. Jorratu ziren gaiek interes handia pizten dutenaren seinale, eta ez bakarrik ikastolentzat, berriki Eusko Jaurlaritzak onarturiko marko pedagogikoak ere konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren aldeko apustua egin baitu. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkarien presentzia handia izan zen jardunaldiotan. Cristina Uriarte sailburutik beretik hasita, bertan izan ziren baita ere, besteak beste, Arantza Aurrekoetxea, Jose Manuel Bujanda, Patxi Baztarrika, Begoña Garamendi eta Xabier Garagorri. Eusko Legebiltzarretik ere EAJ eta EH Bilduko hautetsien presentzia nabaria izan zen. Eskola Kontseiluko eta ISEIko ordezkariak ere bertaratu ziren. EHUko eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariak ere han izan ziren. EAJ, Sortu eta PSE-EE alderdietako, LAB sindikatuko, Elkar eta Ikaselkar argitaletxeetako eta euskaltegietako ordezkariak ere bertaratu ziren.

Hitzaldi eta tailerrak jarraitu zituzten irakasle eta hezitzaileen artean nabaria zen jardunaldiok probetxuzkoak izan zitzaizkiela. Goiuri jauregiko korridoreetan entzuten ziren elkarrizketetan bezala, gogo-betetze maila adierazteko banatutako orrialdeetan ere oso balorazio onak entzun eta irakurri ziren.

Gonbidatuek ere jardunaldien inguruko oso balorazio onak egin zituzten, bai aukeratutako gaiengatik, eta baita hizlariek erakutsitako mailarengatik eta emandako mezuengatik ere. Zenbaitek aitorpen publikoak ere egin zituzten galde-erantzunen txandetan.

Zertan hobetu beti badagoen arren, antolatzaileak ere oso gustura geratu dira aurtengo jardunaldiek emandako emaitzekin, baina dagoeneko hasi dira hurrengo urteari begira ere.

 

Mikele Aldasoro
Ikastolen Elkarteko curriculum arduraduna

“Pedagogia alorrean aldaketa esanguratsu eta kualitatiboen bidean goaz”

Euskal Curriculumaren baitan urteetan garatzen eta probatzen aritu ondoren, iazko ikasturtean jarri zen martxan ikastoletan curriculum berri eta berritzailea, konpetentzietan oinarritutakoa. Curriculum berriak, noski, aldaketak eskatzen ditu pedagogia alorrean, aldaketa esanguratsu eta kualitatiboak, Mikele Aldasorok azpimarratu duenez.

‘Curriculumaren aldaketa, hobekuntzarako aukera’ hitzaldia eskaini zuen Ikastolen Elkarteko curriculum arduradunak, Ikastolen XXII. Jardunaldi Pedagogikoetan. “Curriculum berri eta berritzailea ezarri dugu ikastoletan, konpetentzietan oinarritutakoa. Pedagogia alorrean aldaketa esanguratsu eta kualitatiboak exijitzen ditu eta bide horretan goaz”, laburbildu zuen Aldasorok.

Lehen aldaketa irakasle lanari dagokiona da, ikuskera aldaketa, hain zuzen ere: eduki edo jakintza transmisioaren ardura edukitzetik ikasleari oinarrizko konpetentziak garatzen laguntzeko zeregin nagusia izatera igaro baita. “Orain kontua ez da ikasleak zer dakien, baizik eta dakien horrekin zer egiten gai den; beraz, irakaslearen papera ere horretara bideratu behar da”.

Horri begira Ikastolen Elkarteak ikas-materialak garatu ditu, EKI proiektua, “pedagogia berrikuntza bat gelaratzeko bitarteko eraginkorrenak baitira ikas-materialak, curriculum diseinu baten azken zehaztapena baitira”.

Argi eduki behar da, dena den, ikas-materialak tresna direla; hobekuntzaren giltza, beraz, material horiek ikasgelan, ikasleek eta irakasleek erabiliz garatzea da, “ikasgela baita pedagogia berrikuntzaren giltza”.

Eta irakaslea, berriz, aldagai garrantzitsuena. Horregatik, aldaketa esanguratsu eta kualitatiboak egiteko irakaslearen prestakuntza gakoa da. Eta horretan dihardu Ikastolen Elkarteak. Prestakuntza saioak interesgarri eta emankorrak izan dira Aldasororen hitzetan. “Curriculum berrira egokitzeko zailtasunez gain, lorpenez ere aritu gara. Zailtasunak eta lorpenak baloratu eta partekatzeko foro eraikitzaileak bihurtu dira saio hauek. Nolabait, irakasleen arteko kooperazio kultura berreskuratu eta sakontzeko balio izan dute”.

Aldaketa ez da erraza izan, errotutako prentsatzeko eta egiteko ohiturak aldatzea dakarrelako. Horrek motibazioa, konpromisoa, esfortzua … eta denbora eskatzen ditu.

Ebaluazioa da, Aldasororen arabera, aldatzeko ohiturarik zailena. Baina ebaluazioa ikaskuntza indartzen eta haren kalitatea hobetzen duen jarduera gisa hartuta, ebaluazioaren funtzio hezigarria indartzea, beste biderik ez dago.

Eta ebaluazioarekin batera, ikaslearen auto-erregulazioa ere gakoa dela deritzo EHIko curriculum arduradunak, “ikasteko gaitasuna erlazionatuta baitago ikaskuntza auto-erregulatzeko gaitasunarekin; hau da, ikasleak jakitea zer ikasi behar duen, ikasitakoa baliatuz zer egiten jakin behar duen, zeintzuk diren ebaluazio irizpideak eta lorpen adierazpenak…”.

Azkenik, motibazioa ere gakoa da hobekuntzaren bidean. Irakasleak ikasleak motibatu behar ditu, beren buruengan eta gaitasunetan konfiantza izaten erakutsi behar die, auto-estimua lantzen, ikasteko motibatzen… Eta nola lortu hori? Aldasorok zenbait bide azaldu zituen: ikasleari eskakizun maila eskuragarria, baina ez hutsaren hurrengoa jartzen dioten ebaluazio irizpide eta lorpen adierazleak ezarriz; askotariko erregulazio tresnak proposatuz; zailtasunak antzeman eta haiei berehala aurre egiteko jarrera erakutsiz; ikasleen arteko laguntzak antolatuz, talde kooperatiboak sortuz.

 

Tailerrak

Ikaskidetza, irakaskuntza aktiboa, esperientziak eta berrikuntzak, tailerretan

Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoen bigarren zutabea dira tailerrak. Aurtengo ekitaldian hainbat egin dira, ikaskidetzan eta irakaskuntza aktiboan sakontzeko. Era berean, hainbat esperientzi eta berrikuntzaren berri izan dute irakasle eta hezitzaileek.

Ikaskidetza, ikasleen arteko lan kooperatiboaren kultura txertatzeko esperientziak, bideak eta aukerak lantzen aritu ziren Pasaia-Lezo Lizeoa eta Inmakulada eta Astileku ikastoletako esperientziak abiapuntu hartuta. Konpetentziak lantzeko bide gisa lan kooperatiboak dituen potentzialitateak zukutzen aritu ziren.

Irakaskuntza aktiboen tailerrean, berriz, Maria Galdeano pedagogoak gidaturik, ebaluazio hezitzailea edo ikasteko balio duen ebaluazioaz jardun ziren RM Azkue, Abusu, Bihotz Gaztea eta San Bizente ikastoletan esperimentatzen ari diren hobekuntza proiektuetan oinarrituta.

Ikasketa aktiboa beste modu batera ere jorratu zuten Maite Garmendiak eta Diana Lindsayk gidatutako tailerrean. Ikasleen parte-hartzea eta ikasketa aktiboa sustatzeko teknikak, material eta dinamika ezberdinak landu zituzten.

Txintxirri, Txantxiku eta Eguzkibegi Ikastolak DBHrako zein HHrako diseintatu dituzten hainbat  berrikuntza eta esperientzia ere dastatzeko aukera izan zuten Ikastolen XXII. Jardunaldi Pedagogikoetan.
 

Angel Perez Gomez
Malagako Unibertsitateko katedraduna

“Irakaskuntza pertsonalizatua eta ebaluazio hezitzailea hezkuntza aldaketaren giltza dira”

Bat ez, bi hitzaldi eman zituen Angel Perezek jardunaldietan. Ebaluazioaz eta irakaskuntza pertsonalizatuaz aritu zen.Bi-biak giltzarritzat ditu aro digitalaren garaian hezkuntzan eman beharreko errotikako aldaketan.

“Espainiar Estatuan oraindik XIX. mendeko hezkuntza sistema errepikatzen ari gara. Munduak, gizarteak, izugarrizko aldaketa izan du, baina hezkuntza sisteman apenas eman da transformaziorik, ez curriculumaren diziplinetan, ezta hura lantzeko sisteman ere”. Abiaburu horretatik, Angel Perezek hezkuntza sistema iraultzeko aldarrikapena egin du. “Iraultza horrek bi oinarri ditu: irakaskuntza pertsonalizatua eta ebaluazio hezitzailea. Aro digitalean hezkuntzak eman beharreko iraultzaren giltza dira”.

“Batere aldatu ez den hezkuntza sistema hau, informazio gabezia zegoen gizartean jendea muntaia-kateetan lan egiteko prestatzen zen garaikoa da. Norbanakoak informazioz betetzen ziren, beren bizitzan zehar informazio hori bera errepikatzeko. Egun, aldiz, informazioaren saturazioaren garaian bizi gara. Haurrek prozesatzeko gai diren baino askozaz informazio gehiago daukate ‘klik’ batera, eta gainera aldioro gaurkotua dago. Orduan, gaur egungo hezkuntza sistemaren gakoa ezin da informazioa izan, baizik eta norbanakoak informazio horrekin egiten duena. Hezkuntza sistema oinarritu behar da norbanakoa munduaren konplexutasuna ulertzen eta horren arabera jokatzen lagunduko dioten eskema edo mapa mentalak egiteko gaitasuna lortzera”.

Horregatik uste du Perezek hezkuntzak errotikako aldaketa behar duela. “Helburua dagoeneko ez bada informazioa lortzea, baizik eta ulertzeko eta ekiteko eskemak eta mapak egiten ikastea, ezin dugu jarraitu informazioaren transmisioa garatzen, denentzako bera, aldi berean, eduki berekin, erritmo berean eta azterketa berekin. Aitzitik, haur bakoitzaren bizi-garapena bultzatuko duen irakaskuntza bat behar dugu. Bakoitza eraikitzen joan dadin bere ulertzeko modua, bere jokatzeko modua, bizitza pertsonalean, akademikoan, sozialean edo profesionalean ezartzen dituen lehentasunak … eta guk, irakasleok, izan behar dugu bizitza-proiektu horretan ikasle bakoitzaren laguntzaile, kitzikatzaile, bide erakusle eta zuzentzaile. Horretan datza irakaskuntza pertsonalizatua, haur bakoitzari aukeratzeko askatasuna ematea, eta, ondoren, egin duen hautuarekiko erantzukizunak eskatzea”.

Irakaskuntza pertsonalizatuak, beraz, hautsi egiten du orain arteko curriculumaren egitura: “Beharrezkoa da diziplinetan oinarritzen ez den irakaskuntza probokatzea, eta egoeratan, problematan, proiektuetan eta kasuetan oinarritzen den irakaskuntza bultzatzea, diziplinak baliabide onena izango dira haurrak uler ditzan egoerak, problemak, proiektuak eta kasuak, natur zientzietan izan, gizarte zientzietan, artean, literaturan … baina proiektu errealetan oinarrituta”.

Irakaslearen egitekoa erabat desberdina izango litzateke: “Edukiak transmititzetik haur bakoitzaren garapen singularraren laguntzaile, erraztaile eta probokatzaile izatera bihurtu behar du”.

Baina trabak ez dira gutxi. Eta horien artean bat ikusten du Perezek, oso arriskutsua: errebalidak. “Haur guztiak modu uniformean, estandar komun batzuen bitartez ebaluatzeko joera berpiztua mehatxu izugarria da. Estandar komunen bitartez, arkatz eta orrialde batekin ahalik eta modu ekonomikoenean eginez, gainera, haur bakoitzaren jakintzaren behe mailako elementuetan sakontzen da. Eta horrek ez du ezertarako laguntzen. Errebalida horiek ez dira gai haur bakoitzaren singulartasuna eta kreatibitatea eta bizi-proiektua atzemateko. Eta gaur egungo gizarteak hori eskatzen du, nork bere singulartasunaren aberastasuna ematea bere talentu singularrak eskaintzea”.

“Haur bakoitzak beretzako bizi-proiekturik onena eraikitzen lagundu behar dugu. Horretarako, ikastetxean giro egokia sortu behar da, harremanetarako, kolaboraziorako, sostengurako eta askatasunerako. Askatasunik gabe ez dago erantzukizunik, eta haurrari askatasuna eman behar diogu, erabakitzeko askatasuna, eta, ondoren, hautatu duenarekiko erantzukizuna exijitu”.

Haurraren ikaskuntza laguntzea xede duen ebaluazio hezitzailea, orduan, irakasleek bakarrik egin dezakete Perezen arabera. “Ezin da kanpoko ebaluazio bidez egin. Irakasleak beste inork ez daki nola jokatzen duen haurrak, nola egiten dien aurre egoerei eta arazoei, noiz blokeatzen den eta ezin duen aurrera egin. Hori haurraren alboan dagoenak bakarrik egin dezake, haur bakoitzaren garapena erregistratzen duenak bakarrik, haren indarguneak sendotzen eta ahulguneak gainditzen laguntzen dionak bakarrik”.

Erreminta gako bat dago horretarako, Perezek ezinbestekotzat jotzen duena: portafolio edo paper-zorroa. “Haurrari ahalbidetzen dio bere ikaskuntza prozesuko mugarriak ezartzen, haur bakoitzak aukeratzen duena; era berean, haurra behartzen du bere hautaketaren arrazoiak azaltzea, komunikatzea eta besteei adieraztea”.

Perezek uste du ikasgeletako ratioak jaitsi egin beharko liratekeela hezkuntza sistema aldaketa hau bideratzeko. Hala ere, gaurko ratioekin ere badira norabide horretan lan egiteko aukerak: “Bai, egin daiteke, irakasleok gai bagara modu kooperatiboan lan egiteko, eta irakasle bakoitzaren gaitasun singularrei zukua ateratzeko. Ikasgela, taldean lan egitea… denok elkarrekin lan egin beharreko lurraldeak dira. Bikote edo hirukote pedagogikoa giltzarri da elkarri laguntzeko eta irakasle bakoitzaren gaitasunak aprobetxatzeko”.

 

Javier Onrubia
Bartzelonako Unibertsitateko katedraduna

“Lan egiteko modu malgu eta dibertsifikatua behar dugu, aniztasuna ongi tratatzeko”

Aniztasunaren trataera ulertzeko modu berri batez eta hura aurrera eramateko ikastetxeetan eta ikasgeletan pixkanaka xede horretara eramango duten ezaugarri berriak ezartzeko premiaz mintzatu zen Javier Onrubia, Ikastolen XXII. Jardunaldi Pedagogikoetan. Eskolak emateko eta antolatzeko moduak errotik aldatu behar direla deritzo Onrubiak, gero eta ikasle gehiagok parte har dezaten, ikas dezaten eta sar daitezen eskola horietara, beren ahalen, baliabideen, trebetasunen eta arrazoien bitartez eta etekinik handiena atera diezaieten.

“Aniztasunari erantzuteaz ari garenean, esan nahi dugu eskolak ematen eta antolatzen ari diren modua aldatu behar dela. Lan egiteko modu uniformea dago egun: ikasle guztiek lan bera egin behar dute, eta une berean; denek emaitza bera lortzea bilatzen da. Modu hori irauli eta beste modu malguago eta dibertsifikatuago bat ezarri behar da”.

Aniztasunari erantzutea, beraz, ez litzateke izango beharra duten ikasleen mesedetan egun egiten denari beste ekintzaren bat gehitzea, baizik eta aniztasunari erantzutea ardatz gisa hartuz eraikitzea gainontzeko guztia: “Ikasgelen funtzionamendurako egitura bat sortzea litzateke, antolaketa, eginkizun eta edukien ikuspuntutik, ikasgela inklusiboa egitea, ikasle gehiago sar daitezen sistema horretan eta inor kanpoan gera ez dadin zenbait gauza egiteko edo eduki batzuetara iristeko duten gaitasunaren arabera”.

Egungo ikasgelen ohiko eredua selektiboegia dela uste du Onrubiak, eta horrek ondorio latzak dituela: hainbat ikasle eredu horretatik kanpo geratzen dira hastapenetik edota ikasturte edo ibilbide akademikoan zehar, eta, aldi berean, ikasle horiek egin ditzaketen ekarpenak, horiek ere garrantzitsuak denentzat, alferrik galtzen uzten dira.

Horregatik malgutu behar dira ikasgeletako zereginak eta jarduerak, Onrubiaren iritziz, gaitasun, erritmo, interes eta arrazoi desberdineko ikasleak ere haietan parte hartzeko aukera izan dezaten. “Gaiaren muina da, beraz, ikasgelako zereginak eta jarduerak aldatzen saiatzea, eta baita irakaslearen egitekoak ere”.

Horrek ikasgela oinarrizko zenbait gauzatan aldatzea eskatzen du.

Aldaketa horietako bat da, Orubiaren esanetan, ohiko zeregin akademiko hertsi, indibidual, erantzun bakarreko eta prozesu bakarrekoetatik egiteko irekiago, konplexuago, errealistago, garrantzitsuago eta zentzuzkoagoetara igarotzea. “Idazten badugu, norbaiti zentzua duen zerbait komunikatzeko idatzi behar dugu, ez irakasleak zuzentzeko. Neurtzen badugu, neurri horrek beste zerbait egiteko balio baldin badigu neurtuko dugu. Historiako gertakizun bat aztertzen badugu, gertaera horrek ariketa bat egiteko edo orainaldia ulertzeko balioko digulako aztertuko dugu …”.

Ikasgelaren antolaketa ere aldatu beharra dago: “Eraketa indibidualista batetik eraketa kooperatibo batera igaro behar da, ikasleen artean elkarri laguntzeko elementuei probetxua aterako dien antolaketa bat behar da”.

Hirugarren aldaketak ebaluazioa ukitzen du. “Ikaste prozesuarekiko banatuegi dagoen eta froga agiriekin eta errendimendu indibidualarekin lotura handiegia duen ebaluazioa alboratu, eta ikaste eta irakastearekin lotura zuzena duen ebaluazio bat egin behar da, ebaluazio hezitzailea, ikaslearekin ‘feed-back’ jario etengabea lortu eta hari lagundu ahal izateko bere indar-guneak sendotzen eta ahulguneak gainditzen”

Azken aldaketa esanguratsuak ikasgelaren funtzionamendurako giroarekin du zerikusia: “Planteatzen dudan ikasgela ereduan funtsezkoa da erronkei aurre egin ahal izatea, hanka-sartzeak egin ahal izatea, galderak egin ahal izatea, ez dakizula esan ahal izatea, besteekin elkarlanean aritu ahal izatea … Konfiantza eta segurtasun giro bat sortzea beharrezkoa da, ikasleen eta irakasleen artean konplizitatea lortzea”.

Eredu horretara joateko ibilbidea mantsoa eta zaila dela badaki Onrubiak. “Izatez zaila da, berariaz da zaila egungo ereduak utzi eta berriak aplikatzea. Zaila da, kudeatzeko eta behatzeko abilitateak exijitzen dituelako, enpatiarako gaitasuna ere bai, eta eskola eman ahala hura egokitzeko gai izan behar delako”.

Horregatik, Onrubiak azpimarratzen duenez, ezin zaie irakasleei eskatu hori egin dezaten goizetik gauera, berehala eta gainera dena. Aitzitik gakoa urratsez urrats joatean datza, progresiboki aldaketa gauzatzen joatea: “Inklusioa eta ikasgelaren egokitzea ez da ulertu behar berehala lortu beharreko helburu gisa, baizik eta gogoeta eta hobekuntza prozesu etenik gabekoa bezala, euren bizitzentzat funtsezkoa den eszenatoki honetan gero eta ikasle gehiagok parte har dezan lortzeko. Horregatik denek egon behar duten eszenatoki bat da, ez batzuk bakarrik egongo direna”.

 

Daniel Innerarity
Filosofian doktore, Ikerbasqueko zuzendaria

“Gure ezjakintasuna kudeatzen ikasi beharra daukagu”

Aro berrirako behar den hezkuntza ereduaren oinarriez edo habeez hitz egin zen Ikastolen XXII. Jardunaldi Pedagogikoetan. Jardunaldiei amaiera emateko, berriz, aro berri hori zertan datzan azaltzen ahalegindu zen Daniel Innerarity; informazio gaindosiaren garaietan gero eta ezjakinago bihurtu garela, eta gure ezjakintasuna kudeatzen ikasi behar dugula azaldu zuen Ikerbasqueko zuzendariak.

Ezagutzaren gizartea deiturikoan bizi gara. Botereari eta diruari beste elementu bat batu zaio: jakintza edo ezagutza. “Gaur egun, jada ohikoa bilakatu da erakunde edo talde adimentsu edo inteligenteak sortu beharraz mintzatzea. Garrantzia duena ezagutza da, baina ezagutza gogoetatsua, ezagutza aktiboa. Jakintza mota berria da, ez tradizionala, ikaste prozesuari lotutako jakintza, ez onarpenari lotutakoa”.

Hori xede duen gizartea izan arren, gizarte horrek ezaugarri jakin batzuk ere baditu xede horretatik urruntze gaituenak: “Informazioaren eta teknologiaren aroa da. Informazioa, baina, gehiegizkoa da, informazio gaindosiaren garaia da. Eta teknologia, berriz, aldakorra eta iraungi erraza. Gaur egun arazoa ez da informaziorik eza, baizik eta gehiegizko informazioa. Prozesatzeko gai ez garen eta sekula lortuko ez dugun gain-informazio aroa da egungoa”.

Ezaugarri horiek, berekin, eta ezinbestean beste ezaugarri bat ekarri dute: ziurgabetasuna. “Ziurgabetasun handiko testuinguru bat dugu. Eta testuinguru horretan mugitzen ikasi behar dugu, dena jakin gabe. Gure ezjakintasun hori kudeatzen jakin behar dugu”

“Argi dago: gure aiton-amonak baino jakintsuagoak gara egun. Baina haiek zekitenaren eta ez zekitenaren arteko aldea askozaz txikiagoa zen, guk dakigunaren eta ez dakigunaren arteko aldea baino. Horrek halako sentsazioa uzten du guregan, gero eta ezjakinago ote garen”, dio Innerarityk.

Sentsazio hori ez da pertsonal edo indibidual mailakoa soilik, maila kolektiboan ere ematen da: “Gizateriaren gaur egungo erronkarik handienek, klima aldaketak adibidez, ezagutza konplexutasun ikaragarria exijitzen dute. Ezagutza kolektibo izugarria. Baina ezagutza hori bera ere ez da osoa izango. Hori dela-eta, ohitu behar dugu gure ezjakintasuna kudeatzen, ikasi egin behar dugu gure ezjakintasunetik erabakiak hartzen, eta informazio zati bakar batekin ekiten eta erabakitzen”.

Horrek, ondorioz, ekarri behar du konfiantza ere izaten, ezagutzaren eta irizpideen bitartez delegatzen ikastea. Hori zaila da ziurgabetasuna nagusi den munduan, baina are okerragoa litzateke, Innerarityren aburuz, konfiantzarik eza nagusitzea, nahiz eta horretarako arrazoiak egon badauden ere: “Azkeneko krisi ekonomiko erraldoi honen erantzule bat eta bakarra da: erabat seduzitu gintuen pentsatzeko modu bat da erantzulea, alegia, ekonomia zientzia zehatza zela uste izatea. Engainatu egin gintuzten. Horregatik adituen konfiantza eta fidagarritasuna gaur egun gizartearen eztabaida nagusietakoa da”.

Beraz, Innerarirtyren arabera, “ideala litzateke gai bakoitzeko eta unearen araberako konfiantza eta konfiantza ezaren arteko oreka egokia izateko formazioa jasotzea; baina halakorik ez dago”.

Orduan, erabakiak hartu behar dira, munduan jokatu behar da, aldagai guztiak ezagutzen ez ditugula, horrek arriskuak ekar ditzakeen arren. “Arriskua beti egongo da presente, baina arriskurik handiena arriskurik ez hartzea da”.

“Gaur egun balio handia duen gauzetako bat da zer jakin beharrik ez dagoen jakitea. Konpetentziarik nagusietakoa da ideia nagusi bat egitea, loturak ezartzen jakitea gauza baten eta bestearen artean. Informazioa ezagutza, jakintza, bihurtu behar dugu”.

Informazio gaindosiak trabak jartzen dizkio, ordea, gogoetari: “Informazioz bonbardatutako gizarte honek pentsatzeko eta gogoetarako lekurik ez du uzten, etengabea baita. Gogoetatzeak, pentsatzeak, berriz, eten bat egitea eskatzen du, zurrunbilo horretatik irtetea eskatzen du”.

ikastola 213
2015 Apirila
213